Gerturatu Eta Lau: parte hartzeko bertso saioak
Gerturatu Eta Lau –
Bertsozale Elkartearen ataritik.
Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela. Baina zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?
Galdera eta hausnarketa horietatik sortu da Gerturatu eta Eta Lau (GEL); urrutitik begiratu izan ditugun pieza horien arteko harremana beste modu batean lantzeko ahalegina egin nahitik. Izenak berak ondo argitzen duen moduan, lau saio izango dira, eta bakoitza bertsolaritzari dagokion gai batean oinarrituko da: bertsolarien erabakimena, entzuleen erabakimena, kantaera eta gorputzen arteko harremana.
Maiatzaren 6an, 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak. Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da aurretik saio bakoitzari dagokion izen-emate orria beteta. Aukeratu gustukoena eta gorde zure lekua hemen:
Gauzkaten Eztarri Lerratuak
Maiatzak 6, osteguna. Donostia
Larratxo Kultur Etxea. 18:30
Etxahun Lekue, Haizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio
Gure Esku Legoke
Maiatzak 11, asteartea. Bilbo
Bilborock. 18:30
Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihana Iguaran
Gorputzak Esango Luke
Maiatzak 18, asteartea. Gasteiz
Baratza aretoa. 18:30
Ane Labaka, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal
Gaur Edozertarako Libre
Maiatzak 25, asteartea. Zarautz
Modelo aretoa. 18:30
Amaia Iturriotz, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia
Gerturatu Eta Lau denontzat izango da esperimentu. Horregatik, bertsozaleok ere saioetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Saio bakoitzaren aurretik, entzuleei saiorako jarraibideak emango zaizkie, eta, horrela, saioa osatzeko ardura ez da bakarrik bertsolariena edo gai-jartzaileena izango: guztion artean osatuko dugu ikuskizuna.
Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, Plaza Biziberritzen egitasmoa babesten duten Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren babesarekin.
Parte hartzeko prest?