Hau dena aldatu nahi nuke

Hau dena aldatu nahi nuke –

Irati Majuelok Argia aldizkarian egindako idatzia.


Ez da kasualitatea bertso saioaren kronika. Ekainaren 26an Iruñean, Katakraken.

Hau dena aldatu nahi nuke
Argazkia: XDZArgazkia: XDZ

Gorputz publikoak gara plazan. Gorputz publiko bihurtu gara oholtza gainean, eta oholtzapean. Gure ahotsak diskurtso egin ditugu. Ikusgarri gara orain eta horrek susmagarri egiten gaitu. Gure aurretik zetozenek bidea ireki eta haiekin ibiltzera gonbidatu gintuztelako gara bertsolari orain eta hemen. Bertsotan zergatik jarraitzen dugun mila eta bat aldiz pentsatu arren. Eta pentsatzen jarrita, pentsatzen duten buruak ere bagara, hausnartu, ikertu eta zalantza egiten duten buruak. Barre egiten diegu gure buruei, umorea maite dugu, umorearen bertikaltasuna beste inor azpiratzeko erabiltzen ez badugu. Gure lagunekin kantatzea gustatzen zaigu, taldea gara, eta horregatik, zenbaitetan, aulki bakarrean guztion bandera eusteaz nekatzen gara. Horregatik eta horren kontrara, basa oihanean sartzen garen kontraesanak gara. Emakume* bertsolariak gara, bertsolari eta emakume*, bertsolaritzari ikuspegi feminista emateko prest. Ez baitugu kasualitate izaten jarraitu nahi.

Saiakera egin arren, ezin ditzaket artikulu honetara ekarri Bertsolaritza genero ikuspegitik ikastaroan konpartitu genituen ideia guztiak, aberatsa bezain intensoa izan baitzen bi egunez elkarrekin bizitakoa. Ez da kasualitatea UEUko udako ikastaroen baitan antolatu eta plazak azkar batean betetzen hastea. Izan ere, emakume* bertsolariek aspalditik izan dituzte gai honi buruzko kezka eta aldarriak hizketagai; plaza hartu zutenetik, Kristina Mardarasek, Arantzazu Loidik eta Estitxu Arozenak mahai-inguruan azaldu digutenez. Bertso saio osteetan, etxera bueltako autoko elkarrizketa luzeetan, Askizun eta Artaunsoron egindako topaketetan eta ahalduntze bertso eskoletan lantzen joandakoa izan da, beraz, Iruñean familia giroan azaleratutakoa. Ikastaroa baino areago, bertsoaren mikromunduko komunitatearen zalantzak eta diskurtsoak errotu eta galdera berriak planteatzeko plaza irekia izan da Katakrakeko aretoa.

Bi egunak borobiltzeko bertso saio musikatua eskaini ziguten Saioa Alkaizak, Nerea Elustondok, Miren Amurizak eta Maider Arregik, Danele Sarriugarteren gaiez eta Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikaz lagundurik. Kausalitate handia behar da lau emakumek* oholtza bera konpartitzeko, eta aukera ongi probestu zuten lau bertsolariek, umorez zein sakontasunez kausalitate horri abesteko. Honaino nola iritsi diren pentsatzen hasi eta inoiz jarri ez dizkieten gaiak atera zituzten kantura, norbere buruari barre eginez kritika fina egiteko. Egunerokoan gai diren gaiak ere ez ziren falta izan, jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean gurasoek dituzten beldurrak eta La Manadako kasua, esaterako. Arratsalde iluntzea gertu zegoen ordea, eta bi egunetako astindu mentalaren ostean, umorea behar zuen bai publikoak, baita bertsolariek ere. Kontraesanak lotsarik gabe agertu ziren mikro aurrean: martxoaren 8aren ostean sindikatuan bizitako aje emozionala, kuadrillakoek lagun baten ile-mozketari egindako kritikak, alaba feministaren eta ama dibortziatu berriaren arteko harremanak, bertsolari mediokreen gorazarrea, bolleren dudak. Kontraesanez kontraesan, barrez leherrarazi zuten entzulea. Eta amaitzeko, aldarria: hau dena aldatu nahi genuke.

Hau dena aldatu nahi nuke
Hau dena aldatu nahi nuke