Euskara nori saldu dioten

Euskara nori saldu dioten –

Iñigo Astizek Berria egunkarian.


Umorea eta satira baliatuz, euskara batuaren historia sozial alternatibo bat asmatu dute Xabi Paya gidoigileak eta Patxi Gallego marrazkilariak ‘Nori’ komiki liburuarekin

Euskara nori saldu dioten
Patxi Gallego marrazkilaria eta Xabi Paya gidoigilea, Bilbon, Nori komikia aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

 

«Nori saldu diote euskara batua?». Hori da Nori komiki liburua alderik alde gurutzatzen duen galdera. Donald Trump AEBetako presidentearen merkatu librerako tratatuaren proposamenean topatu zuen lehen hari muturra Xabi Paya bertsolari, idazle eta BERRIAko kolaboratzaileak. «Patenteei buruzko atal bat bazuen proposamenak, eta burutik pasatu zitzaidan euskara batua kode asmatu bat dela, 1968az geroztik atalka argitaratzen dena, egileak dituena, adostasun bat daukana, prozesu bat… eta burutik pasatu zitzaidan galdera: eta patentatu ahalko balitz? Eta norbaitek euskara batua patentatu balu?». Eta hari horri tiraka joan da pixkanaka sortzen komikia. Eustzaina izeneko pertsonaiak euskararen gaineko eskubide guztiak eskuratu ditu, eta une oro eta leku guztietan euskara zuzen erabiltzen dela zorrotz zaintzea izango da haren helburua. Amaia Ezpeldoi eta Damian Arruti detektibeek iraganera bidaiatu eta euskara batuari Creative Commons lizentzia jartzea izango da soluzio bakarra. Patxi Gallego marrazkilariak bilakatu ditu komiki Payaren ideiak, eta Bertsolari aldizkariak kaleratu du orain.

Aurrez ere elkarrekin lan eginak ziren Paya eta Gallego. 2015. urtean kaleratu zuten Nork komiki liburua: bertsolaritza izan zen ordukoan liburuaren gai nagusia, eta lau detektibe jarri zituzten lanean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean, Andoni Egaña nork hil zuen argitzeko. Euskal kulturgintzari buruzko erreferentziaz eta keinuz beteta zegoen lan hura, eta ildo berean doa oraingoa ere. Paya: «Euskal kulturaren iruditeria konpartitua egiteko xede nagusia du lan honek, errelato konpartitu bat egiteko. Komunitatea ezagutzeko. Esaten dugunean ‘gu’, jakiteko nor den ‘gu’ hori, eta aurrekoan bertsolaritzaren behi sakratu bat ukitzen genuen bezala, oraingoan ere beste behi sakratu batzuk ukitu ditugu». Eta broma egin du gero gidoigileak: «Etsai zerrenda luze bat izango dut bizitzaren amaierarako!».

Urteurrenek ere eman diete aitzakia. Mendeurrena izan du aurten Euskaltzaindiak, eta 50 urte bete ziren iaz euskara batuaren oinarriak ezarri zituen Arantzazuko biltzarretik. Bi efemeride horiek, ordea, beste hirugarren batekin gurutzatu ditu Payak, hogei urte baitira aurten Lana Wachoski eta Lilly Wachoski zuzendariek Matrix zientzia fikziozko film entzutetsua estreinatu zutenetik. Eta uztarketa horren emaitza ere bada komikia.

Satira eta historia

Ikuspegi satirikoa da nagusi komikian, baina, sakonean, euskararen historia soziala da liburuaren ardatza, gidoigileak dioenez. Lau bide posibleren arteko bidegurutzean irudikatu du hizkuntza Payak, eta pertsonaia historiko batekin lotu du bide posible horietako bakoitza. Miguel Unamuno idazleak proposatutakoa da bide posible horietako lehena: zuzenean euskarari uko egiteko proposamena, alegia. Elbira Zipitria irakaslearen figurarekin irudikatu du bigarren bidea Payak: euskarari bere bidea egiten utzi, eta baturik sortu gabe aurrera egitea proposatzen zuen bide horrek. Sabino Arana politikariaren bideak euskara garbiaren bidea proposatzen du, eta Gabriel Aresti idazlearena da laugarren bidea, Arantzazuko biltzarreraino heldu zen euskara batuaren ereduarena, zehazki.

