Emakume gehiago bai, baina feministago?

Emakume gehiago bai, baina feministago? –

Itxaso Paya Ruiz, Pikara Magazinean.


Gaien analisiaren ikuspegitik, ondoriozta dezakegu Bertsolari Txapelketa ezin jo daitekeela feministatzat modu proaktiboan. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ahalegina agerikoa da, baita zenbait genero politikarena ere, baina diskurtsoari erreparatuta, errealitateak ez du hainbesteko aurrerapausoa egin. Deigarria da XXI. mendeko Bertsolari Txapelketako finaletan Bechdel testa gaindituko duen gairik ez egotea.

 

Emakume gehiago bai, baina feministago?
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez. | Argazkia: Argia.

 

Ziur asko ez nuke idatziko idazten dudana ederra banintz, topatzen ditudan gizon guztien jarrera aldarazteko bezain ederra banintz. Feminitatearen behargin xume bat naizen aldetik hitz egiten dut, hortik mintzatu naiz iraganean eta hortik hasiko naiz berriro gaur.

Virginie Despentes (King Kong Teoria, 2006)

 

XXI. mendeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletan erabili izan den gaitegiaren izaera feminista ote da? Eta bertsolarien sorkuntzaren corpusarena? Genero arraila identifikatzeko ezagunak diren testak eta printzipioak erdigunera ekarri nahi ditut artikulu honen bidez, eta txapelketa behatu euren prismen betaurreko moreez baliatuta.

Bechdel/Wallace testa filmetan, komikietan eta beste kultur produktuetan genero arraila neurtzeko sistema da, eta 1985ean agertu zen lehenengoz, The rule tira komiko batean. Alison Bechdelen komiki baten bidez hedatu zen, eta, dirudienez, Alisonen lagun Liz Wallace izan zen testa asmatu zuena.

Bertan, pertsonaia batek zera dio:

– Nik ez dut ikusiko hurrengo hiru baldintzak betetzen ez dituen filmarik:

  1. Filmean gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzen dira.
  2. Pertsonaia horiek, behin gutxienez, elkarrekin hitz egiten dute.
  3. Elkarrizketa horren gaia gizon bat ez den beste zerbait da.

Komikiko pertsonaiak BTNko finala ikusteko sarrerarik erosiko luke? Etxetik ikusiko luke, agian? Ez luke ikusiko? Ez luke ikusiko, ezta? Gainditzen ote du 2022ko finalak Bechdel-Wallace testa? Ez; ez 2022ko finalak, eta ezta XXI. mendeko final bakar batek ere. Sei final jokatu dira mende honetan; horietako bakoitzean 41 gai jarri dira eta zortzi bertsolarik kantatu dute. Guztira, beraz, 246 gai entzun ditugu azken mendeko finaletan. Ezen gaik ez du Bechdel-Wallace testik gainditu, ezta horiei erantzun gisa eskainitako bertsoaldiek ere. Beno, bai. Badago salbuespen bat. Salbuespen bakarra dago eta Maialen Lujanbio du izena. EgIn dezagun memoria pixka bat:

2005-12-18 Barakaldo Txapelketa / Maialen Lujanbio

Eskola mailako futbol entrenatzailea zara. Negarrez ari den zortzi urteko umetxo bati botak

eranzten laguntzen ari zara.

Bertsoaldi hori, ziurrenik, Bechdel testa gainditzen duen XXI. mendeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletako salbuespen bakarra da: emakume entrenatzailea (neskatoori errimarekin bere generoa definitzen du) futbol jokalari neskatoari mintzo zaio gizona ez den gai bati buruz. Bechdel testaren azken baldintza betetzen duen ala ez zalantzan jar daiteke, egungo futbola, eta, oro har, kirolaren lehiakortasuna patriarkatuaren eta androzentrismoaren ondorio zuzentzat jo daitezkeelako (eta ondorioztatu daiteke gizonak nagusi diren gizartearen isekak eta burlak pairatzen dituela neskatoak, nagusiki gizonek kontrolatzen duten kirolaren esparruan, gainera). Testa betetzetik harago (nahiz eta aski esanguratsua izan ikerketa honen xederako), bertsoaldiak aurkeztu digu emakumeen arteko konplizitatea bilatzea helburu duen entrenatzaile baten diskurtsoa. Badu oraindik Betty Friedanen oihartzuna, nolabait, nabarmendutako pasarteei erreparatuta:

