Gontzal Agote eta Idoia Trenor: “Bertsolaritzak Nafarroan izan duen garapenean beste mugarri txiki bat da finala bertan egitea”
Gontzal Agote eta Idoia Trenor –
Estitxu Eizagirrek ARGIAn.
Irailaren 24an Getxon abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta abenduaren 18an Iruñean jokatuko da finala, lehen aldiz. 41 bertsolarik zazpi lurraldeetako kanporaketetan kantatuko dute eta egungo txapeldun Maialen Lujanbio Nafarroa Arenan izango dute zain. Aurtengoaren ezaugarriez eta txapelketaren tripez galdetu diegu Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Idoia Trenor eta Sustapen lantaldeko Gontzal Agoteri.
Aurtengo txapelketak zein ezaugarri ditu?
GONTZAL AGOTE: Txapelketa eginen da, eta hori bada zerbait. Berez lau urteko zikloan sartuta dago Bertsolari Txapelketa Nagusia eta txapelketen aro garaikidean “normala” izan da hori, baina oraingoa berezia da ez delako ziklo hori bete, pandemiagatik. Oso garai gogor batetik gatoz, bai bertsogintza, bai kulturgintza eta gizartea ere bai; eta gogorra izan da sortzaileentzat, kulturgileentzat, Bertsozale Elkartearentzat… Baina uste dut gauza positiboak ere utzi dituela egoera honek: egoera oso muturreko bati aurre egiteko gai izan gara elkartasunari esker, gure autoantolakuntzari esker eta irudimenari esker. Eta egoera horri erantzunez kulturaren rolari buruzko eztabaida plazaratu dugu: sortzaileen lan baldintzez hitz egin da aspaldiko partez, eta ozen. Gai horrek orain segida behar du.
IDOIA TRENOR: Bai, testuinguruak asko markatuko duen txapelketa izango da, lau urteko zikloa bost urteko bihurtu baitzaigu. Urtebetez atzeratzeak ekarri du bertsolaritzaren funtzio sozialari gehiago erreparatzea eta denbora gehixeago izan dugu txapelketaren antolakuntzan, barne lanerako.
G. AGOTE: Bertsolaritza oso gertutik jarraitzen ez dutenentzat, Txapelketa lau urtero zerutik erortzen den zerbait da. Aurreko urtean txapelketa ez egitea erabaki zenean, adierazi genuen ez zegoela baldintza egokirik: ez soilik osasun arauen aldetik, baizik, bertso plazarik ez zegoelako! Bertso plazarik gabe ezin dugu deus egin, elkar elikatzen dute plazak eta txapelketak.
I. TRENOR: Plaza hutsik geratu denean, oso esanguratsua izan da.
Plaza hustu ondoren, bertso egarri al dago jendea txapelketa hasterako?
I. TRENOR: Txapelketak beti ekartzen du grina, gogoa, apalduta dagoen bertsozalea gehiago aktibatzen da, adiago dago… Pandemian egon den plazako hutsune horretatik, plaza biziberritzen sumatu dugu, hutsunearen osteko loraldi moduko bat.
G. AGOTE: Berpizte hori gertatzen ari da, bertso saioen udako datuak onak dira. Duela urtebete pentsaezina zen gaur horrelako egoera batean egotea. Gauzak oso azkar gertatu dira, norabide batean zein bestean. Orain, irailean, egoera normalizatu batean gaude. Baina ez dugu ahaztu behar nondik gatozen. Kulturgintzak bakarrik ez, denok pasatu dugu gaizki eta bada gogo berezi bat gauza batzuk berreskuratzeko: elkartzea, ongi pasatzea, partekatzea…
Finala Iruñean da aurtengoan. Zergatik?
I. TRENOR: Txapelketa ibiltaria da eta zikloka funtzionatzen dugu. Pasa ginen Belodromotik, pasa gara BECetik eta ziklo aldaketa etorri da. Ez da erraza tokia bilatzea: hainbeste jende goxo sartuko diren aretoak ez dira asko Euskal Herrian. Sortzaileen aldetik eta antolakuntza aldetik, kultur diziplina honek eskatzen du areto edo bestelako azpiegitura batean egitea, ez futbol zelai batean.