Baina historia bezainbeste du komikiak fantasiatik, eta, beraz, benetako gertakari eta bertsoaldi historikoekin batera doaz nahasian denboran zeharreko bidaiak, euskaltzainen eta klonen arteko laser ezpata borrokak, hologramak, euskal musikarien aurkako epaiketak, izpi hilgarriak jaurtitzen dituen euskara zuzentzaile hegalari bat…

Marrazketa estilo batetik bestera jauzika aritu da Gallego horretarako. Tarteka Marvel komiki etxearen super heroien komikien estiloa hartu du pasarte batzuetarako, Dragoi Bola komiki serie ezagunaren aire bat baliatu du beste batzuetan, errealista aritu da beste zenbaitetan, Ralf Konig marrazkilariaren estiloa imitatuz irudikatu ditu gizonen arteko sexu eszenak, eta, dioenez, tarteka, lortu du bere-bereak dituen figura sudur handi eta begi borobildun gutxi batzuk sartzea ere. «Sekuentzia bakoitza mundu bat da».

Estiloz estilo aritze hori da komikiko elementurik erakargarrienetako bat, marrazkilariaren iritziz, baina baita egiteko zailenetako bat ere. «Xabiren [Payaren] gidoiek asko eskatzen diote marrazkilariari, sekuentzia bakoitza ebatzi beharreko ekuazio baten antzekoa da».

Sabino Arana pertsonaia, adibidez, maiz marraztu du komikirako Gallegok, eta, azaldu duenez, ezberdin irudikatu du kontakizunaren pasarte bakoitzean. Baina ez du nekea ezkutatzeko lanik hartu marrazkilariak. Esan duenez, bi urte eta erdiz izan da komikia bere jarduera nagusia, eta azken hilabeteetan baita ia jarduera bakarra ere. Gehitu du tarteka gidoigilea akabatzeko «sen basatia» ere gainditu behar izan duela. Txantxetan. Ustez.

Barrokismoa

Gallegok esan du, adibidez, paisaiak egiten bereziki lan handia egin duela. Onartu du «barrokoak» direla bai Paya eta bai bera ere, eta kultur erreferentziaz josita doazela komikiko binetak.

Ados dago Paya barrokismoaren ideiarekin, eta hiru irakurketa modu daudela dio horregatik. Dioenez, komikian «surf» egin dezake irakurleak, kontakizun nagusiari orriz orri azkar jarraituz. «Igeri» ere egin daiteke komikian, orri bakoitzean pixka bat geratuz. Baina, Payaren hitzetan, nahi izatekotan, badago komikian «urpekari» izaterik ere, eta, modalitate horretan, hamar minutu ere pasa ditzake irakurleak orri bakoitzean agertzen diren elementu eta erreferentzia guztiak identifikatzen eta haien bila.

«Gaiztakeriaren mugan». Payak dio, aurreko komiki liburuan bezala, oraingoan ere puntu horretan aritu direla, baina bigarrenarekin «zintzoago» aritu direla sentitzen du berak. Bilbok presentzia berezia hartu duela ere esan du. «Agian euskara batuaren gerra nik presenteago ikusten dudalako Bilbon, eta agian erronka benetan hor dagoelako, eta izango da ere, seguruenik, orain hor bizi naizelako ere».

Nork izan zen lehen liburuaren izenburua, Nori da bigarrenarena, eta, kasik, ezinbestekoa dirudi Nor izeneko hirugarren eleberri grafikoak. Trilogia bat nahi lukeela onartu du, behintzat, Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko arduradunak. «Aldizkariaren 25 urteak ospatzeko atera genuen Nork, eta aldizkariaren historian agortu den zenbaki bakarra izan da. Sekulako feedbacka izan genuen, eta gerora ere dezentetan galdetu izan digute bigarrena noiz zetorren. Iritsi da, eta Noriirakurrita, trilogia da gorputzak eskatzen duena, nor-nori-nork bat osatzea».

Euskara nori saldu dioten
Euskara nori saldu dioten
Euskara nori saldu dioten
Euskara nori saldu dioten
Euskara nori saldu dioten
Euskara nori saldu dioten