Froga

Froga –

Andoni Egañak BERRIAn.


Gauza bat da esatea, eta bestea ekintzekin frogatzea. Duela hilabete eta erdi Hondarribian ginen bertsotan Anjel Mari Peñagarikano eta biok. Kontxako banderaren bigarren igandea zen, eta lehen tandarekin batera ari ginen kantuan. Librean ari ginenez, estropadaren gaia atera genuen. Emango ote zion buelta Hondarribiak Urdaibaik lehen igandean lortu zuen abantailari? Horretan ari ginela, oso gutxitan egin dugun zerbait egitea otu zitzaidan. Esan ordez, frogatu egingo nuen. Hasi nuen bertsoa, zer egitera nindoan neuk bakarrik nekiela. «Kontxan lehengo astean lehen tirabiran, Urdaibai aurretik ta berdeak segidan. Juxtu zazpi segundo tartean dilindan…». Eta bukaerarik bota gabe mututu egin nintzen. Utzi nituen pasatzen segundo bat, bi, hiru, lau… eta orduan bota nuen bukaera: «hara zazpi segundo ze luzeak diran!»

Ezustea sumatu nuen entzuleengan. Ezinegona. Ikara ia. Ondoezen bat izan ote nuen kezkatzen hasiak zeuden. Esanda soilik baino indar handiagoa hartu zuen zazpi segundoren luzerak, frogatuta.

Antzeko zerbait egin zuen Maddalen Arzallusek Euskadi Irratian Ion Paroti buruzko bertsoak kantatu zituenean. 32 urte kartzelan. Izugarri da. Bere bizitzaldi osoa, hain justu. Adierazpen askatasunari langa horren azpitik jartzen dionak badu arazoren bat…

 

Froga

Froga