Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate: "Egin den lanketarengatik egin zaigu hain natural oholtzara ateratzea"
Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate –
Joanes Etxebarri, Ipar Euskal Herriko Hitzan.
Haira Aizpurua Ibargarai eta Irantzu Idoate Funosas
Belaunaldi berekoak, bertsolariak, hainbat lehiaketaren irabazleak… Lehian usu parekatuak izanik ere, bertsokideak dira Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate.
Azken urteetan, Ipar Euskal Herriko hainbat gazte lehiaketatan lehen eta bigarren izan ohi dira bata eta bestea. Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006) Baionako Bernat Etxeparte lizeoan da, Terminalean; Irantzu Idoate Funosas (Hazparne, 2005) Antropologia ikasle da Donostian. Lehena Xilaba gazteen Ipar Euskal Herriko eskolarteko finalean ariko da bihar, eta bigarrenak Hernandorena gazte sariketa irabazi zuen maiatzaren 11n.
Batak nola ikusten du bestea bertsolari gisa?
HAIRA AIZPURUA IBARGARAI: Irantzu eskolarteko txapelketari esker ezagutu nuen. Konfinamenduaren ondoren hasi ginen taldean elkartzen bertso eskola batzuk egiteko, eta elkarrekin aritu gara eskolartekoetan. Laguntza bat izan da, goxo baita izatea holako kide baten laguntasuna.
IRANTZU IDOATE FUNOSAS: Enetzat ere, eskolartekotik, Haira bidelaguna da. Bertsolari ona biziki, lagungarri zait oholtza gainean, eta ona da, ausarta. Nik ausardiarik ez nuen garaietan beti miretsi dut bere ausardia.
Bertsotan gazte hasi zineten eta maila ona erakutsi duzue. Hain gaztetatik sariketak eta txapelketak irabazteak presio bat ekartzen du?
IDOATE: Erranen nuke presioa sentitu izan dudala, nahi ala ez, oraindik ere bertso mundua bideratua delako lehia horretara eta garaipen pertsonaletara. Bereziki, eskolarteko garaietan nabaritu nuen anitz, Hairarekin bazelako joko bat, ea nork irabaziko zuen. Buruan duzu etengabe azkenean txapel batek ekarriko dizkizula beste saio batzuk, edo ez. Horren arabera jokatzen da, oro har, zure ibilbidea. Egia da maila horretan presioa sentitu dudala, neure buruari jarria baina kanpotik ekarria ere bai. Azken urte parean lanketa bat egin dut horren inguruan, eta uste dut presio txikiagoa ematen diodala neure buruari eta beste gauza batzuetan zentratzen naizela. Beti pozgarri da irabaztea, hori hola da, baina beste helburu batekin ari naiz, ez hain itogarria.
AIZPURUA: Eskolartekoen hasieran biziki gazteak ginen, eta lehen aldia delarik eta ez zaituelarik nehork ezagutzen, ez duzu batere presiorik. Badituzu zu baino handiagoak zurekin, eta trankil hartzen da. Lehen txapelaren ondoren bai, baina erranen nuke ez nintzela baitezpada ohartu. Orain ohartzen naiz. Beharbada lehenago ez zen hala ez nuelako nahi, ez nuelako gogorik presioa ukaiteko. Kanpotik nahi dute gure maila onena ematea, baina guk ere geure buruari ematen diogu presioa eta batzuetan geure buruari galdetzen diogu ahal dena baino gehiago. Gaur egun nik ere uste dut beste manera batez ikusten ditudala gauzak; lasaiago hartzen ditut txapelketak, eta beste ikuspegi batetik.
«Ene ustez, deus baino gehiago xantza bat da ukaitea adinkide bat ber ideiak dituena, elkar elikatzeko manera bat izaten ahal delako horren kontzientzia duzularik». HAIRA AIZPURUA IBARGARAI
Sentitu izan duzue bien arteko lehia batean kokatu izan zaituztetela?
AIZPURUA: Uste dut jendea joaten delarik txapelketa batera eta uste dutelarik bi bertsolarik irabazteko xantza ukanen luketela irabazteko, naturalki joaten direla saltsa horretara. Hori txapelketan; gero tokatu zaizkigu saio batzuk ez zirenak batere errazak. Txapelketakoak ez diren saioetan ez nuke erranen jendea joaten dela ikustera ea nor den hoberena. Larresoron ukan genuen saio batean, bi gazteenak ginen, eta bidea elkarrekin egiten duten bi gazte ginen azkenean. Inguruak oraino gehiago lehian nahi gaitu; hoberena izan behar da, eta, beraz, bestea baino gehiago. Ene ustez, deus baino gehiago xantza bat da ukaitea adinkide bat ber ideiak dituena, elkar elikatzeko manera bat izaten ahal delako horren kontzientzia duzularik. Ez baduzu kontzientzia hori, erortzen ahal zara lehiaren tranpa horretan.