– “Ronaldinho”: hasieratik argi geratzen da futbolaren mundua gizonezkoena dela, erreferentzia maskulinoa azpimarratzen baita bertsoaldiaren hasieran.

– “Ez egin negar”: sentimenduak erreprimitzeko eta ezkutatzeko gomendatzen da berriro ere. Emetasuna ahultasunarekin lotuz, entrenatzaileak iradokitzen dio hobe duela negarrik ez egin futbolean aritu nahi badu, gainerakoek (mutilek) ez baitute egiten.

– “neskato”: bigarren bertsora arte ez dakigu umearen generoa, eta hori esplizitatzeak ikusgai jarriko du emakumezkoen kirolaren zapalkuntza egoera. 2001eko bertsoaldiarekin alderatuta, zehaztasun horrek izugarri aberasten du bertsoaldiaren diskurtsoa, anbiguotasunik gabe, ikusarazi eta erdigunean jartzen baitu errealitate azpiratua.

– “ta polit-polit atera”: Ellen Willis testa ez luke gaindituko aipu horrek. Zaila da imajinatzea entrenatzaile gizonezko bat futbol jokalari mutil bati esaten dutxara joan eta aldagelatik “polit-polit” ateratzeko. Emakumearen gorputzaren eta estetikaren erreferentzia horrek izugarri ahultzen du diskurtsoa, iradokitzen baitu umearen etsipena “eder jantzita” konponduko dela, emakumeen eta zorionaren arteko lotura edertasunaren bidez eginez ezinbestean.

– “baina lehiaren gordintasunik ez opa neskatoori”: esaldi horren analisi zehatzetik ondoriozta daiteke bertsoaldiak ez duela erabat betetzen Bechdel testa, uler baitaiteke lehiaren gordintasuna gizonen kontua dela, emakumeei ezin dakiekeena opa. Badu konplizitate puntu bat ere, entrenatzaile emakumea neskato bihurtzen baita. Edonola ere, ñabardura horretatik harago, esaldi horrek, argi eta garbi,  Betty Friedanen ekarpenari egiten dio erreferentzia. Futbola gizonezkoek kontrolatzen dute, emakumezkoen aldizkariak bezalaxe, eta horrelako ingurunean emakumeak sekula ez du lortuko bere burua garatzea eta osatzea.

– “galdu duzula, nahiz ta jendea, burlan ta isekan ari; zu ez lotsatu, zu ez beldurtu, eutsi zure buruari”: azken puntu horrekin, bere bidea egiteko deia egiten dio entrenatzaileak umeari, eta pentsa liteke amore ez emateko gomendioa dela, hau da, emakume gisa bere burua gauzatzeko bideari gogor heltzekoa. Diskurtsoak Friedanen testuinguruan zentzua hartzen badu ere, Simone de Beauvoirren ekarpenak ere aberastu egin dezake bertsoaldiaren edukia: emakumeen futbola gizonen munduaren mende dago eta partida galdu duen neskatoa izaki akastuna da, gizonarekiko desberdindu eta zehazten dena. Emakumeen futbola alteritatearen metafora da: “Futbol joko nagusia, ez, bestea baizik” (Beauvoir, 2019).