G. AGOTE: Konplexua da, bai, Txapelketa Nagusiko finalak egun duen dimentsioagatik: bai jende kopuru aldetik eta baita ere egun osoko ekitaldia delako. Horri gehitu autobusen joan-etorria, bazkaria, abenduan egiten dela… Hori guztia ahalbidetu behar du hautatzen den lekuak.
Urte askotan izan naiz Nafarroako Bertsozale Elkartean langile eta hortik begiratuta, ikusi dut Nafarroako bertsogintzan izan den bilakaera. Bertsogintzak eta bertsozaletasunak Nafarroan izan duen garapenean beste mugarri txiki bat da finala bertan egitea. Horrez gain, duela urte batzuk pentsaezina zen Nafarroan halakorik egitea, besteak beste, bertako erakundeekin ezin zelako harreman normalizaturik eduki; ukazioa zen nagusi. Orain ere harremana ez da ideala, baina gauza batzuk aldatu dira, erraztasun gehiago ditugu eta errekonozimendu handiagoa: duela urte batzuk Nafarroako Gobernuak bertsolaritza bertako kultur ondare inmaterial izendatu zuen. Eta Euskarabidearekin egun dugun harremana pentsaezina zen duela urte batzuk. Kontziente gara bai kultur aldetik baina baita ere sinbolikoki, eta lurraldetasunaren eta euskararen aldetik, zer den finala Nafarroara eramatea. Faktore horiek guztiek ekarri gaituzte Iruñera.
Finala egingo den lurraldeko erakunde publikoek ekonomikoki ere heldu behar diote erronkari?
I. TRENOR: Guztiz deslotuta dagoenik ez nuke esango, baina ez da erabakia hartzeko motiboa. Erabakia, Gontzalek azaldu duen bezala, bertsolaritzaren garapenari eta testuinguruari lotutakoa da. Babesle sorta handia du Elkarteak eta horiek gabe oso zaila litzateke txapelketa aurrera eramatea. Azken urteetan Elkarteak lanketa handia egin du dituen harreman instituzionalekin, Elkartearen proiektua bere osotasunean babestu dezaten, eta ez soilik txapelketa. Txapelketa da gizarteak gehien ikusten duena, baina egunero daude bertso eskolak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa… eguneroko lan hori babestea da Elkarteak behar duena. Erakundeekin dugun elkarlanari beste esanahi bat ematen hasi ginen eta egun hortik eraikitzen ditugu harremanak. Baina horren barruan badaude txapelketaren babesle zuzenak ere, izan aldundiak eta izan Nafarroako Gobernua.
G. AGOTE: Aurreko txapelketatik eman genuen aldaketa, babesleak txapelketari ez hainbeste lotzekoa. Nahiz eta badakigun txapelketa oso tentagarria dela, baita marka komertzialentzat ere. Batzuek aurpegiratzen digute txapelketa ez dugula komertzialki behar beste zukutzen. Baina balio batzuen arabera antolatzen dugu.
Finalaren gaira itzulita, Elkarteak erabaki zuen finala Iruñean egingo zela eta ondoren jakinarazi zitzaion Nafarroako Gobernuari, antolakuntzarako harremanak bideratzen hasteko. Babesletza ez zen baldintza, txapelketa ez da enkante bat.
Finala Donostiatik BECera mugitu izanak uxatu zituen hainbat mamu? Garai hartako zalantzak ziren entzule gehienak gipuzkoarrak zirela eta agian ez zirela mugituko, BEC beteko ote zen…
I. TRENOR: Ni ez nenbilen Elkartean garai hartan, baina jaso dudanagatik badakit harrabots handia sortu zuela eta erronka handia izan zela. Non eta BECen, garai hartan bertsoarentzat inguru arrotza zen. Gero ikusi da ezetz, finalak lortu duela jendearentzat izatea galdu ezin den ekitaldi bat: jendeak bertan egon nahi du eta bertsozalea prest dago mugitzeko finala den lekura. Iruñera aldatu dugunean ez dut horrelako beldurrik batere sumatu.
