«Esperimentatzeko eremu izugarria daukagu umorean». Ane Labaka
Esperimentatzeko eremu izugarria daukagu umorean –
Ane Labakari Miren Garatek egindako elkarrizketa, Berrian argitaratua.
Bertsolaritzan garatutako umoreak aztertu ditu, 11 emakumeri elkarrizketak eginda. Umore hegemonikoaren eta bazterrekoaren arteko aldeei buruz mintzo da, eta umore aldaketez.
Aste honetan aurkeztu du Ane Labakak Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik ikerketa lana. Gizarte Antropologia masterra ikasi du lasartearrak, eta hasieratik zuen argi bertsolaritza eta generoa uztartzen zituen zerbait ikertuko zuela. Umorearen eremua gehiegi landu gabe zegoela eta, horri heldu zion. Erakutsi nahi izan du genero sistemak nola markatzen duen erabiltzen den umorea, baita umorea bera ere nola erabil daitekeen eusteko nahiz genero sistemak ezarritakoa hausteko ere. Esperientzia pertsonala kontatzeaz gain, Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Amaia Agirre, Bea Egizabal, Nerea Elustondo, Aitziber Garmenda, Idoia Torregarai eta Irantzu Varela elkarrizketatu dituzu. Oinarri teoriko bat ere osatu du. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak emandako saria jaso zuen Labakak.
Ustez, nahiko modu intuitiboan aukeratu omen zenuen gaia.
Ikusi dut, emakume bertsolari gisa, neuk ere banuela zerbait umorearekin. Amaia Iturriotzek kontatzen du bertsotan hasi ginenean beti esaten zigutela ze onak ginen gai serioetan. Umorean txarrak ginenik ez ziguten esaten, baina hori barneratu genuen. Bertso eskolan, Oihana Iguaran eta ni ginen neska bakarrak. Eta ikusten nuen mutilek lizentzia gehiago hartzen zutela bertso erdian geratzeko, trabatzeko. Haiek zortziko txikiarekin edo puntu erantzunekin lotzen den bertsokera garatzen zuten batez ere; gu, berriz, arrazoi potologintzan trebatzen ginen, irakurritako arrazoi potolo pila —askotan, inoiz sentitu edo bizi gabekoak— kantatzen genuen. Gero, konturatu nintzen hain hegemonikoak ez ziren saioetan, giro feministetan antolatutako saioetan-eta, beste umore mota bat ere sortzen zela. Eroso sentiarazten ninduen. Horrekin abiatu nintzen.
11 emakume elkarrizketatu dituzu: bertsolariak dira zazpi; beste laurek, umorearekin dute lotura. Zer errepikatu dizute gehien?
Umorea ez dela txorakeria bat. «Baina umorez esan du, ez hartu kontuan», esaten da sarri. Umoreak pisu handia du, baina, boterearekin oso erlazio estua baitu.
Bertsolaritzan garatutako umorea(k). Pluralean da izenburua. Zer umore mota bereizi dituzu?
Hasteko, umorea egiteko hiru norabide identifikatu ditut: goitik behera egiten dena; behetik gora egiten dena (antzeko posiziotik botereari egindako kritika); eta, azkenik, parez parekoa, gero eta gehiago egiten dena. Hiru norabide horietan oinarrituta, bi umore mota bereizi ditut: batetik, hegemonikoa, normalean oso maskulinoa eta goitik beherakoa izaten dena; eta bestetik, subertsiboa edo bazterrekoa, eta hor sartu ditut behetik gorakoa eta parez parekoa.
Goitik beherako umorea izan da nagusi bertsolaritzan. Oso ohikoa izan da bertsokidearen edo publikoaren ezaugarri fisikoekin sartzea, esaterako. Umore hori ez dago zaharkituta jada?
Umorearen eta umiliazioaren arteko muga oso lausoa da, eta iruditzen zait gero eta gutxiago egiten dela umore hori, baina saio mota jakin batzuetan asko eskatzen da oraindik. Orain gutxi bertso bazkari batera joan nintzen, eta esan ziguten: «Hasieran kantatu pixka bat, eta gero jendearekin sartu». Beste era batera nahiko nuke egin, ez bati burusoil eta besteari gizena deituz. Emakume bertsolariok askotan erabakitzen dugu zerbait ez dugula egin nahi, zaila dena da beste zerbait proposatzea.
Ezaugarri fisikoekin sartzeko umorea gutxiago egin da emakumeen kontura, ezta?
Betiko txistea izan da «oso guapa etorri zara, pelukeriatik pasata», baina gizena gutxiagotan deitu izan zaio emakumeari. Gizarte honetan zeini onartzen zaio gizena egotea? Adin batetik aurrerako gizonei, emakumeari ez. Orduan, berez ezin bada gizena egon, eta zuk gainera hori kantatzen badiozu, errespetu faltatzat hartu izan da.
Ikerketan aipatzen duzun kontuetako bat da umore hegemonikoarekiko erresistentzia bai, baina batzuetan transgresiorako pausoa falta dela. Zerk oztopatzen du urrats hori?
