Estitu Arozena: «Bertso eskola lotua da baina lotura polita sortzen duena»
Estitu Arozena –
Hamasei urte zituelarik hasi zen plazetan Arozena, eta egun, txapelketetan jarraitzen ez badu ere egunerokotasunean bertsozaletasunean murgilduta jarraitzen duela aitortu du lesakarrak.
Mutrikun sortua eta hiru hilabeterekin Lesakara ekarri zuten aitaren (Manolo Arozena bertsolaria) lan aferak zirela-eta, bi anaia zaharragoekin batera. Estitxu Arozenak Lesakako Tantirumairu ikastolan ikasi zuen, eta bertan bizi zen bertso giroak bultzatuta, taldetxo bertsozalea sortu zen bere gelan. Batxilergoan zegoela, bertso eskola sortu eta bertan bertso eskolak ematen hasi zen. Azkenik, hamasei urterekin plazetarako pausoa eman zuen. Egun, Nafarroako bertso eskoletako irakaslea da. Bere bertsolari ibilbideaz, bertso eskolaz eta emakume bertsolarien inguruko kontuez aritu da Ttipi-Ttaparekin.
Gaztetatik bertsolaritza munduan murgilduta ibili zara. Nondik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?
Ezin dut erran nondik heldu den. Aitaren aldeko familia hagitz bertsolaria da. Amaren aldekoa baita, baina ez da aitaren aldetik bezain orokorra. Familian ohitura dugu bazkalondoan bertso zaharrak edo kantu zaharrak kantatzeko. Familia kantaria dut, bueno, gara. Gero, Lesakan Tantirumairu Ikastola bertze oinarri bat da. Familia bai, baina baita ikastola ere bai. Ikastolan orain musika ematen dute, baina urtetan musikaren partez bertsolaritza ematen zen. Hortaz, ikastolak eta familiak eragin dutela erranen nuke. Eta gero, taldea ere bai. Gure taldean gela berean ginen IÒigo Olaetxea, Estitxu Fernandez, Xabier Erkizia, Silveira (urte bat gazteagoa) eta ni. Bertsolaritza gustatu eta jarraitzen genuena. Taldeak ere eragin handia du, zuk eta zure aitak bakarrik baduzue zaletasuna, hori hor gelditzen da eta zaila da aitzinera eramaten. Horregatik, niri, taldeak anitz lagundu zidan.
Aita ere bertsolaria duzu.
Nire aita 1988an plazaratu zen, nik ordurako 13 urteak beteak nituen. 1986ko Euskal Herriko Txapelketara elkarrekin joan ginen, nik 11 urterekin dena jarraitu nuen: finalerdiak, finala… Eta, berehala, aita plazaratu zen. Anekdota gisa, aitak beti kontatzen du Nafarroako Bertsozale Elkartera deitu zuela Estitxu Arozenaren aita zela erranez. Beraz, ni bertsotan hasi nintzenerako nire aitak ez zeramatzan urteak plazetan. Nik 13 urte nituen aita plazaratu zenerako eta ni 16-17 urterekin hasi nintzen plazaz plaza. Orduan, ez dago alde handirik nire eta aitaren plazaratze momentuen artean.
Aitarekin taula partekatzea gustatzen zaizu?
Nahiago dut taulan aitarekin egon, ni entzule izan eta aita kantatzen aritzea baino. Guttiago sufritzen nuen ni ere berarekin taula gainean kantatzen banengoen, eta ez publikoan aditzen egonda. Biok taulan gaudenean, alde batetik babesa eta bertze aldetik konpromisoa sentitzen da, zortzi bertsolarietatik bi gu baikara. Horrez gain, aita eta bion artean alde nabari bat dago: nik plazak uzteko erabakia hartu nuen eta erabaki horretan hagitz erradikala naiz. Orain, plazetako martxa galduta anitz kostatzen zait berriz ere taula gainera igotzea. Agian, izan liteke hain gazte plazetan hasi nintzenez, orain pauso bat gibelera eman dudanean, gibelera egin dudalako. Gainera, ni astelehenetik ortziralera bertso klaseak ematen bizi naiz, mundu horretan. Aita, aldiz, bertsotan aritzeko deitzen badiote bi aldiz pentsatu gabe joaten da. Zentzu horretan, bera ni baino bertsolariagoa da.
«Familian ohitura dugu bazkalondoan kantatzeko»
Zenbat denboraz ibili zara txapelketetan?
Nik 17 urtez kantatu nuen txapelketetan. Baina txapelketan egotea ez da soilik saio horretara joatea. Txapelketan baldin bazaude, plazak egin nahi dituzu, bertsotan aritzeko mugitu nahi duzu. Urte pila bat dira bai, 16 urterekin hasi eta 2011n egin nuen azkeneko txapelketa. Ondotik ere zerbait egin dut, baina gutti. Eta bai, gogoa dut hemen, behintzat, taldekako lehiaketa edo zerbait informala antolatu eta bertan kantatzeko. Gertatzen dena da, orain, antolatzaile papera dudala, inguruan bertsolaritzan dabilen soldatapeko bakarra, edo ia bakarra, naizelako. Hortaz, ardurak hartu behar ditut, eta ardurak hartzea eta kantatzea zaila da.