G. AGOTE: Kontrakoa, poza sortu du. Bide horrek badu ifrentzua, espektakularizazioa: jende baten buruan, BECen hurrengo pausoa San Mames da. Nahiz eta saiatzen garen gure bidea lantzen eta hortik gehiegi ez ateratzen, txapelketekin askotan sortzen zaizkigu kontraesanak: espektakuluaren gizartean bizi gara eta jendeak nahi du handiago, azkarrago, gehiago… Txapelketak izaera ibiltaria du, baina saiatzen gara deserrotzerik ez gertatzen: txapelketako saioak izango diren herrietan aurrez lanketa egiten da, arrastoa uzten saiatzen gara…
Txapelketak antolaketa gastu handiak ditu. Nola finantzatzen da?
I. TRENOR: Finantza iturri desberdinak ditu: batetik, aipatu ditugun babesleak daude. Beste zati garrantzitsu bat iragarleak dira, aurrez lanketa handia egiten da publizitatea lotzeko. Alor horretan ere, iragarle batzuk txapelketan soilik zentratzen dira, baina beste batzuek Elkartearen ekimen gehiagotan jartzen dute publizitatea. Bertsozale Elkarteak 2.500 bazkide inguru ditu eta hauen kuotek ere eusten dute txapelketa, eta noski, sarreren salmenta da ezinbesteko beste iturria.
Txapelketaren emaitza ekonomikoek zein neurritan eusten diote Bertsozale Elkartearen proiektuari?
I. TRENOR: Txapelketa lau urteko ziklotan egin izan da eta Bertsozale Elkarteak lau urteko finantza planarekin funtzionatzen du. Elkartearen aurrekontua berez defizitarioa da, baina lau urteko edo ia bost urteko ziklo batean, hau da, hurrengo txapelketa izan artean, defizit horri aurre egiteko oinarria ematen dio txapelketak. Egoera ekonomikoa aldatu da, Elkartearen gastuak ere handitu dira, defizitak gora egin du eta finantza zikloari edo ereduari buelta bat ematen ari gara orain. Txapelketa urtebete atzeratu izanak eragin ekonomikoa izan du Elkartearentzat, baina ez du guztiz estutu, Elkarteak urte luzeetako ibilbidea duelako eta urteetako oinarri ekonomikoa hor zegoelako.
G. AGOTE: Elkarteak egiten dituen proiektu batzuk ezingo lituzke egin txapelketak ekartzen duen diru sarrerarik gabe.
Txapelketaren emaitza ekonomikoak borondatezko lanari esker ere badira. Zenbat bolondres aritzen da txapelketan lanean?
I. TRENOR: Txapelketako saioak zein herritan antolatu erabakitzerakoan kontuan hartzen da herri horretako bertso mugimendua nola dagoen, zer harreman ditugun… txapelketak herri eta eskualde mailako bertso sarea ere indartzen du. Sare horretatik etortzen da bolondres asko.
G. AGOTE: Txapelketa zazpi lurraldeetan egingo dela esaten dugunean, errealitatearen isla da: lurralde batzuetan indartsuago dago bertsolaritza eta beste batzuetan ez hainbeste, baina zazpi lurraldeetan egon bagaude. Lizarran saio bat eta Gotaine-Irabarnen beste bat egitea erabaki badugu, zerbaitegatik da, toki horietan oinarrian talde bat badagoelako.
I. TRENOR: Lan motei begiratuta, txapelketan badira lan teknikoak, estrategikoak, barrura begirakoak, kanpora begirakoak… lan mota horietan denetan eta erabakiguneetan aritzen dira bolondresak. Hori da aberatsena. Borondatez lan egiten duen jende masa hori guztia gabe ezinezkoa litzateke txapelketa antolatzea.
G. AGOTE: Elkartearen jarduera ere hala da, egiten diren lan asko egiten dira bolondresen babes eta parte-hartzearekin. Txapelketa, Elkarteak urtez urte egiten duen lanaren isla da.
Txapelketa Nagusian lurralde bakoitzak ordezkari kopuru ezberdina du. Aurreko edizioko finalista guztiek dute parte hartzeko aukera, eta horiez gain, Arabatik 2 bertsolari arituko dira, Bizkaitik 10, Gipuzkoatik 16, Nafarroatik 5 eta Iparraldetik 3. Proportzio horietan izan da bilakaerarik? Aurrera begira bada aldatzeko asmorik?
