Genealogia feminista baten erradiografia
Genealogia feminista baten erradiografia –
Itziar Ugarte Irizarrek Berria egunkarian idatzia.
Genero ikuspegitik, bertsolaritzak azken berrogei urteetan izan duen bilakaera jaso dute infografia batean, Txakur Gorriaren irudiekin. BERRIAk, ‘Argia’-k, Jakinek eta Lankuk argitaratu dute. Bideoa, albistearen amaieran.
Bertsolaritza bere burua birpentsatzen ari den une batean dago, Uxue Alberdiren esanetan. «Askotan jo izan da bertsolaritzaren barruko azken iraultzatzat 1990eko hamarkadan rockaren belaunaldia deitu izan zaiona, eta guri iruditzen zaigu gaur egun gertatzen ari den astinaldi hau badela orduan bestekoa, zimenduak mugitzen ari direla, joko zelaia bera ari dela mugitzen. Emakume bertsolariak inkorporatzea plaza bera eraldatzen ari da, eta, aldi berean, jendartean gertatzen ari diren eraldaketek laguntzen digute emakume bertsolarioi plazaratzen, eta modu diferentetan plazaratzen». Bada denbora bat hainbat emakume bertsolari genero begirada batetik aztertzen hasi zirela euren jarduna, plazan egoteko modua, nondik eta zeri kantatzeko modua. Denborarekin, eztabaidekin, mamituz joan da gogoeta, eta modu «artistikoago» batean eman dute orain argitara: azken lau hamarkadetako bilakaera jasotzen duen infografia bat osatu dute talde lanean; Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariak aritu dira edukiaren gainean lanean, eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo diseinuan. BERRIA, Argia, Jakin eta Lankuk argitaratu dute lana.
Duela urtebete inguru erne zen ideia. Alberdik John Cheeverren Igerilariaipuinaren infografia bat ikusi zuen, eta erakargarria egin zitzaion bertsolaritzarako ere, «oso modu azkarrean irudikatzen zuelako mami zabal bat», Ainhoa Agirreazaldegik atzoko aurkezpenean azaldu zuenez. Hasieran, Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea jasotzea izan zuten buruan, baina fokua norbanako bakarrean jartzea baino, interesgarriagotzat jo zuten izaera kolektiboan jartzea. «Bertsolaritzara aldaketak etorri baldin badira, ez da pertsona baten edo biren lanagatik izan, nahiz eta lan batzuk nabarmendu diren; talde handi batek ekarri ditu aldaketak».
Donostiako udal liburutegiko sotoan egin zuten infografiaren aurkezpena. Eta leku hartan bertan, aurreko astean Iñigo Aranbarri idazleak aipatu zuen «giza flyscharen» ideia berreskuratu zuen Agirreazaldegik: «Gutxitan ohartzen gara giza flysch baten gainean bizi garela; alegia, gure oinpean belaunaldiz belaunaldi eraikitako giza flysch bat daukagula, eta horko geruza guztiek osatzen dutela gure historia, memoria eta, nahi bada, atzoa». Baina eremu batzuetan, «publikoenetan», andrazkoek egin duten ekarpena ez da agerian geratu ohi. Bertsolaritzan, haien ekarpena «oso ikusezina» izan dela adierazi zuen Agirreazaldegik. «Bazirudien geruza bat gehitu orduko aurrekoa estaltzen genuela. Emakumeok hutsaren gainean eraiki behar izan dugu bertsolaritza modernoa. Horregatik izan da inportantea geure buruen memorian zegoen geruzaraino jaitsi, eta horren erradiografia bat egitea».
Agirreazaldegiren hitzetan, azken urteetan, gutxienez hiru esparrutatik heldu dira aldaketak bertsolaritzara: emakumezko bertsolarien ibilbidetik, mugimendu feministatik eta akademiako ikerketetatik. Hala, hiru ardatz horietatik eratorri diren uneek eta lanek osatzen dute infografiaren mamia: artikuluak, bertso saioak, ahalduntze bertso eskola, topaketak, bertso gogoangarriak eta beste bildu dituzte, bideak izan duen bilakaeraren erakusgarri direnak. Denboran atzerago bertsotan aritu ziren hainbat emakumeren izenak ere berreskuratu dituzte, Ahaztuakizenpean.
Prozesuaren hasieran, inkesta bat zabaldu zuten emakume bertsolarien artean; material horretatik behin edukiak adostuta, horiek iruditara eramatea izan da Txakur Gorriakoen lana. Modu figuratiboan eta collage teknikaren bidez egin dute, «harri garden» batzuk oinarrian hartuta. Denbora jarri dute infografia antolatzeko ardatz modura, baina, horretara mugatu barik, «gertakari eta diskurtsoen arteko elkarreraginean» azpimarra egitea ere bilatu dute, Labakak azaldu zuenez. Lanaren zeharkako helburu batzuk ere gehitu zituen Txakur Gorriako kide ere badenak; horien artean, bertsolaritzaren definizio berriak aldarrikatzea eta emakume bertsolarien lanaren onuradun «bertsolaritzaren espektro guztia» dela ohartaraztea aipatu zituen, besteak beste.
Lana garatu artean, bertso eskoletako neska gazteak izan dituzte buruan, eta atzo ere egin zien aipamena Agirreazaldegik: «Gaur egun adin batetik gora bertsotan gabiltzan emakumeoi asko kostatu zaigu bertsoaren genealogian geure burua kokatzea, eta gaurko neska gazteek beren burua genealogia horren ardatzean ikustea nahi genuen. Kontura zitezen ibilbidea aspaldi hasi zela, jarraitzen duela eta ibilbide horren parte direla beraiek ere».
Durangon, lau gunetan
Gaur zortzi hasiko den Durangoko Azokan lau gunetan izango da salgai infografia; BERRIA, Argia, Jakin eta Lankuren erakusmahaietan. Haietako nahiz Emakundeko eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak hartu zuen hitza azkena, lau argitaratzaileen izenean: «Bertsolaritzan emakumeak egindako lanaren gaineko genealogia bat da hau, baina ez da bakarrik bertsoa, bakarrik kultura; gizartearen ispilu modura funtzionatzen duen irudi bat da. Gaur hemen denok konpartitzen dugun ideia bat dela uste dut gizarte bizigarriago bat emakumeen berdintasunetik eta euskararen normalizaziotik pasatu beharko dela, eta hemen hori islatzen da; urrats bat da».