Elkarrizketa: Aritz Zerain, Bertsozale Elkartearen jarduneko koordinatzailea
Aritz Zerain –
Elkarrizketa egin dio Bertsozale Elkarteak Aritz Zeraini.
Bertsozale Elkarteko koordinatzaile lanetan aritu da Aritz Zerain 2008tik orain arte. Aurretik, 1987tik 2006ra Koldo Tapia aritu zen lan horretan, eta, jarraian, 2008ra arte Jexux Muruak bete zuen postua; hamaika urteren ondoren, aurten emango du erreleboa Zerainek. Bere ibilbideari begiratu eta Bertsozale Elkartearen egitasmoaz zein bertsolaritzaz, oro har, hitz egin dugu Aritz Zerainekin.
Hamarkada pasatxoko ibilbidearen ondotik, zikloa ixtera zoaz. Zer nolako balantzea egiten duzu?
Balantze oso positiboa egiten dut, bai pertsonalean eta baita elkarteari begira ere. Hamaika urteotan Bertsozale Elkartea asko hazi da, egitasmoarekin berarekin batera, bertsolaritzaren beharrei erantzuteko.
Langai ditugun hiru zutabeetan [transmisioa, sustapena eta ikerkuntza] pauso esanguratsuak eman dira. Etengabe berritzen ari da bertsolaritzaren ekosistema, eta kulturgintzan, euskalgintzan eta -gintza askotan, belaunaldi ezberdinen bidez egiten den ekarpena oso interesgarria da. Bertsolariek beren kabuz zein elkartetik egin den lanak, plaza kopuruaren eta aniztasunaren hazkundea ekarri du. Eta, bertsolaritzaren ikerketari dagokionez, martxan diren ikerketei begiratu besterik ez dago, tartean doktoregai tesiak; Mintzola Ahozko Lantegiaren sorrerak zerikusi handia izan du horretan.
Beste hainbat arlotan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira: genero ikuspegiaren kontzientzian, hedapen tresna berrien sorreran, komunikazio estrategian, Xenpelar Dokumentazio Zentroa indartzen…
Honi guztiari sei elkartetatik, borondatezko ekarpen izugarriarekin eta lantalde oso konprometitu batekin erantzuten diogu. Honen parte izatea eta lehen lerrotik bizi ahal izatea luxu bat izan da.
Lehendakaritza eredu berria, koordinatzaile aldaketa, gogoeta… zerbait mugitzen ari al da Bertsozale Elkartean?
Bai, gauza asko ari dira mugitzen: bertsolaritzan orokorrean eta, ondorioz, Bertsozale Elkartean. Bertsolaritza zaindu, ikertu eta etorkizuna bermatzeko sortu zen elkartea. Askotan esan izan dugu, bertsolaritza hain indartsu badago, garaian garaira egokitzen jakin izan duelako dela; Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak ere esan digu hori. Eta bertsolaritzarekin eta bertsogintzarekin batera, derrigorrezkoa da Bertsozale Elkartea ere mugitzea eta egokitzea.
Mugimenduaren zentzu horretan ulertu behar da koordinatzaile aldaketa ere. Nik uste, eta bene-benetan horrela sentitzen dut, era honetako elkarte batean “gidaritza” daramanak ezin duela urte luzez postu horretan iraun: batetik, arlo pertsonalean, postu horrek eskatzen duen energia handia delako, eta, bestetik, aipatu ditugun mugimendu horietara egokitzeko ere komeni direlako aldaketak. Nik behintzat horrela bizi dut eta horregatik emango dut erreleboa.
Gogoeta urtea izan zen iazkoa; eta oraindik jarraipena izango du datozen hilabeteetan. Nola bizi izan duzu prozesua?
Interesgarria eta aberasgarria izan da. Kultur elkarte batek, noizean behin, horrelako “geldialdi” bat egin beharra dauka: lan egiten duen esparrua nola dagoen aztertzeko, ikuspegi ezberdinak jasotzeko, eta proiektu berean biltzeko, eta, hori eginda, ahalik eta gehienen artean ibilbidea eta egitekoa egokitu egin behar dituelako.
Ariketa hori egiten saiatu gara, eta oraindik prozesua guztiz itxi ez badugu ere, uste dut elkartearentzat oso aberasgarria izan dela. Eta garrantzitsuena: ilusio pizgarri izan da.
Urteotan elkartearen ibilbidean garrantzitsuak izan diren uneak bertatik bertara bizitzea ere egokitu zaizu. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Ni sartu nintzenean lantalde nahiko berria ginen eta Zuzendaritza taldean ere errelebo natural bat eman zen; egitura hazten joan ahala, lankide berriak ere hasi ziren. 2009ko Txapelketa Nagusia, zentzu horretan, inflexio puntu garrantzitsua izan zela uste dut.
Mintzola Ahozko Lantegiaren sorrera ere aipatuko nuke. Anbizio handiko proiektua zen, eta, nolabait esateko, elkarteak ordura arte izan zituen lan esparruetatik harago zegoen. Autonomia hainbeste zaindu duen kultur elkarte bat izanda, lankidetzan jarduteko egitura ezberdina sortu genuen Mintzola Fundazioarekin: patronatua osatu eta partekatu egin behar genuen administrazio publikoarekin, entitate pribatuekin eta unibertsitate batekin. Denek egin behar izan genuen ahalegin berezi bat; gaur egun ere ariketa horretan ari gara.