I. TRENOR: Elkarteak txapelketa antolatzeko ardura hartu zuenetik bilakaera oso handia izan du bertsolaritzak eta lurralde bakoitzean dimentsio handia hartu du. 1986an zehaztu ziren kopuruak eta urteotan guztiotan kopuru horiek eztabaidara ekarri izan dira behin baino gehiagotan Elkarteko zuzendaritzara, eta aldatu izan dira. Orain ere birplanteatzeko garaia da: finala jokatu ondoren txapelketa orokorrean begiratzeko momentua izango da, eta horren barruan errebisatu nahi dugu ea lurralde bakoitzerako ezarria dagoen kuota egokia den edo aldatu behar den.
G. AGOTE: Azken aldaketa gogoan dut, Nafarroak bosgarren ordezkaria lortzea izan zen. Saiatzen gara datu batzuetan oinarrituta txapelketa egungo bertsolaritzaren argazki bat izan dadin, baina ez da kontu matematiko bat. Horrez gain, Elkarteak baditu estrategia batzuk eta horien arabera ere erabakiak hartzen ditu.
Epaile taldearen argazkia ikusita, jendetsua, 50 urtetik beherakoa eta genero aldetik nahiko parekidea iruditu zait. Nola iritsi da talde hori izatera?
G. AGOTE: Ikusten ez den lan handia dago epaile taldearen atzean. Epaitzen ari diren horien ondoan, badira epaile ordezkoak, badira puntuaketak kalibratzen aritzen direnak… horretan aurrerapausoak eman dira, duela hamar urte Euskal Herriko epaile taldea txapelketarako propio aktibatzen zen. Azken urteotako ahalegina izan da talde horrek etengabeko prestakuntza jasotzea eta taldea aktibo mantentzea. Taldea sendotzen eta anitzago izaten ere ahalegindu gara.
I. TRENOR: Epaileen lana oso bakarkakoa da eta talde izaera indartzea beharrezkoa zen, elkarri babesa emateko eta kontrasterako: irizpideen inguruan eztabaidatzeko, erreferentziak partekatzeko… eta horretan lan egin du Elkarteak. Herrialde bakoitzean badira epaile taldeak, baina aberasgarria izan da Euskal Herri mailan beste epaile taldeekin partekatzea.
G. AGOTE: Gai-jartzaile eta epaileen lana prestigiatzea ere behar da.
I. TRENOR: Lan ikusezina eta oso kritikatua da bi talde horiena.
Gai-jartzaile taldea nola osatzen eta lantzen da?
I. TRENOR: Lurralde bakoitzean gai-jartzaile talde bat dago, herrialdeko txapelketaren bueltan biltzen dena. Euskal Herri mailako gai-jartzaile taldea osatzeko, herrialde bakoitzeko taldeak bi-hiru pertsona aukeratzen ditu. Talde honetan oso dinamika bizia dute: kide denak biltzen dira eta orduak ematen dituzte gaiei jira eta buelta ematen.
Bertsolariek egingo dituzten lan motak nola eta noiz erabakitzen dira? Horretan ba al da aurten aldaketarik?
I. TRENOR: Txapelketa antolatzeko taldea hiru lantaldetan dago banatuta: komunikazioa, azpiegitura eta aurten sortu den talde berria, bertsogintzarena. Txapelketa honetan parte hartuko ez duten epaile, gai-jartzaile, bertsolari eta bertsozaleek osatu dute bertsogintza taldea, Elkarteko Sustapen arduradunarekin eta koordinatzaileetako batekin batera. Eta talde honek egin duen lanetako bat izan da ariketa motak aztertzea eta arautzea.
G. AGOTE: Txapelketako ariketetan aldaketa handiak egitea oso zaila da. Batzuen ustez txapelketak esperimentazio gune izan behar du baina beste askok dio esperimentatzeko tokia plaza dela edo beste gune batzuk badirela eta txapelketak bere arauak dituela. Ariketak asko aldatzea zaila da eta kontsentsu handia behar du.
I. TRENOR: Ariketa motak ez dira aldatu, baina bertsogintza taldeak hartu duen ausardia izan da gai-jartzaile taldeari ariketa horiek planteatzeko modua zehaztea. Adibidez, A bertsolaria B bertsolariaren “kontra” jarri behar duen gaiak, edo A eta B “elkarrekin” jarri behar dituen, edo biak egoera baten aurrean jarri behar diren… orain arte gai-jartzaileek hori ere erabaki behar zuten, ea “A Bren kontra” zortziko handian edo hamarreko txikian jarri… eztabaida horietan denbora asko joaten da. Aurtengoan, hori bertsogintza taldean adostu dugu eta gai-jartzaile taldea edukian zentratu ahal izan da.
