Garaiak eta penak

Garaiak eta penak –

BERRIAtik.


 

Xabat Galletebeitia. 1986an jaio zen, Lekeition (Bizkaia). Markina-Xemeingo eta Lekeitioko bertso eskoletan aritu da irakasle lanean. Hiru aldiz sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako: 2014., 2016. eta 2018. urteetan. Bigarren izan zen 2016ko lehian, eta hirugarren 2018koan. 

 

Garaiak eta penak

 

Doinua: Lili bat ikusi dut I (Galerianoaren kantua)

1- Lehengoak bai garaiak; ontziak noraian,
arrainak itsasoan, sareginak kaian.
Orain gazterik ez da sartzen eskifaian…
bizitzea zailago zen gure garaian.

2- Lehengoak bai oporrak; natura lasaian,
bakea gailurretan, arnasa paisaian.
Orain jende ilarak daude Himalaian…
mundua normalago zen gure garaian.

3- Lehengoak bai parrandak; jai hemen ta jai han,
walkmanean Etsaiak, irratian Chayanne.
Orain doinu arraro pila soinu-mahaian…
giroa sanoago zen gure garaian.

4- Lehengoak bai manifak; astero bidaian,
batean Iruñean, hurrena Hendaian.
Orain nekez datoz bi deialdi jarraian…
konpromiso gehiago zen gure garaian.

5- Lehengoak bai gazteak; txosnetan muntaian,
asanbladak luzatzen txostenen lengoaian.
Orain borrokatzen da horren modu guai-an…
iraultza gertuago zen gure garaian.

6- Lehena eta oraina; horra, yin eta yan,
baina iraganetik beti ezin da jan.
Geurea goraipatzen geroratu nahian…
garaipenik ez dago penaren garaian.

Garaiak eta penak