2022: Beirazko sabaiaren arrakalak

Historian lehen aldiz, hiru emakume sailkatu dira BTNko finalera, eta film mutu batean, akaso, Bechdel-Wallace testa gaindituta egongo litzateke. Hala ere, gaien eta bertsoaldien edukiari erreparatuta, emakumeen presentzia areagotzeak ez du test hau gainditzea ahalbidetu. Despentes eta Davis ere presente izango ditugu 2022ko finalaren gaitegia eta bertsoaldiak aztertzeko.

Martiarena, Agirre eta Arriola bezala, ni ere sei puntuko motzaren ariketatik hasiko naiz

.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Joanes Illarregi eta Aitor Mendiluze

Joanes 25 urteko semea eta Aitor, ama zarete. Joanes, Aitor amak esan dizu banandu nahiko lukeela, baina ez duela bizitza berri bat bakarrik hasteko modurik.

Emakume zaurgarriaren papera azpimarratu da ariketa honetan. Emakume heterosexuala irudikatzen du bertsoaldiak, aspaldi maitasunik jaso ez duena, sufritzen duena, uler dezaten besterik nahi ez duena, inor mindu nahi ez duena.. Hona hemen aipu zehatz batzuk:

– “sufritzen denok gabiltza

– “ez goxo ta ez maitasun hitzik aspaldian entzun

– “gauza bakarra nahi det Joanes: ulertu nazazun

– “Aita ta biok

– “ea egiten asmatzen dedan inor mindu gabe

Honakoak dira azken sei finaletan jarritako gaietan zein bertsolarien bertsoetan emakumeei lotuta gehienetan aurkezten diren pertsonaiak edo estereotipoak:

– Amak: bertsolarien amak, biharko bazkaria prest daukatenak, seme-alabei janaria jantokira eramaten diena, ama izatearekin pozik ez dagoena, ama ezkongabea, etxeko lanak egiten dituena, arrazakeria jasaten duena, inor mindu nahi ez duena…

– Prostitutak: gaua kartzelan pasatzen dutenak, haien bezeroen isunei buruz hitz egiten dutenak.

– Senarren emazteak: senarragatik dena emateko prest daudenak, senarraz nazkatuta daudenak, senarra utzi nahi duten arren beldur direnak..

– Neskatilak: mutil-lagunen indar erakustaldiari buruz hizketan, konplexuz beteak, ahaldundu gabeak..

Seiko motzarekin gehiegi luzatu gabe hurrengo bertsoaldiari aipamena egin nahiko nioke.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus

Nerea eta Amets neba-arreba abeltzainak zarete. Orain arte, behien esnea enpresa bati saltzen zenioten. Nerea, Ametsek proposatu dizu lan egiteko modua aldatzea, eta esnekiak zuzenean saltzen hastea. 

Neba-arrebak aipatzen ditu gaiak, baina bertsolariek ez dute zehazten nor den nor. Gai gehienek ez dute generorik zehazten aldez aurretik; beraz, bertsolariek hautu kontzienterik egin ezean, anbiguotasuna edo indefinizioa eta, beraz, kanona sustatzen dituzte gehienetan. Kasu honetan, anbiguotasunak ez du ikusgaitasunik bermatzen. Generoaren indefinizioa genero guztiak kabitzeko bidea izango dela pentsa daitekeen arren, anbiguotasunak kanona elikatzen du, eta entzule heteropatriarkalek inolako trabarik gabe jarraituko dute euren gizarte eredua elikatzen generoa zehazten ez den bertsoaldietan.

Ganbarako gaiari hiruna bertsorekin erantzun behar izan zioten bertsolariek Iruñeko finalean ondoren: “Irribarre konplizea egin diozue elkarri”.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Aitor Mendiluze

