Eneko Abasolo 'Abarkas' - Memoria

Memoria –

Eneko Abasolo Txabarri, ‘Abarkas‘, BERRIAn.


Iurretan (Bizkaia) jaioa, 1976an. 1998an parte hartu zuen bere lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Bertan, bi aldiz sailkatu zen finalerdietarako: 2010ean eta 2018an —zortzigarren izan zen lehengoan, eta zazpigarren bigarrenean—.  2004az geroztik, txapelketako zazpi finalaurrekoetan izan da. Azkenengoan 2023koan, 15. geratu zen finalaurrekoetako sailkapenean.

Doinua : 14 heriotzena

 

 

Memoria osatzen da
Lurrez eta Harriz
Minetako negarrez 
Ta pozaren irriz.
Amama eta bere 
Ahizpa letra larriz
Oroitu nahi nituzke
Justizi egarriz
Beraien historia 
Bertsotan ekarriz

 

Durango bonbardatu 
Zuten orduetan
Faxistei beldurra,
Sartu hezurretan.
Babesa hartu zuten 
Ihesi Sopuertan,
Bertan egon ondoren 
Hainbat egunetan 
Desgrazia zain zuten 
Bueltan Iurretan

 

Iseko Filomena 
Madrilen lanean,
Ezustean etxera 
Itzuli zenean
Ja iñor ez zegoen 
Baserri barnean
Ta faxistek jomugan 
Jarri azkenean
Nonork txibatazoa 
Eman zuenean

 

Bortxatu egin zuten.
Guk zenbat galdera
Ta ondoren erahil.
Posible ote da!
Lurrean utzi zuten
Luze luze bera
Bertsio ofizialak 
Zion arabera
Bakarrik erori zen
Eskilaran behera

 

Ahizpa bat erahila
Betirako drama!
3 neba kartzelan
Espainian barna.
Minean murgildurik 
Bizi zen amama
Ta orain oroituaz 
Berriz iragana….
Pena dugu inoiz ez
Galdetu izana

 

Gure Amama Miren 
Zen min horren lagin
Zenbat familietan 
Gertatu zen berdin 
Itxi gabeko zauri 
Joan gabeko min
Bertsotan kontatu dut
Historia gordin
Pasatua sekula 
Ahaztu ez dadin

 

Memoria

Memoria