Hil artean bizi - Andere Arriolabengoa
Andere Arriolabengoa –
Andere Arriolabengoa Bengoa (Aramaio, 1982) 16 urterekin hasi zen bertsotan Aramaioko Bertso-Eskolan. Arabako Eskolarteko Txapelketan, San Prudentzio sariketan, Bertxoko Sariketan, Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu du. 2010eko Arabako Kuadrilla artekoan txapelduna izan zen Aramaioko taldean. Arabako Bertsolari Txapelketaren Talde Antolatzaileren kidea izan da eta Arabako Bertsozale Elkartearen zuzendaritzan Sustapen arduraduna izan da.
Doinua: Mendian gora haritza
Bulto bat bular tartean
sentitu dut dutxapean
nire burua galduta dago
zalantza artean.
Ta medikura joatean
erantzun baten eskean
nola aldatu leiken bizitza
segundo batean.
Metastasia dudanez
sendagairik ez da berez
ezin liteke, ez dut ulertzen
azaldu mesedez
Beteta nago beldurrez
onartzen ez daukat errez
bizitzen zerbait ikasten dugu
hiltzen ordea ez.
Malko gazien umela
bizipozaren kartzela
errezena da gaur bizitzea
hil banintz bezela.
Erabaki dut bestela
eraikitzea ahal dela
bizigarria den bizitza bat
hiltzen nabilela.
Naiz señora ipurtarin
umoretsu ta atsegin
beti kantuan, dantzan, pandero
ta gitarrarekin.
Ta jarraitu nahi dut berdin
etxean zein lagunekin
maite nautenek oroit nazaten
irripar batekin.
Familia, lagun talde
eta alaba nerabe
zuek zarete bizitzan eusten
nauzuen zutabe.
Nire altxor ta ondare
nire armiarma sare
hamaika aldiz erori neike
lurra ikutu gabe.
Ustekabeko minbizi
nahiz sentitu injustizi
bihur gaitezen beldurrik gabe
“disfrutona” bixi.
Guk bihurtzen dugu krisi
izan leikena gutizi
ikasgai bat ta bakarra da
hil artean bizi.