Hernaniko eta Iturengo gutiziak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak
Hernaniko eta Iturengo gutiziak –
Sukaldaritzari lotutako programa izango da igandekoa. Batetik, Basque Culinary Center-en kantatutako bertsoaldi onenak izango dira ikusgai, eta baita Iturengo Kontu Eguneko bazkalosteko une gogoangarrienak ere. Eta hiru sukaldariren hitzak ere bilduko ditugu: Iturenen sukaldean aritzen diren Kristina Juankorena eta Marijose Apeztegiarenak eta Juan Mari Arzakenak.
Sukaldaritzak eta bertsolaritzak harreman estua izan dute urte luzeetan. Horren lekuko izango da igande honetako Hitzetik Hortzera. Sukaldea gai bilakatutako bi saio izango dira programaren ardatz.
Kontu Eguna Iturenen
Ezagunak dira Iturengo Inauteriak. Azkeneko egunean, Kontu Egunean alegia, bazkaria egin ohi da herriko ganbaran, asteko kontuak egin eta festak merezi bezala borobiltzeko. Urtero-urtero bertsolariak aritu ohi dira bazkalostean kantuan, eta aurten ere Amets Arzallus eta Iker Zubeldiak kantatu dute, urtero bezala giro beroan. Saioko bertsoaldi onenak bilduko ditugu igandeko programan.
Horrez gain, saiorako bazkaria prestatzen aritu ziren Kristina Juankorena eta Marijose Apeztegia elkarrizketatu genituen beren lanaren berri jakin eta Iturenek eta bertsoak duten harreman bero horren nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Gutiziak Basque Culinary Centerren
Aste honetako bigarren saioa Basque Culinary Centerren grabatua izango da. Otsailaren 17an Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Unai Agirre aritu ziren bertan kantuan, Aitor Mendiluze gidari zutela. Sukaldaritza gai hartuta aritu ziren kantuan, eta saio umoretsua osatu zuten.
Gaur egungo sukaldaritza modernoaren berri gertuagotik ezagutzeko Juan Mari Arzaken sukaldera ere joango gara bisitan, eta bertsolaritzarekin duen harremanaren berri ere emango digu.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.