Garaikurrak
Garaikurrak –
Ismael Manterolak BERRIAn.
Badakit olatua pasatu dela, baina gaurko honetan erresakarekin nator gai bitxi batekin. Zein sari jasotzen dituzte bertso txapelketaren finalistek?
Onartu behar dut ez naizela bertsolaritzaren jarraitzailea eta ez nuela finala ikusi, baina, jakin-minak jota, sarien banaketa ikusi nuen, jakiteko zein diren arte plastikoen mundutik kanpo baloratzen diren artelanak.
Aipatu beharreko lehen gauza arteari emandako protagonismoa da, artelanak banatzen baitira sari moduan parte hartzen duten zortzi finalisten artean. Txapela da, noski, bertsolariek lortu nahi dutena, baina sinbolismoz betetako eta Oteizaren Par movil izeneko eskulturaren (Bertsozale Elkartearen ikurra dena) brodatua duen txapelaz gainera, beste oparitxo bat jasotzen dute finalera iristen direnek.
Arreta piztu zidan lehenbiziko gauza sarien lautasuna da. Lehen eta bigarren sariak eskulturak badira ere, gainontzeko seiek koadro itxura zuten. Kirol probetan eta garai bateko lehiaketa ia guztietan kopak eta dominak ematen zizkieten irabazleei; horregatik, horren ondorio zuzen gisa objektuak ematea izango litzateke logikoena, baina Bertsozale Elkarteak hiru dimentsioen tradizioari uko egin, eta aspalditik horman eskegitzeko moduko artelanak banatzen ditu.
Hala ere, zein koadro eta zein eskultura aukeratu finalera errendituta iritsi diren bertsolariei oparitzeko? Bigarren onarpena: egile batzuen izenak espero nituen, baina beste batzuenak ez hainbeste. Jose Luis Zumetaren lan bat egongo zela ez nuen zalantza handirik; Ortiz de Elgearena ere ez zen sorpresa izan; Dora Salazarrena eskultura espero nuen; Mikel Lertxundiren eskultura ere ez zen ezustekoa izan; baina onartu behar dut Marta Cardenasen eta Mariano Arsuagaren grabatuak arraroak iruditu zitzaizkidala. Hala ere, artisten bi izen ez ezagutzea izan zen gaueko ezustekoa. Xabier Lakaren eskultura ordezkatzeko Iker Valle aukeratzeak, eta Olatz Irigarairen lan bat zortzigarren sailkatuari emateak ezustean harrapatu ninduen.
Hortik aurrera, galderak arrapaladan etorri zitzaizkidan burura: Ezkontzera iritsiko al dira pertsona eta artelana? Trukeren bat proposatuko al dio norbaitek besteari, tokatu zaion lana gehiago gustatu zaiolako? Gustatu behar al zaio bertsolariari tokatu zaion artelana, edo garaikur moduan kokatuko du etxeko apal galdu batean (edo kristalezko armairu delikatuan)? Hau da, kirol probetan irabazitako kopen antzera begiratuko dio bertsolariren batek tokatu zaion artelanari? Iritsiko al da eguna bertsolariren bat adoptatutako artelana maitatzera iritsiko dena?
Erantzunaren beharrik ez duten galdera erretorikoak direnez, zoriondu besterik ez dut egin behar Bertsozale Elkartea, artea erabiltzeagatik finalisten lan gogorra saritzeko, eta, horrekin batera, artearen dibulgazioa egiteagatik.