Esate baterako, esperimentatzeko leku faltak. Sei bertsolariko saioetan, normalean, bi emakume izaten dira gehienez; eta laukoetan, bat. Esperimentatzeko izugarrizko eremua daukagu, umorea oso lotuta dago metaforen erabilerarekin, irudiekin, eta hori dena egiteko dago. Beti jartzen den adibidea da, baina aluaz ez da batere kantatu, eta zakilaz zenbat? Aurten, hirugarren ikasturtea dugu ahalduntze bertso eskolan, eta jendea benetan harrituta geratuko litzake han sortzen den umorearekin. Ez da kasualitatea emanaldietan eta beste saio batzuetan ere beste umore mota bat ikusten da.
Zerk bereizten du umore hori edo zer ezaugarri dituela esango zenuke?
Adibidez, gaitegia aldatzen da, zeri buruz kantatzen den. Hilerokoari buruz, emakumeen gorputzari buruz, orain arte saio horietan bakarrik kantatu da. Posizioarena ere kontuan hartzekoa da. Bazterreko eremuetan askoz barre gehiago egiten zaio norbere buruari plaza hegemonikoetan baino. Ikusi ditut bertsolariak publikoarengana joan eta adineko emakumeei titiak erorita edukitzeari buruz kantatzen, baina aurrena zeure bularrez kantatzen duzu, eta zeu ere barruan sartzen zarenez, identifikazioz, besteek ere barre egiten dute, eta askoz parez parekoagoa da botere harremana. Era berean, estereotipoak hausteko ahalegin handiagoa egiten da. Plaza hegemoniko horietan betiko estereotipoez kantatzen da, Lizaso gaur egun ez da gizena, baina halakotzat hartzen da oraindik ere.
Aurtengo txapelketan asko aipatu da zenbat emakumek egin duten aurrera. Akaso, ordea, aipatu dituzun kontuetan egon da aldaketa nabarmenena: gaietan, bertsolariek hautatutako bideetan, diskurtsoaren mailan…
Zalantzarik gabe. Adibidez, Zallako saioan, Miren Amurizak 82 urteko emakume baten gorputzaren deskribapena egin zuen, orain arte inork bertsotan egin ez zuena. Egun horretan, bertsotan izugarri egin zuen Mirenek. Batzuek errimekin egiten dute lanketa, besteek kantaerarekin, eta emakume bertsolariok lanketa kolektibo bat ere ari gara egiten: gai bakoitzaren aurrean non kokatu. Hortik etorriko da aldaketa, kokapen eta posiziotik. Interesgarria dago kontua txapelketan, zeren erresistentzia batzuk ere agertzen hasi dira. Ezin da zalantzan jarri emakumeek eman duten maila, baina aurrean hainbeste emakume egotea susmagarri dela eta beste ere entzuten da. Norbere pribilegioak arriskuan ikustean, beti gertatzen dira halakoak; gauzak ondo egiten ari garen seinale.
Txapelketan bertsoa epaitu egiten da. Umorea epaitzea ez da bereziki zaila?
Txapelketan joan dira eduki matxistak eta arrazistak zituzten bertsoak, eta ez dakit zenbateraino zigortu diren. Baina publikoa bera ere epaile da txapelketan. Aurten, bertsoa.eus-ek inoiz baino gehiago enfokatzen du publikoa, eta ikusi dut nire adineko jendea eduki horiei txalo egiten, txalo horiekin zuk ere onartu egiten duzu esan duena. Umorea gozamenarekin dago lotuta, eta, barrez ari zarenean, askoz zailagoa da bigarren buelta bat ematea, esan duen hori zilegi den edo ez pentsatzen jartzea. Bertsolaria serio ari denean, aldiz, esan duenarekin ados zauden ala ez pentsatzen duzu.
Publikoak umore hegemoniko hori eskatu bitartean alda daiteke umorea egiteko modua?
Nik sinesten dut, oholtzan dagoen momentutik, eragiteko gaitasun handia duela bertsolariak. Egia da, era berean, publikoa gizartearen isla den bezala, bertsoa ere hala dela. Eta bat-batekoa izate horrek, prekaritate horrek, gure barruan zer dugun ikusteko aukera ematen digu askotan, zein matxistak eta arrazistak garen. Onintza Enbeitak kontatzen zidan ikerketan: etxean bazaude bertso bat pentsatzen, eta buruan bost kaxoi badituzu, bostak irekiko dituzula, baina bat-batean ari zarenean, lehen kaxoian geratzen zara. Eta hor zer daude? Inertziak, estereotipoak… Orduan, barruan duzuna ateratzen da, eta bota egiten duzu, nahiz eta igual zuk ez pentsatu hori zeneukanik ere.
Zerbait esan aurretik bertsolariak gehiago pentsatzen du txapelketan? Horregatik dago umore gutxiago?
Nire ustez, ez da horregatik. Txapelketan, bertsolariek gorputzaldia oso markatuta izaten dute hasieratik: zortziko handian serio, txikian umorea, puntuak, hamarreko txikian sakontasunez, eta bakarkakoa. Doinuak ere aurretik adosten dituzte bertsolariek, eta horrek are gehiago mugatzen ditu. Eta, gainera, publikoak ere eskema hori espero du.Umorea egitea oso zaila da, eta oso-oso ondo egin behar duzu funtzionatzeko. Gainera, publikoak ez duenez espero bide hori hartzea, justifikatu bezala egin behar duzu. Nola? Ondo eginez.