Mendiluzek, seiko motzeko ariketan egin legez, emakume zaurgarriaren estereotipoa hautatu zuen bakarkako gaiari erantzuteko. Kasu honetan, aldiz, ez zuen inor mindu nahi ez duen ama baten pertsonaia atera, bertso-eskolan dabilen neskato lotsati batena baizik. Alde batetik, Mendiluze bertso irakaslea da oholtzatik kanpo, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio bertsoaldi honetan konplexuz betetako ikasleari kantatzeko. Errealitatea da bertso-eskoletan aritzen diren neskato ugarik publiko aurreko jarduna baztertzen dutela nerabezarora iritsi ahala. Beraz, ziur naiz Mendiluzek ondo eta gertutik ezagutzen duela ikasle horren egoera. Hala ere, “nik badakit” behin baino gehiagotan esateak, eta “ez dut behartu nahi” bezalako aipuek gizon boteretsuaren rolaren kolorea iradokitzen diote sortutako pertsonaiari, mansplaining (agian mastersplaining baino ez) puntu bat erantsiz.

..Sekula ez dago lasai

konplejuak ditu etsai

nik badakit badela gai

esan nahi diot baina ai

besteak hasten dira kantari

eta orduan berak jai..

…nik tira egin nahiko nioke

baina ez dut behartu nahi.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Alaia Martin

Martinek bere bigarren lehen aldia kontatuz erantzun zion ganbarako lanari. Finalean, lehen aldiz, emakume ahaldunduaren irudia plazaratu zuen Oiartzungo bertsolariak. Bere askatasun sexuala lortu, eta harreman lesbiko bat izatera ausartu den emakumea ezagutu dugu Martini esker: gauza berriak probatzeko gogoz dagoen emakumea, beldurrik ez duena, plazera sentitzea maite duena, mugak deuseztatzen dituena…

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Maialen Lujanbio

Lujanbiok, bere pertsonaiaren generoa espezifikatzen ez badu ere, identitate queer-ari eta LGTBIQ+ kolektiboari erreferentzia egiten die hurrengo hitzen bidez: “gure poltsa ortzadardunez poz-pozik atera gara” . “Arrisku den gizonari sarrera bat ukatzea” aldarrikatzen du bere bertsoaldian. Lehen aldia da bertsolariak hain esplizituki aipatzen duela identitate sexuala final batean. Bere kontakizunak epika klasikoa du oinarri: txikiak elkartu dira handiaren aurka, eta metroko bagoiko pertsona intimidatuak elkartzeak balio izan du “eskuindar fatxa” trenetik botatzeko. Egungo zapalketari aurre egitea da Lujanbioren proposamena, ondo irten behar den erantzun pasibo oldartsuaren bidez. (erantzun pasibo oldartsuaren bidez jarriko nuke).

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Sustrai Colina

Colinak bi emakume zaurgarri ekar ditzake bere bertsoaldian, eta “ditzake” diot, ez baitago subjektuaren generoaren definiziorik. Alde batetik, Joxeren alaba emakume zaurgarri bat da: ezin du bere aita zaindu eta gaixoak negar egin nahi du, bakarrik dago… Bigarren emakumea zirriborratzeko, gaiak iradokitako gizarte mailakatzea irudikatu behar dugu. Izan ere, gizarte kapitalista mailakatzen du bertsoaldi honetan, ze emakume zaurgarri horren azpitik daude migratzaileak, izan emakume zein gizon (ez dakigu Colinak ze genero hartzen duen), eta horietako baten ahotik kantatzen du urruñarrak. Hau da, Colinaren pertsonaia gizona balitz ere, emakume zuri zaurgarriaren azpitik dagoela iradokitzen du bertsoaldiak.

Hamarreko txikiko ariketari dagokionez, Colina eta Arzalusi egokitutakoa aipatzeko modukoa iruditu zait.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Sustrai Colina eta Amets Arzallus

Sustrai gurasoa eta Amets 14 urteko semea zarete. Sustrai, gaur Ametsek hiruhileko honetan atera dituen notak erakutsi dizkizu. Orain arte ez bezala, nota txarrak atera ditu.

