Felix Zubia: “Posible balitz, neure kolorea eman nahi nioke saioari"

Felix Zubia –

Aritz Mutiozabalek Felix Zubiari egindako elkarrizketa, Urola Kostako Hitzan.

 

Sailkapenak ez du gehiegi kezkatzen bertsolari zarauztarra. Bere asmoa da bihar jokatuko duen Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketan saio polit bat egitea.

 

Felix Zubia

 

Bigarren aldiz ariko da bertsotan Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta kanporaketako saioari begira  ilusioz dagoela onartu du Felix Zubiak (Zarautz, 1974). Bihar izango du hitzordua, Segurako Baratze pilotalekuan, 17:00etan hasita, eta aurrez aurre beste bost lagun: Ander Fuentes Itturri, Beñat Iguaran, Nerea Elustondo, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi.

Bezperako egun hauetan zer aldarterekin zabiltza?
Umore onez nago, behintzat, eta kantatzeko gogoz. Saio polita egiteko esperantza dut, nahiz eta gero ez dakizun zer aterako den. Edonola ere, kanporaketan aritzeko ilusioz aurkitzen naiz. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko dudan bigarren aldia dut honakoa: duela lau urte Hendaian  kantatu nuen, eta esperientzia oso polita izan zen.

Beraz, eskarmentu pixka batekin aterako zara oraingoan plazara.
Bai, hala da. Iristen zarenean ikusten duzu Txapelketa Nagusiak dimentsio handiago bat duela. Komunikabide gehiago daude inguruan, eta horrekin ere erdi txundituta geratzen zara. Oraingo honetan, espero dut hori guztia pasatuta, askoz ere lasaiago joatea.

Zer moduz joan zaizkizu prestaketa saioak?
Ongi aritu naiz. Hor ibili gara talde dezente bat, txapelketan kantatzekoak garen Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso eta hirurok, eta Iñigo Mantzizidor Mantxi ere gurekin aritu da. Gero, laguntzen ere jende gehiago izan dugu: Motxian bertso eskolatik, Aitor Urbietarekin eta Beñat Jauregi Federekin izan gara; Mikolas Zendoia eta Pello Esnalekin ere bai… Beti gehiago entrenatu nahi izaten da, baina egindako lanarekin gustura nago.

Inguruko bertsolarien artean ezezik, beteranoengana ere jo duzuela diozu. Pello Esnalek eta Nikolas Zendoiak zer ekarpen egin dizuete?
Azkenean, txapelketa batean aurrez egindako lana da politena. Egiten den entrenamendu saio horiek guztiak zeure buruari jartzen dizkiozun betebeharrak dira, baita giroa ere. Pello Esnalek urteak daramatza gu bertsotan trebatzen, guri teknikak erakusten. Nikolas Zendoia ere oso bertsolari ona da, bai bat-batean, bai idazten. Babesa, giroa eta ikuspuntu ezberdinak eskaini dizkigute: gai bati nondik heldu, erantzun bat nola eman, zer gustatu zaien eta zer ez… Horrelako gauzetan lagundu digute.

Alde horretatik, duela lau urte baino prestatuago ikusten al duzu zure burua?
Uste horrekin noa, bai. Baina inoiz ez da jakiten norberak egindako lana nola islatu ahal izango duen. Prestatzen saiatu naiz eta horretan lan egin dut, errimak prestatzen aurretik, ikuspuntuak lantze aldetik. Ea nola ateratzen den! Egunean bertan zer gertatuko den ez baita jakiten.

Nola ikusten dituzu zure kanporaketako gainerako bost bertsolariak?
Finalerdietara sailkatuko naizen ala ez? Ni ez noa sailkapenari begira, nire buruarekin konforme gelditzera noa, saio polit bat egiteko helburuarekin. Emaitza ez dagoenez guztiz nire esku, ez nau horrenbeste kezkatzen. Hobeak direnei txalotu, zoriondu eta aurrera, inolako kezkarik gabe. Egia da gure kanporaketako taldea nahiko orekatua ikusten dudala. Beharbada, Jon Martin ikusten dut goraxeago, baina gainerakoen artean ez dut ikusten alde handirik, eta, zentzu horretan, parekatua izango da. Nik espero dut, era berean, saio polita ateratzea, jendeari entzugarria eta gustagarria izan dakiokena, eta guk ere ongi pasatzeko. Azken finean, bertsolariok ongi pasatzen baldin badugu, entzuleak ere ongi pasatuko du.

Kanporaketako lehenak sailkatuko dira finalerdietara; eta gainerakoak puntuazio eta sailkapen orokorraren zain geratu beharko dute. Ezustea emateko prest al zaude?
Lehenik eta behin, saio polit bat egiteko itxaropena dut, hori bai, eta ondoren, hurrengo saioetan jada finalistak izandako bertsolariak sartuko dira, are izen potoloagoak, eta haiekin saio bat partekatzea polita egingo litzaidake. Horren gogoa badut, baina ez sailkapenaren aldetik-edo halako maila batera iristekoa. Alde horretatik, ez diot gehiegi begiratzen.

Finalerdietara sailkatu eta aipatu dituzun bertsolari horiekin parez pare abestea opari handia izango litzateke?
Hori ikaragarria izango litzateke, zalantzarik gabe, eta oso gustura jarriko nintzake. Baina ez lortuta ere, ez litzateke izango niretzako horren gauza gogorra. Urte batzuk baditut, eta gehiago bilatzen dut nire lana azaltzea eta nire bertsoak erakustea. Besteak ni baino hobeto aritzen badira, bada bejondaiela!

Zer ariketa landu duzu gehien edo non izan ditzakezu gabezia gehien?
Gabezia asko ditut, eta ikasteko bideak oraindik asko. Aurtengo txapelketarako garrantzia berezia eman diot errimak lantzeari. Azkenean, errimak izateak aukera ematen dizu, kantatzeko era ezberdinak egiteko edo arrazoi ezberdinak emateko. Asko gaiaren araberakoa ere bada; izan ere, gai bat tokatzen baldin bazaizu, ezin duzu hortik atera. Hori guztia kontuan izanda, nahiko nuke nire kolorea eman saioari. Beharbada, beste bertsolari askok ikuspuntu ezberdinak izango dituzte, eta nik neure ikuspuntua edo kolorea eman nahi nioke, posible balitz.

Oraindik goiz bada ere, zure ustez nork irabazi dezake txapela? Amets Arzallusek jantziko al du berriro?
Urruti ez da ibiliko. Nik uste dut izen handienak eta faboritoak, Andoni Egañaren faltan, eta txapela irabazteko bide horretan, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus direla. Egia da haien mailara iristen diren bertsolariak ere badirela. Teknikoki, esaterako, Aitor Mendiluze beti dago hor, eta beste gazteren batek ere bidea urratu lezake.

Felix Zubia