Plazatik bertso eskolako irakasle izatera…
Zorte handia dut, bertsolaritza nire zaletasuna da eta irakaskuntza pila bat gustatzen zait. Eta bertso eskolako irakasle izatean, biek bat egiten dute. Esperientzia bezala zoragarria da. Hain zoragarria, batzuetan pena ematen baitut bertze deus ez probatu izana. Hori ere hala da. Batzuetan neure buruarigaldegiten diot zenbateraino den egiten dudana nire erabakia edo ingurukoek eta inguruak egitera bideratu nauena. Bertso eskola lotua da, baina lotura polita. Lanpostu duina da, baldintza onekin eta lan gisa hagitz polita.
Noiz hasi zinen bertso irakasle lanetan?
Bertso irakasle, agian, bertsotan baino lehenago hasi nintzen. Hasteko, 1995ean Kanbon, Jon Sarasuaren baja bat egin nuen astean bi egunez. Hori baino lehenago, 1993an, Psikologia Gradua egiten ari nintzen bitartean, Antiguo auzoan arratsaldetan bertso eskolak ematen nituen. Anekdota gisa, garai hartan Psikologia Graduan nire irakasle zenari bertso eskolak ematen nizkion. Goizetan bera nire irakasle zen bi orduz eta arratsaldetan ni bere irakasle nintzen bertze bi orduz eta egoera hau bitxia, baina polita zen. 1999an lanaldi osoan hasi nintzen, gaur egun arte. 2011n deskantsua hartu nuen ama izan nintzelako.
Irakasle ibilitako urte hauetan, baduzu talde kuttunik?
Gustura egon naizen taldeak aunitz dira, ezin dut bat soilik hautatu. Aitortu behar dut emaitzak eman baditu, beti oroitzen zarela. Gogoan dut Leitzara joaten nintzenean eta Illarregi anaiak ezagutu nituenean, ´nik hauek etorkizunean ikusi nahi ditut; haurretan horrelako gaitasuna badute, gero nolakoak izanen dira!ª pentsatu nuen eta emaitzak ikusi dira. Julio Sotori ere klaseak eman nizkion. Irakasle bezala motibatutako ikasle batek poza ematen dizu. Azkenean, irakasle izatea ez da jakintza guztia dut erakustea, irakasle izatea laguntzea da, tresnak ematea eta bidean laguntzea. Bertzetik, nik nirea dut Bortzirietako Bertso Eskola. Ez da klaseak ematea bakarrik, urtean zehar egitarau bat edo taldekako lehiaketa bat sortzea da. Bortzirietan, gainera, babes handia dut helduen taldean, eta batzorde bat bailitzan antolatzen da. Beti laguntzeko prest daude, adibidez, Iban Garro, Julen Zelaieta edo Eneko Fernandez. Hortaz, Bortzirietan elkarte ttiki bat garela iruditzen zait.
«Ez dago alde handirik nire eta aitaren plazaratzetik»
Bortzirietan neska gazte talde bat omen bertsotan dabilena…
Talde polita sortu da, edozein proposamen aitzinera ateratzen dute eta beti prest daude edozer antolatzeko. Bertsotan, gizartean bezala, estereotipoek berdin segitzen dute. Haurretan denak nahiko berdin jokatzen dute, baina 15 urtetatik goiti gauzak aldatzen hasten dira. Mutila, bertsotan pixka bat kaskarragoa bada ere, mikrofono aitzinean erraz jarriko da. Neskari, aldiz, bertsotan ongi moldatu arren, pausoa ematea gehiago kostatuko zaio. 90.eko hamarkadan hori horrela zen, eta orain ere bai. Horrek zer pentsatu ematen du, egungo neskek emakume erreferenteak dituztelako. Euskal Herriko Txapelketan txapelduna emakumezkoa izan da bi urtez.
Oraindik ere emakumeak taula gainean epaitzeko joera dago?
Ni hagitz zorrotza naiz gai horrekin eta zentzu horretan gibelera egin dugu. Bertsolariaren balioa ez dago jantzian, bertsoak egin eta kantatzeko gaitasunean baizik. Gizonezkoa ez da epaitzen kirol arropa, bakeroak edo mahoizko galtzak janzten baditu, emakumea, aldiz, bai. Gure garaian drag-queenak deitzen ziguten garaiko gizonezkoak imitatzen genituelako. Baina, emakumeak hori baino anitzagoak gara. Bilakaera bat eman da, bai gizonezko bai emakumezkoen estetikan eta estetika guztiak beharrezkoak dira.
Bertso bat hautatu beharko bazenu…
Maialen Lujanbioren Bi nortasun agiri zarete. Baina hagitz zaila da bat soilik aukeratzea.
Bertsolari bat?
Hemen ere arazo bera dut, ezin dut bakarra aukeratu… Hiru aipatuko nituzke: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Jon Sarasua.
Nor aditu nahiko zenuke zure bertso bat kantatzen?
Ilusioa egiten dit ezagutzen ez dudan pertsona bat nire bertso bat kantatzen aditzeak.
Bertsotan aritu zaren leku bat?
Azken bi finalak hagitz bereziak izan dira. 2010ean Lesakan eta 2011n Labriten. Biak ere jendez lepo zeuden.
Bertso pentsatuak edo bat- batekoak?
Bat-batekoak.