Colinak, gaiak guraso dela soilik zehaztu arren, aita izatea erabaki du, bere bikote den ama zuzen eredugarriaren paperari ere erreferentzia eginez. Hortaz, bikote heterosexual bateko kide da Colina aita. Sexu heziketari lehentasuna eman dio, gainditu beharreko azterketarik garrantzitsuena horixe dela iradokiz. Ellen Willis testa datorkit burura bersoaldi honetan: Colinak amaren papera hartu izan balu aitaren paperetik esandako bera kantatuko al lioke semeari? Eta, semearekin beharrean, alabarekin izan balu elkarrizketa?

..orain hasten da zure

sexu heziketa

hau da gainditu behar den

ebaluaketa.

Ellen Willis kazetari amerikarrak proposatuko testak dioenez, fikziozko obra horrek emakumeen kaltetan areagotzen du genero arrakala, emakume baten pertsonaia gizonezko batenarekin ordezkatzean testuingurura ez baldin bada ondo egokitzen edo arraroa suertatzen bada. Filmak, eleberriak edo istorioak ez luke Ellen Willis testa gaindituko genero aldaketarekin zentzua galtzen badu (JennIRL, 2021).

Arzallus semeak, ostera, genero aniztasuna mahaigaineratzeko hautua egin du.

..nik nahiago dut Patxi

ta Maiteren lora

genero guztiekin

egin dut aproba

horretantxe pasatu

behar dut denbora

eskola gero ere

hortxe egongo da.

Gaia emanda kantatu behar izan zuten bertsolariek arratsaldean, eta publikoko hainbati gogorra egin zitzaigun Ibarzabali egokitutako gaia entzutea bera. Ariketa zehatz horretan hiru gai eta bertsoaldi aztertuko ditut: Ibarzabal, Lujanbio eta Arzallusenak.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Nerea Ibarzabal 

Urte luzez isilik gelditu ondotik, ttikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu.

Bertsoaldi horren bidez bi emakume mota plazaratu dizkigu Ibarzabalek: abusuak jaso dituen neskatoa eta trauma duen emakumea. Emakume zaurgarriak dira biak ala biak. Bertsoek emakumearen biktima izaera azpimarratu dute, eta kontakizun epikoaren ereduari jarraiki, emakume helduak aurre egiten dio gizonari, baina modu berezian: errukitu egiten da gizonaren adinagatik (zaharra da), eta justizia baino mendeku kutsua duen azken bertso batekin ixten da bertsoaldia.

 

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Maialen Lujanbio

Egun osoa bertzeen etxeak garbitzen aritu ondotik, zure etxera ailegatu berri zara.

Lujanbiok “emakumeak eta gazteak” aipatu ditu bertsoaldi honetan. Hain zuzen ere, bere pertsonaia emakume gisa aurkeztu du, eta kolektibo zehatz batekoa dela adierazi du.

Gazteak eta emakumeak

ohi dituzte aukeratzen..

..eta guretzat kontratu batik

ere ez dute eratzen..

Beraz, oraingoan ere emakume zaurgarriaren rolarekin egin dugu topo, baina ñabardura garrantzitsuarekin: emakume hori bere buruaz harro dago. Harrotasuna ez da ohiko ezaugarria emakume zaurgarriaren definizioan, eta, beraz, pauso bat harago doa Lujanbio. Kasu berezia da, izan ere, zapalkuntza anitzi egin dio errefentzia: bere pertsonaia emakumea, koletibo zehatz batekoa, eta, gainera, arraza ezberdinekoa dela iradokiz:

“autobusean nere gisako 

zenbait kide ta tokaio”

Hori eta beste hainbat erreferentzia baliatuta, klase ekonomiko eta sozial apaleko emakumea irudikatzen du Lujanbiok, garbitzaile izateaz harro dagoena, baina soldata eta lan baldintza duinak exijitzen dituena, manifestazioetarako denborarik ez izan arren.

2022-12-18 Iruñea Txapelketa/Amets Arzallus

Izan dituzun azken bikote harremanek ez dute aurrera egin, ez duzulako guraso izan nahi.