IDOATE: Lehiarena sentitu eta aipatu izan dugu gure artean ere. Hasi ginen zinez momentu berean, lehen eskolartekoa biek egin genuen elkarrekin… Uste dut ahalegin aktibo bat dela haustea lehiakortasun eta kontrakotasun hori. Azkenean, biak gazte izatea, biak plazetan aritzea, biak neska izatea… Gauza askoz gehiago dira elkartzen gaituztenak banatzen gaituztenak baino. Horri lotzea komeni zaigu. Hairak istante fini du eskolartekoarekin, bukatu da garai hori, eta orain beste fase batean gaude. Uste dut ahalegin aktibo bat dela haustea lehiakortasun eta kontrakotasun hori. Bidelagun izateko prozesuan gara gehiago, Haira kide bat da, eta elkarrekin kantatzeak on egiten digu.
Nola ikusten duzue zuen belaunaldia? Bertsotan hasi eta segitzen dutenen artean jendea galtzen da?
IDOATE: Azken bost urteetan erranen nuke alimaleko loratzea izan dela. Kolpe batez, eskolartekoan, izan ziren parte hartzaile anitz, eta oraino atxikitzen da parte-hartzaile kopuru jakin bat. Zerbaiten seinale da: bertso eskolak indartsu direla, eta abar. Baina badakigu eskolartekoa bukatzean iristen dela hutsune bat bertsolari gazteentzako. Oraindik, nahi ala ez, hautaketa bat egiten da edo ikusiak direnak deitzen dira. [Bertsularien Lagunak] elkartetik lan bat egiten da bertsolari horiei plazak eskaintzeko, Haizea dator egitasmoarekin bezala, zeinak lizeoko eta bertsolari gazteak elkartzen dituen, eta badira beste plaza batzuk taldekako txapelketarekin. Baina bidean galtzen ahal dira bertsolari batzuk, bertsolari on anitz.
AIZPURUA: Eta ez bazara baitezpada sartzen bertsolaritzaren zurruntasun horretan, ez badituzu eskolartekoak irabazten eta ez bazaituzte deitzen, ez da baitezpada erraza. Haizea dator bezala, kolegioan edo lizeoan garelarik, eskoletara joaten gara bertso irakasleekin; hor baduzu parada zure eskolakoekin kantatzeko besteen aitzinean, eta momentu onak izaten dira. Azken urteetan Lapurdiko anitz ginen, baina baxenabartar eta zuberotar guti. Aurten, Nahia Etxeberri ari da kantatzen; beraz, bada baxenabartar bat.
«Etxepare lizeotik pasatu diren guztiek gauza bera erranen luketela uste dut: biziki espazio goxoa eta aberasgarria da». IRANTZU IDOATE FUNOSAS
2012ko Xilabako finalean, Maddi Sarasuak agurrean Bernat Etxepare lizeoko bertso eskola aipatu zuen. Zuentzat zer leku du edo izan du lizeoak?
AIZPURUA: Kolegioan ginelarik, bazen bertso eskola bat, baina parte hartzen genuenak ez ginen berdin ikusiak; kasik gutxietsiak ginen bertsolariak. Aldiz, lizeoan ez zen gauza bera: sumatu nuen bertsoak bazuela inportantzia handiagoa eta eskertzen zela bertso bat kantatzea egitasmo batean. Integratua sentitzen zara, ez gehiago, baina integratua bai. On egiten du ikasten duzun lekuan zure aktibitateak lekua ukaiteak eta onespena ukaiteak. Ni ez naiz izan lizeoko bertso eskolan, baina beti harremana ukan dut bertso eskolakoekin, eta hortik harremanak sortzen dira.
