Harriaren mintzoa
Harriaren mintzoa –
Itziar Ugarte Irizarrek Berria egunkaran egindako idatzia.
Euskal Herrian barreiatuta dauden 21 bertsolariren eskulturak «hizketan» jarri ditu Koldo Izagirrek ‘Bertsoaren harria’-n; bertsoa, narrazioa eta irudia uztartuta
Etxetik heldu zitzaion Koldo Izagirreri (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) bertsoarekiko zaletasuna; amak «gorroto» zuela dio, baina aitak ez; aita buruz zekizkien bertsoak kantatzen aritu ohi zela, Bilintxenak eta Txirritarenak, eta giro horrek harrapatu egin zuela bera nonbait. «Oso umetan hasi nintzen bertsoa maitatzen. Beraz, logikoa zen noiz edo noiz halako zerbait egitea». Zerbait hori berak ere «zer den» azaltzen ez dakiela esan zuen atzo, lana aurkeztean, baina bada umetatik gaur arte iraun dion zaletasun horren erakusle. Bertsolarien gorazarrez eraikitako 21 eskultura batu ditu liburuan, Euskal Herrian barreiatuta daudenak. Eta haiei eman die hitza, «21 bakarrizketarekin» osatuz lana: Bertsoaren Harria.
Egileak bederen ezagutzen dituen denak dira liburuan jasotako hogeita bat eskulturak, egon badauden arren bertsolari gehiagoren omenezko plakak eta bestelako oroitarriak. Liburuan jasotako hogeita bat eskulturak, Araban salbu, Euskal Herriko beste sei probintzietan topatu daitezke: Basarri, Zarautzen (Gipuzkoa); Joan Etxamendi, Luzaiden (Nafarroa); Mattin, Ahetzen (Lapurdi); Balendin Enbeita, Bilbon; Pedro Mari Otaño, Zizurkilen (Gipuzkoa); Manuel Lasarte, Leitzan (Nafarroa)… Ez hasieratik, baina lana aurreratzen zihoan heinean, argi ikusi zuen idazleak horiei, eskulturei, eman behar ziela hitza, «beren kontuez eta besteenaz» mintzo zitezen.
Bertsoaren harria «era liriko batean» azalduta, zera litzateke Izagirrerentzat: «Bertsoaren harria ihartzen ez den lorea da, lizuntzen ez den ogia, goroldiorik atxikitzen ez zaion harria da». Baina hori baino gehiago ere bada: «1960ko hamarraldian eskultoreek harria deskubritu nahi zuten, deskubritu nahi zuten zer zen bertsoa. Orduan gure kulturaren erakusgarri bakarra, hasten ari zen arte modernoarekin batera, bertsolaritza zen. Literaturak ez zuen ezertarako balio, gerra aurreko modeloak jarraitzen ziren, oso atzeratutako literatura bat genuen. Bertsolaritza, herri hizkeraren transmisorea izateaz gain, gai berriak helarazten zituena zen, beste inola ere zabaldu ezin ziren mezuak». Garai hartako eskultoreak horretaz jabetu ziren: bertsolaria «pertsonaia publiko moduan» deskubritu zuten, eta orduan hasi ziren haiek harri gainean zizelkatzen. «Bertsoaren mitoa, Quousque tandem, ‘benetako euskalduna bertsolaria da’… horrelako kontu asko izan genituen garai horretan». Bertsolariei egin zitzaien aitortza horrek eragin nabarmena izan zuen euskal kontzientziaren transmisioan, Izagirreren arabera. Kantagintza modernoan utzitako arrastoa ipini zuen adibidetzat: «Ikusi besterik ez dago Mikel Laboaren diskografia, esate baterako, edo Benito Lertxundirena».
Alde lirikoaz haratago, bertsoaren harria akidura baten isla ere izan daitekeela aipatu zuen Izagirrek: «Bertsolariaren nekea, bertsozaleok ikusten ez duguna, nekearen ondoren berriz bertsotan jardun behar izatea, gai traketsak aurrera atera behar izatea, kultu usteko askoren mespretxua irentsi behar izatea…». Gogora ekarri zuen iragan mendeko bertsolariek traba eta isunen giro batean kantatu behar izan zutela sarri. «Horrek guztiak eragin handia izan zuen gure belaunaldian».
Herriz herri, behin baino gehiagotan bisitatu ditu eskulturak Izagirrek, eta argazkiak egin dizkie, liburuan jasota geratzeko gero. Irudiekin batera, eta, batez ere, hitzez osatu du kontakizuna. Orduko bertsolarien memoriak eta beste hainbat idatzi —bibliografia oparoa aitortu du lanaren azkenean—arakatu ditu horretarako, eta hutsuneak sumatu dituenetan fikzioa baliatu du narrazioa osatzeko. «Idazleok daukagun ausardia horrekin, baina ez oinarririk gabe».
Irudia, narrazioa eta bertsoa izan dira argitalpenaren ardatzak. Bertsoaren alorra nola jaso, Iñaki Murua bertsolariari eskatu zion iritzia Izagirrek. Muruak berak azaldu zuen atzo zein aholku eman zion: «Bertsoa kantatu eta ahoz ematekoa dela, entzuteko eta entzunda jatekoa, orduan idatzi ere, kantatuta bezala egitearen aldekoa nintzela esan nion; bestela, irakurtzean, bertsoaren sena galdu egiten delako». Izagirrerentzat, «ezinbesteko» gomendioa izan zena: «Narrazioen jarraipena egin nahi nuen bertsoekin, era literarioan kopiatuta. Baina Iñakik egindako apunteekin konturatu nintzen ezetz; sekulako desastrea egingo nuke bertsolariek berek traba aurkituko balute bertsoaren transkripzioan».
Ondare bat bilduta
Eskulturatik eskulturara, bertsoaren eta bertsolaritzaren historiako hainbat puska josi ditu Izagirrek liburuan. Idazlea izan zen Lankuren atea jo zuena, «argitaletxe homologatuetan» sarbiderik izango ez zuen lana zelakoan. Lankun ere, ordea, ez zuten hasieratik garbi ikusi proposamena, Marta Agirrezabalaga koordinatzaileak aitortu zuenez. Hausnartu ostean konturatu ziren bertsolaritzaren transmisioan bere alea jartzen duela lanak: «Euskal Herriaren ondare eder bat deskubritzen du liburuak; ondorengo belaunaldiei transmititzeko modu interesgarri eta polit bat da». Liburuan jasotako ondare material zein immateriala ezagutarazten jarraitzeko, hitzaldiak lotzen ari direla aurreratu zuten.
Lazkao Txikiren eskultura baten zatia eraman dute liburuaren azalera. Bildutako eskultura asko bustoak dira, baina gerriz gorako batzuk ere badira, eta Lazkao Txikirena da bat. «Bertsolariak eskuak gerrian agertzen dira horietan, baina Lazkao Txikik oso modu malenkoniatsuan dauka eskua jarrita. Garai bateko aldaba gogorarazten dit; aldaba jotzen zuen eskuak nola eusten zion bolari».