Ez egin poto, asteazkenero Bertxoko
Ez egin poto, asteazkenero Bertxoko –
Estitxu Eizagirrek Argia aldizkarian.
Asteazkenetan 20:00etan zuzenean aireratzen da Hala Bedi irratian Bertxoko irratsaioa (hemen orain arteko saioak entzungai) eta Arrosa Sareko beste hainbat irratitan ere entzun daiteke. Umore askeaz eta euskalkiak nahastuz jorratzen dute aktualitatea eta grabatutako bertsoaldiak ematen dituzte. Identitatea anonimatoan gordetzen duten bost kidek egiten dute denboraldi honetan saioa, eta ahots horietako batek argitu dizkigu irratsaioko misterioak.
2003an ekin zioten asteazkenero Bertxoko saioa egiteari Irati Anda, Manex Agirre eta Ruben Sanchezek. Geroztik Gasteizko bertso eskolako hainbat kide izan dira mikroaren bestaldean saioaren gidari eta aurkezle, besteak beste Iñaki Viñaspre, Ekaiz Samaniego, Ander Solozabal… aurten bost gazte ari dira zuzeneko programa egiten: lauzpabost urte daramatza beteranoenak, eta aurten fitxatua da kide berriena.
Bat-batekotasuna da sekretua
Asteazkenero 18:30ean elkartzen dira Hala Bedi irratian eta 20:00etan zuzenean hasiko duten saioa prestatzen dute. “Saioak badu eskema bat eta horrek errazten digu prestaketa. Batetik, aktualitatearen berri ematen dugu eta bestetik umorea lantzen dugu. Aktualitatea agendaren errepasoa eginez eta jartzen ditugun bertso saioetan jorratzen dugu eta umorea atal berezien bidez, esaterako, Bertsografiak atalean (errealitatetik abiatuta fikzioan amaitzen dugu) eta Notiziak atalean (asmatutako albisteak izaten dira hauek)”.
Ke arteko jardunak?
Entzuleok irudikatu ditzakegu programaren egileak belar erreak sortutako lanbrotan eta zerbeza lataz inguratuta. Bere nortasuna gordean mantendu nahi duen ahots honek aitortu duenez, “hori da irudikatu nahi duguna, baina zoritxarrez uste dugu ez garela gure aurrekoen mailara iristen. Hasieretan nahiko jungla baziren irratia eta Bertxoko programa, orain ez gara garai haietara nahi beste hurreratzen”.
Bertxoko sariketa ere bada urtero, urri-azaroan
Irratsaioak urte asko daramatza antenan, eta honek ibilbide bat egina zuenean jarri zuten Bertxoko sariketa abian, 2007an (Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean ikus daitekesariketa honen historia xehe). 2013tik 2017ra arteko etenaren ostean, berriz ekin zioten urtero antolatzeari, eta Arabako gaztetxoei dago zuzendua sariketa, plazan kantatzeko aukerak eman asmoz. Elkarte gastronomikoetan egin izan dituzte kanporaketak azken edizio hauetan, eta Hala Bediren tabernan finala. Bertxoko irratsaioa egiten duen taldeak antolatzen du sariketa, eta Arabako Bertsozale Elkarteak finantzatzen ditu gastuak.