IDOATE: Egia da; agian, adin tartea desberdina delako, nabaritzen da interesa desberdina dela. Egunerokoan txertatuagoa da bertsoa. Lizeotik pasatu diren guztiek gauza bera erranen luketela uste dut: biziki espazio goxoa eta aberasgarria da. Helduagoa zara, beste interes batzuk dituzu, eta harreman politak sortzen dira hor. Gero uste dut laguntzen duela ikusteak zure klasekidea ari dela bertsotan eta ez dela urruneko zerbait; ahalbidetzen du gazteak hurbiltzea bertsolaritzara, entzule modura bada ere. Rol bat jokatzen du bertso eskola hain ikusgarria izateak Etxeparen ere.
Duela zenbait urte entzuten zen neska anitz hasten zirela bertso eskoletan baina gutik jauzi egiten zutela plazara. Urrats eta gogoeta anitz izan dira geroztik. Zuen kasua salbuespen bezala ala aldaketa baten seinale gisa ikusten duzue?
IDOATE: Ez dut uste salbuespena denik batere, gure belaunaldian aski argiki ikusten baita zenbat emazte ateratzen ari den plazetara, zaharragoetan ere bai. Bada lanketa eta prozesu baten seinale. Uste dut gu hasieratik murgilduak izan garela babes horretan. Bada egiazko gogoeta aktibo bat eramaten dena bertso munduan, eta horrek ditu fruituak ematen, ene ustez. Ez da naturalki gertatzen den zerbait; ondoan egiten den lanketa horrengatik egin zaigu guri hain natural oholtzara ateratzea. Nik hasieratik sentitu dut zaharragoek zaindu nautela eta zerbaiten parte naizela.
AIZPURUA: Azkenean lagun talde bat sortu da, eta nik ez dut sekula pentsatu nire generoarengatik oztopo bat ukanen nuela. Eskolartekoak aski espazio seguruak dira, ene ustez, ezagutzen baitugu jendea. Ez dakit gerora nola izanen den. Ahalduntze bertso eskolak ekartzen du sentitzea talde baten parte, eta ez, justuki, neskak elkarren kontra aritzea. Ene ustez, aldaketak izan dira; ezin da konparatu duela zenbait urterekin, baina ez da bakarrik bertsoan gertatzen.
Honek ez zaituzte definitzen, baina zuen bien aitak bertsolariak dira. Hori laguntza izan zaizue ala pisu bat?
AIZPURUA: Nire kasuan, bertsolaritzari irekidura horrek dit eman. Pertsona batzuentzat beti izanen gara haien alabak; beste batzuentzat, ez. Hor ikusten da noiz den pisu eta noiz ez.
IDOATE: Badakigu nahi ala ez batzuentzat beti izanen garela X-ren alabak, anitzi gertatzen zaien bezala. Nahiz eta hasieratik izan lotura hori bertsoarekin eta aitarekin, luzaz ez nintzen bertsotan aritzen aitarekin. Taldekakoarekin pixka bat hautsi dugu hori, aritzeko elkarrekin, baina banatu izan dut eta ez dut izan hainbeste presio horrekin.
2025ean bakarkako Xilaba izanen da. Dudak dituzue, ala parte hartzea begi bistakoa da?
AIZPURUA: Erabakiak ez dira hola hartzen, ez baitakigu zer gertatuko den izen ematera arte. Hala ere, nik uste dut oraingoz baiezkoarekin joaten naizela. Behar dudana gogoetatu da gehiago zertara eta nola joan nahi dudan. Gu gazteen multzo horretan izanen gara, eta jendeak nola hartuko gaituen, zer heinetarako presioa izanen den oholtzan… Lehen eskolartekoan ongi sentitu nintzen, eta gure lehen bakarkakoa ere lasai hartu nahiko nuke.
IDOATE: Nik ere parte hartzeko asmoa dut. Badakigu gure ibilbidean kasik beharrezkoa dela; beraz, ez dakit zenbateraino dugun askatasuna erabakitzeko ere. Inkontzienteki, uste dut badakigula hor egon beharko dugula. Badu urte batzuk ez garela gehiago lehian, eta Xilaban ikusten dut arriskua berriz gertatzeko Haira eta ene arteko lehia hori, eta beste gazteekin ere bai, ea gazteetan zein gailentzen den…; bagarelako multzo polita eta maila onekoa, nik uste. Ongi eramaten bada maila pertsonalean, ikusten dut parada, halere, taldea egiteko, norbere erronkak finkatzeko eta aitzakia ona trebatzeko.
AIZPURUA: Parada ukanen dugu gure belaunaldiko taldearekin berriz elkartzeko, eta gogoa ematen du ikusteak bagarela eta elkar laguntzen ahalko dugula.