Euskadi Irratiko eta 'EITB.eus'-eko erredakzio kontseiluek larritzat jo dute Arzallusen bertsoak kendu izana

Euskadi Irratiko eta ‘EITB.eus’-eko erredakzio kontseiluek larritzat jo dute Arzallusen bertsoak kendu izana –

Urtzi Urkizuk BERRIAn.


«Adierazpen askatasuna babestearen garrantzia» nabarmendu dute langileak ordezkatzen dituzten bi kontseilu horiek”

Euskadi Irratiko eta 'EITB.eus'-eko erredakzio kontseiluek larritzat jo dute Arzallusen bertsoak kendu izana

«Sarean sortu den polemikagatik EITBko zuzendaritzak Maddalen Arzallusen kantua webgunetik kentzeko hartu duen erabakia larritzat jotzen dugu». Hala adierazi dute ohar batean Euskadi Irratiko eta EITB.eus-eko erredakzio kontseiluek. Arzallusek 32 izeneko bertso musikatuak kantatu zituen ostiral goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan, gitarraren laguntzarekin. Ion Parot euskal preso ohia hizpide hartuta abestu zituen bertsoak: 32 urte egin ditu preso hark, eta bertsolariak bere ibilbide biografiko propioa egin zuen, 32 urteotan Parotek espetxean jarraitu duela gogoratuta.

Euskadi Irratiko eta EITB.eus-eko erredakzio kontseiluek «adierazpen askatasuna babestearen garrantzia» nabarmendu dute. «Salbuespen kasuetan soilik mugatu daitekeen eskubide bat da, eta hau ez zen horietako bat». Hau gaineratu dute langileak ordezkatzen dituzten bi kontseilu horiek: «Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat EITBko zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin».

Bi kontseiluek, era berean, elkartasuna adierazi diete Faktoria albistegiko lantaldeari eta Iñaki Guridi aurkezleari, «jaso dituzten irainengatik eta neurrigabeko kritikengatik». Arzallusen aurkako irainak ere zabaldu dituzte Twitter sare sozialean. «Bide batez, defendatu nahi dugu, zerbitzu publikoa garen aldetik, Euskadi Irratiko eta Eitb.eus-eko erredakzioek, errespetuz eta errespetuan oinarrituta, askotariko saioak eskaintzeko egunero egiten duten ahalegina».

Euskadi Irratiko eta ‘EITB.eus’-eko erredakzio kontseiluek larritzat jo dute Arzallusen bertsoak kendu izana