Bertsogintza taldeak “kartzela” “ganbara” bihurtu du. Zergatik izena aldatu?
I. TRENOR: Bertsolarientzat berez bada gogorra lan horretako egoera hori, gainera “kartzela” deitzeko. Izenak ez du goxatzen momentu hori, eta beste esanahi bat emateko gogoa genuen. Izen pila baten artean “ganbara” hautatu da, “ganbara” ez delako soilik espazio bat, “burua” adierazteko ere erabiltzen da: eta egoera horretan bertsolariek buruari mila buelta ematen dizkiote eta kontzentrazio momentu bat da, bertsolaria bere baitan, bere ganbararekin egotekoa.
Bestalde, txapelketan zehar bertsogintza taldeak behaketa lana egingo du eta babesgune ere izango da, bai gai-jartzaileentzat, epaileentzat eta bertsolarientzat.
Babesgune funtzioa aipatu duzu. Txapelketak jendaurrean agertu beharra dakar eta milaka entzuleak epaile bihurtzen dira. Foku indartsudun oholtza hori oso pasarela zorrotza da bai bertsolari, gai-jartzaile eta epaileentzat...
I. TRENOR: Bai, esposizioa oso handia da. Horregatik da garrantzitsua talde izaera, bai gai-jartzaileak eta epaileak talde gisa aritzea, talde horren babesa beharrezko baita gorabeherak eusteko, indartsu ateratzeko… Zeren momentua iristean bakarrik igoko da gai-jartzailea oholtzara, edo bakarrik epaituko ditu bertsoaldiak epaileak. Bai gai-jartzaileak eta bai epaileak Elkartearen proiektuaren parte dira eta gure babes osoa dute. Honako hau da txapelketa honetako epaile taldea, Elkarteak hala aukeratuta, eta pertsona horiek dira erabakiko dutenak, nahiz eta erabakia entzule batzuei gustatu ez. Lehiaren joko arauak hauek dira.
G. AGOTE: Ez da xamurra, bertso mugimendu osoari eragiten dion lurrikara baita txapelketa. Kritikak egin behar dira, baina modu eraikitzailean. Txapelketan tentsio momentuak izaten dira eta gure lana da horiek bideratzea eta txapelketaren ostean aztertzea zer egin den ongi eta zertan huts egin den.
I. TRENOR: Txapelketan denoi ateratzen zaigu barruan dugun epailea. “Gustatzen zait edo ez zait gustatzen”, edo “honekin asmatu du edo ez du asmatu”. Lehen komentarioak saioko aretoan bertan edo saio osteko potean geratzen ziren baina sare sozialak martxan daudenetik, komentarioak biralak egiten dira. Bat-batekoa den kultur jarduera bat 140 karakteretan epaitzen da eta esaldi horrek erabat deskontestualizatuta bide luzea egiten du.
Txapelketako finalean 14.000 entzule inguru bilduko dira. Asko da, baina ez dira zerutik eroriak. Plazetan 36.500 entzule inguru bildu dira 2022ko lehen seihilekoan.
I. TRENOR: Publikoaren aldetik, ez dakit noraino den txapelketa plazaren isla.
G. AGOTE: Badira entzule asko lau urtean behin txapelketako finalera soilik joaten direnak, eta hori txapelketaren bertuteetako bat da.
I. TRENOR: Eta badira herriko bertso saiora bai eta finalera joango ez diren beste asko. Lehia erakargarri egiten ez zaion jendea ere existitzen da.
G. AGOTE: Finalera doan jende asko harritzen da jende kopuru hori ikusita, batez ere euskal kultura urrun dutenak. Finala ez da ezerezetik sortu den zerbait. Gertakari bat da, munduko bazter batzuetatik inbidiaz begiratzen digute eta hori guztia baliatu behar dugu gure oinarria aberasteko. Finalera soilik doazen horietatik batzuk zaletuko dira, agian umeren batek bertso eskolara joan nahiko du…
I. TRENOR: Finala ederra da, baina txapelketako saio denak dira gozatzekoak. Finalaurreko saioetan ere entzule asko sartuko da, 1.500-3.000 artean.