Eta, azkenik, azken bolada honetan aipagarriena lehendakari eta diruzainaren erreleboa izan da. Hamaika urteotan, Iñaki Muruarekin eta Xabier Gaztelumendirekin bizipen ugari egokitu zaizkit, eta izugarri daukat biei eskertzeko. Bi maisu izan dira niretzat; eta elkarte osoarentzat bi erreferente nagusi, izateko eta egiteko moduagatik. Ohartu ginen ezin genituela ordezkatu, zerbait berria behar genuela eta hortik etorri da lehendakaritza eredu berria.
Sei Bertsozale Elkarte, Mintzola Ahozko Lantegia, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Lanku Kultur Zerbitzuak…bolumen handia hartu du proiektuak. Zein indargune eta ahulgune ditu zure ustez?
Aipatu duzun egitura hori bera izan daiteke indargune eta ahulgune aldi berean. Egitura hau behar du gaur egun bertsolaritzak, berak sortu du esparru ezberdinei erantzuteko eta ez dio inori exijitu.
Sare hori guztia da indargunea, bertsolaritzaren mugimendu osoak bere sentitu eta bertako parte sentitzen denean. Baina bolumen handi hori ahulgune ere bihur daiteke, eguneroko dinamikek, finantzazio beharrek, funtzio eta ardura banaketek eta abarrek, benetako helburuan eta izaeran distortsioa sortzen badute. Bertsolaritza zaintzea eta etorkizuna bermatzea da helburua, eta elkartea horretarako tresna da; eta ez bakarra, gainera. Honen kontzientzia izan eta orekak mantentzea oso garrantzitsua da.
Zein erronka ikusten dizkiozu bertsolaritzari datozen urteotan? Eta, honenbestez, erronka horiek ditu elkarteak edota beste batzuk ere gehituko zenizkioke?
Erronka oso interesgarriak ikusten dizkiot eta ilusioz begiratzen diegu; 2018ak balio izan digu horiek bistaratzeko. Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak bertsolaritzaren egoeraren argazki nahiko argia erakutsi digu eta elementu “berri” asko ageri dira: horrek bertsolaritza eraldatzen ari dela esan nahi du. Eta azterketak berak dioen bezala, biziraun nahi duenak eraldatu egin behar du. Alde horretatik, eraldaketa fase honetan, elementu guztiak ondo txertatzen eta bertsolaritzak bere baitan integratzen asmatu behar da.
Elkarteak egin duen gogoetak ere norabide horretan jarri gaitu, momentua interpretatu, ulertu eta momentuak eskatzen dituen pausoak emateko bidean. Pauso horietako bat da kultur munduan bertsolaritzak duen presentzia indartzea eta bere lekua aldarrikatzea; eta hor espazio, gune, legitimitate eta abar asko dauzkagu irabazteko. Bestetik, bertsolaritza gizartearen bozgorailu eta gizarte horretan parte aktibo eta zuzen-zuzena izanik, gizarte parekide bat lortzeko bidean, bertsolaritzaren mugimendu osoa parekide izatearen helburua ekarpen bikaina litzateke, gure buruarentzat eta gizartearentzat.
Zer esango zenioke atzetik datorrenari?
Hasteko behintzat proiektu izugarri “apasionante” batera datorrela esango nioke. Etorri bada hori badakielako izango da ziurrenik, baina uste dut azpimarratzea garrantzitsua dela. Baina, serio jarrita, uste dut gehienez ere nik koordinatzaile postua nola bizi izan dudan azaldu behar diodala, eta ahalik eta informazio praktiko gehien eman, berak bere irakurketak egin ahal izateko. Horrelaxe egin zidan niri Jexux Muruak bere garaian eta izugarri eskertu diot.
Bertsolaritza izugarri maite dugun edo gustatzen zaigun jende multzoa gara Bertsozale Elkartea. Jende multzo handia, zabala eta anitza. 2.500 bazkidetik gora gara, beraz, pentsa bertsolaritza bizitzeko eta ulertzeko zenbat era dagoen horren atzean! Bertsozale Elkarteko koordinazio lanetan dagoenak horren kontzientzia beti izan behar duela iruditzen zait, eta hori zaila bezain aberatsa denaren kontzientzia. Entzun, ikusi, ikasi eta ulertu egin beharko du etengabe.
Eta orain, zer? Bertsolaritza nondik biziko du Aritz Zerainek?
Egia esan, badaukat gogoa berriz ere “beste espazio” batzuetatik bizitzeko. Zorionez, gune ezberdin dezentetatik bizitzea egokitu zait eta horrek asko lagundu dit koordinatzaile lanetan.
Etxean zaletu nintzen. Ondoren, Hernaniko bertso eskolara hurbildu nintzen eta asko eman didan mundu “zoro, baino eder” bat deskubritu nuen: saioren batzuk egin eta 2001eko Txapelketa Nagusian kantatzeko zortea izan nuen; prestaketa nire bizitzako esperientziarik onenetakoa izan zen. Gai jartzaile moduan, urtean 3-4 saio ere egiten ditut. Azkenean, Bertsozale Elkartean aritzea egokitu zait, eta talaia pribilegiatu batetik, egitasmo gehienen lehen lerroa eta ilusio-kezka-buruhauste-elkarlanak bizitzeko aukera izan dut.
Beraz, bertsolaritza bizitzeko zirkuluari buelta dezentea eman diot eta hasierako puntura itzuli: lagunarteko eta bertso eskolako “bertsolari” eta bertsozale bat gehiago izatera bueltatzeko gogoa daukat.
Eta, noski: Bertsozale Elkartetik gertu egongo naiz, beti.
[LAN DEIALDIA: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak koordinatzaile orokorra behar du]
[IÑAKI MURUA JAUREGI – Aritz, argitik itzala :: BertsoZalea, ale berezia]