Emakumearen amatasunarekiko derrigorrezko lotura hautsi du Arzallusek bertsoaldi honetan, gizon baten ahotik bada ere. Igorlea gizona izateak diskurtsoa desakreditatu dezake (nor da bikote heterosexual bateko gizona emakumeari bere ugalketa gaitasuna hain bortizki baldintzatzeko?), baina testuinguruko ezaugarri hori komatxo artean utzita, ikuspuntu feministatik positiboa da egindako ekarpena, egiazki, zeharka bada ere, emakumeen eskubideei buruz hizketan ari delako hendaiarra. Azken batean, bikote harremanak gaizki joan zaizkio, berak, gizonak, ez duelako aita izateko desiorik, eta, hortaz, gaiak iradokitzen du bere bikotekide emakume guztiek ama izateko desioa izan dutela, emakumeen ama izan nahia desio absolutu bilakatuz. Kasu honetan, beraz, gaiak berak errotik inposa zezakeen mundu ikuskera zapaltzailea, ez Arzallusi, baizik eta bere pertsonaiaren kide izandako emakume guztiei.

Beirazko sabaia ez da apurtu

Hortaz, azaldutako guztia kontuan hartuta, gaien analisiaren ikuspegitik, zein puntutaraino esan dezakegu Bertsolari Txapelketa feminista dela? Gaien analisiaren ikuspegitik, ondoriozta dezakegu Bertsolari Txapelketa ezin jo daitekeela feministatzat modu proaktiboan. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ahalegina agerikoa da, baita zenbait genero politikarena ere, baina diskurtsoari erreparatuta, errealitateak ez du hainbesteko aurrerapausoa egin. Deigarria da XXI. mendeko Bertsolari Txapelketako finaletan Bechdel testa gaindituko duen gairik ez egotea. Emakume bertsolari bat baino gehiago izan da finalean lehian lehen aldiz aurten, eta, nire harridurarako, era honetara ere ez dugu testa gainditzea lortu (Zer gertatuko litzateke test hau sartuko balitz epai irizpideen artean? Edo gai-jartzaile taldean testa pasatuko baliete gaitegiei, jarri baino lehen? Zuen esku erantzuna irudikatzea). Testuinguru ezkor horretan, Maialen Lujanbioren ekarpena guztiz txalotzekoa izan da ikuspegi feministaren aldetik azken sei finaletan. Bere bilakaeran argi irakur daiteke generoaren ikerketan feminismoak urratu duen bidea: gizonen munduan lekua egitea, gizonen parametroetan lehiatzea, irabaztea eta emakumeen diskurtsoa eraikitzea eta ikusaraztea. Baita bidea zabaltzea ere, Martinek azken agurrean aipatu zuen modura.

Txapelketako gizartea eta entzuleria aktibatzeko eta enpatia lantzeko lehen nahikoa zen herria eta hizkuntza aipatzea, baina orain feminismoa, genero subalternoak, erdalguneak, ziega zuloak, memoria, historia, irribarre konplizeak, militante euskaltzaleak, elkarri entzutea, hautsitako mugak, kilimak eta azkurak, ahizpak eta konplizeak, sare joskileak, lagun minak, etorkizuna, gizon berrikasiak, gutasun berri bat, umeak bertso eskolara eramaten dituzten euskaraz ez dakiten gurasoak, beltzak, transak.. gai gehiago gehitu zaio lehengo ardatzari. 

 

Herriak ta hizkuntzak

zuten norantzari

gai gehio lotu zaio

lehengo ardatzari

ta munduak hartu dun

itxura latzari

aurre egiteko, beraz,

laguna altxa hadi!

bultza hainbat borroka

ederren martxari

kontrapisu eginez

eskuin balantzari

txapela bete indar

mingaina dantzari

borroka irabazteko

desesperantzari.

 

Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago? Emakume gehiago bai, baina feministago?