Elkarrizketa: Gorka Pagonabarra

Gorka Pagonabarra –

Durangon.com hedabidean elkarrizketa egin dio Joseba Gorostizak Gorka Pagonabarrari.


“Bertso ekitaldi pila ikusten nabil interneten; ‘frikia’ bilakatu naiz”

Gorka Pagonabarra

 

Urte oparoa darama Gorka Pagonabarraga bertsolari durangarrak. Maiatzaren 5ean Eskolarteko Bizkaiko Bertsolari Sariketa irabazi zuen Balmasedan eta ekainaren 5ean eskolarteko Euskal Herriko txapela jantzi zuen Saran. Bizkaiko Txapelketaren Udabarriko faseko saioan ere maila bikaina eman zuen: maiatzaren 13an Getxon jokatutako kanporaketan lortutako puntuekin lehiaketan aurrera egiteko eta Udagoieneko fasean egoteko baliagarriak izan ziren.

-Orain arte lortutakoak indarra emango dizu Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko faseari ekiteko, ezta?
-Bai, oso gogotsu joango naiz saiora, nahiz eta aldez aurretik dakidan aurrera egitea zaila izango dela. Finalerdietara pasatzea zaila izango da, baina saiatuko naiz.

-Prestaketa berezirik egingo duzu?
-Ez dut uste. Bertso Eskolan batuko gara, betiko martxan. Baina ezer berezirik prestatzeko asmo barik; betiko antzera jarraituko dut.

-Ez zenuen ezer berezirik prestatu Eskolarteko txapelketetarako?
-Ez, nahiko normala izan zen dena. Oso motibatuta egon ginen bertsotan egiteko. Ofizioak eta betiko ariketak egin genituen.

Gorka Pagonabarra
Pagonabarragak Saran jokatutako Eskolarteko Euskal Herriko Bertso Txapelketa irabazi zuen ekainean.

-Hori da maila ematea!!!
-Bueno, txapelketak prestatu genituen baina ezer berezirik egin barik. Barikuetan batzen gara Bertso Eskolan eta bertan ofizioak, bakarkako ekitaldiak… denetako ariketak egiten ditugu. Aldez aurretik landutakoari errepasoa eman eta finaletan izango ziren ariketak landu.

-Zenbat urte daramazu bertsolaritzan?
-Hamalau urte nituela hasi nintzen, DBHko 3. ikasturtean. Niri betidanik gustatu zait bertsolaritza. Bertso Eskolan zeuden lagun batzuk ezagutzen nituen eta beraiekin hitz egin eta gero animatu egin nintzen. Gainera, jakina, bertsotan egiteko beharrezkoa da gustukoa izatea. Azken boladan, inoiz baino bertso saio gehien ikusten nabil. Ekitaldi pila ikusten nabil interneten; ‘friki’ totala bilakatu naiz.

-Nortzuk izan dituzu irakasle?
-Bertso Eskolan, hasieratik, Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Gorka Lazkano, Unai Iturriaga eta Manu Goiogana izan ditut irakasle. Beraiek animatu ninduten Eskolarteko sariketara apuntatzeko. Aurtengoa hirugarren txapelketa izan dut. Aurreko bietan finalean lehiatu nintzen eta aurten Bizkaikoa irabazi eta Euskal Herrikora joateko txartela lortu nuen.

-Eta Saran Euskal Herriko txapela jantzi zenuen.
-Hori da. Eta oso pozik gainera.

-Bizkaiko Txapelketaren Udabarriko fasean pilatutako puntuak Udagoieneko faserako txartela eskuratu zenuen.
-Bai, espero nuena baina errazagoa izan zen. Puntuak sobera izan nituen baina Udagoienekoa beste gauza bat izango da.

-Txistuarekin ere hainbat lehiaketa irabazi dituzu.
-Bai, txiki-txikitan hasi nintzen, zortzi bat urtekin. Hernaniko Txistulari Gazteen Txapelketa hiru aldiz irabazi dut; azkena iaz.

-Bertsolari edo txistulari.
-Azken boladan, egia esanda, txistua apur bat baztertuta daukat. Motibazioa galdu dut, edo hobe esanda, beste zaletasun batzuetan murgiltzen naiz, Bertso Eskolan esaterako.

-Kirola ere gogoko duzu, ezta?
-Bai. Urte askotan triatloi taldean ibili naiz baina aurten belaunetatik lesionatuta egon naiz eta ez dut ezer egin. Ez da izan ezer graberik, eta aurten berreskuratzeko asmoa dut.

Gorka Pagonabarra
Gorka Pagonabarra