Finalean emakume gehiago sartuko ote diren ikusmina bada. Plazan parekidetasuna ez dago urruti: Elkartearen datuen arabera 2022an plazetako saioetan %53 izan ziren gizonak eta %47 emakumeak…
I. TRENOR: Nik uste plazaren bilakaeran emakumeen kopurua ugaritzeak ez duela arrazoi bakar bat. Elkarteak ez ditu plazak antolatzen, askotariko antolatzaileek baizik; baina antolatzaile horien artean badago kontzientzia bat. Izan daiteke pixkanaka kopuruz ere emakume gehiago direla plazan ari direnak eta ibilbide luzeagoa osatzen ari direnak. Eta bestetik, pandemiaren ostean, bertso saio mota batzuk martxan jarri arte denbora tarte bat pasatu zen, eta justu parte-hartze desoreka handiena izan ohi da saio horietan: otordutakoetan eta librekoetan. Abiatu ziren saioak jaialdiak edo saio bereziak izan ziren eta horietan emakumeen parte-hartzea orekatuagoa da. Orain, lagunartekoak eta libreko saioak normaltasunera etorri direnean, beste saio motak ez dira jaitsi. Horregatik, datuek bai diote parte-hartzea nahiko orekatua dela, baina bada oraindik zer landua.
Elkartea baliabideak jartzen ari da parekidetasuna bultzatzeko: hiru zehar-lerro ditu eta horietako bat da feminismoa. Egitasmo guztietan zehar-lerro horiek aplikatzeak baditu bere ondorioak eta agian ondorio horiek ikusten hasi gara. Beste gauza bat da, bakoitzak zer espektatiba jartzen dituen txapelketako finalean.
Lurraldetasunari begiratuta ere aztertu daiteke finaleko zortzikotea. Herrialdeetan ba al du eraginik bertakoak finalera sartzeak?
I. TRENOR: Niretzat, behin herrialdeetako txapelketak amaituta Txapelketa Nagusia hasten denean, Euskal Herriko bertsolariak dira.
G. AGOTE: Aldaketa horiek nahi baino motelagoak dira. Araban eta Iparraldean ematen ari den garapena ezin dugu urte batetik bestera ikusi Euskal Herriko finalean, kontuan hartuta gainera finaleko argazkia azken hiru txapelketetan oso antzekoa dela.
Nafarroatik begiratuta, bai sumatu dut Saioa Alkaizak txapelketa irabazi izanak eragina izan duela: emakumea, gaztea eta Iruñerrikoa delako, berak gogorarazi zuen bezala D ereduko alaba… Jende asko identifikatu da berarekin, bereziki inguru erdaldunean. Bera bai, erreferentzia bihurtu da eta inportantea da. Baina txapelketa nagusiko finalarekin badago tema berezi bat eta txapelketa nagusia munstro bat da, oso zaila da mugitzen. Orain egiten ari garen lanaren emaitzak etorriko dira, baina agian ez berehalakoan.
I. TRENOR: Errazago sumatzen dira aldaketak herrialdeetako txapelketetan.
G. AGOTE: Eta logikoa da pentsatzea hori iritsiko dela Txapelketa Nagusira, baina agian ez nahiko genukeen abiaduran. Gauzak eraldatu nahi ditugu: batetik badakigu non dagoen bertsolaritza errotuta, baina, bestetik, ari gara eremu berriak irabazten
.
FINALISTA ZAHARRENA ETA GAZTEENAK
Txapelketaren historian finalean kantatu duen bertsolari zaharrena Txirrita da (76 urte zituen 1936an txapela jantzi zuenean) eta gazteenak 19 urterekin Unai Iturriaga (1993ko finalean) eta Sustrai Colina (2001eko finalean).
Aurtengo txapelketan parte hartuko duen bertsolari gazteena Gorka Pagonabarra da (22 urte aurten) eta helduenak Unai Agirre eta Aitor Mendiluze (47na urte aurten). Txapelketa honetan bertsolarien adin media 34 urtekoa da, 2017koan izan zen bezalaxe, eta azken 20 urteetako bataz besteko zaharrena da: 2001ean 27koa zen adin media eta geroztik igotzen joan da (2005ean 28 urtekoa zen media, 2009an 30ekoa, 3013an 33koa).