Elkarrizketa Amaia Agirreri
Elkarrizketa Amaia Agirreri –
E. Goenagaga Lizasok Amaia Agirreri egindako elkarrizketa, Gipuzkoako Hitzan:
………………………………………………………………………………………….
“BELAUNALDI BERRIA BETAURREKO MOREAK JANTZITA DATOR”
Emakume bertsolariei eman die aurten Jaizkibel konpainiak Berdintasunaren Hiria saria, azken 25 urteetan plazara ateratzeko egin dituzten urratsen eta izan duten bilakaera azkarraren aitortza gisa. Amaia Agirre (Villabona-Amasa, 1977) beste bost bertsolarirekin batera izan zen joan den larunbateko ekitaldian: Ainhoa Aranburu, Erika Lagoma, Maialen Lujanbio, Kristina Mardaras eta Uxue Alberdi. Jatorri eta belaunaldi ezberdineko bertsolariak bildu zituzten, gainerakoen ordezkari, eta konpainiaren zapiak jaso zituzten, ikur sinboliko gisa.
Emakume bertsolariek 25 urtean egindako ibilbidea nabarmendu dute saria emateko garaian. Nola bizi izan duzu zuk bide hori?
Nik bizitza erdia baino gehiago daramat bertsotan, eta aldea dago gu hasi ginen garaitik orain hasten direnengana. Bertsolaritzan, beste edozein arlotan bezala, erdi nahi gabe hasten zara, eta inertziak eramaten zaitu. Niri hala gertatu zitzaidan, behintzat; izan nahi duzu bertsolari, baina ez dakizu nolako bertsolaria izan nahi duzun. Ni hasi nintzenean, hor zeuden Estitxu Arozena, Estitxu Fernandez, Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra… dozena erdi bat izango ziren; baina, oraindik horiek ez ziren nire erreferenteak, nire idoloak beste bertsolari batzuk ziren. Eta, inertziaz eta gogoeta handirik gabe, horiek imitatzen dituzu. Gogoeta gero iristen da. Uste dut, gure belaunaldiari esker, gaur egungo gazteek oso ezberdin bizi dutela bide hori. Guk jarri diegu halako koltxoi bat, ispilu bat, erreferente bat. Guk kostata emandako pausoak beraiek modu naturalagoan ematen dituzte, eta, batez ere, modu hausnartuagoan.
Eta zein da gerora egin duzun gogoeta hori?
Hasi ginenean nahikoa zen bidea egite hutsa; oholtzara igo eta bertsotan egitea zen helburua. Gerora egin dudan hausnarketa bat da, adibidez, garai hartan belarriak ez zeudela ohituta ahots fineko emakume bertsolariak entzutera. “Atera paparra eta kantatu ozen”, esaten ziguten. Entzuleak ohitu egin behar izan du horretara. Eta, gaietara ohitu den bezala, begiak eta belarriak ere ohitu egin dira emakumeak oholtzan ikustera. Gu zergatik sartu ginen hain erraz bertso munduan?Ez zait horrela hitz egitea gustatzen, baina izan liteke estereotipo maskulinoa genuelako? Nire ustez, bai. Egun, abanikoa zabalagoa da; orduan ez, denak antzekoak ginen, ahots sendokoak, eta gorpuzkeraz ere bai…
Inoiz sentitu duzu kuota bat betetzeko deitu zaituztela bertso saio batera?
Bai, emakume bat behar zen oholtzan, berdin zion maila ematen zenuen edo ez. Arantzazu Loidi, Estitxu Arozena, Amaia Telletxea, Estitxu Fernandez… erretiratu zirenean, Maialen eta Iratxe Ibarra ziren gehien zebiltzanak. Garai hartan, Maialenek ezin zuenean, maiz deitzen ninduten. Eta hori ohore bat zen, baina, aldi berean, karga ere bai. Batzuetan, nahikoa lan duzu zeure burua ordezkatzen; nola ordezkatuko duzu beste inor? Nola izango zara emakume guztien ordezkari?
Emakumeak, oholtza gainean, puntu exotikoa jartzen zuen?
Estitxu Arozenak bere garaian esaten zuen gaztea, nafarra eta neska zelako deitzen zutela saioetara. Kupo hori jartzea, berez, ez da txarra; baina konturatzen zara zu baino maila handiagoa duten mutilek ez dutela inondik inora zuk adina plaza egiten, eta horrek zer pentsatua ematen du; eramaten jakin behar da.
Gogoeta handirik gabe ez ezik, zure belaunaldiko emakume bertsolariek bidea bakarka urratu zenutela dirudi. Orain, badituzue elkarguneak, ezta?
Bai, Bertsozale Elkartean badugu genero talde bat, eta edozein kezka, ideia edo zalantza konpartitzen dugu bertan. Bestetik, duela pare bat urte Ahalduntze Bertso Eskola sortu zen. Hilean behin elkartzen gara, eta tailer moduan egiten dugu. Gure kezkak plazaratzen ditugu; bertso saioetan noiz egoten garen eroso eta noiz deseroso; zergatik deserosotasun hori; batzuetan gaiagatik izan liteke, landu gabe dugulako, edo bertsokide batek zerbait formulatu duenean ez dakigulako nola erantzun… Egoera asko detektatu ditugu, eta batzuk landu ditugu. Oso-oso aberasgarria izan da.
Emakume bertsolariak, hala ere, gutxiengoan aritzen zarete oraindik, ezta?
Bai, oholtzan hala izaten da. Baina, gaur egun, bertsolariak ez dira soilik oholtzara begira aritzen, sormen lana askoz ere zabalagoa da: bertso jarriak, bertso musikatuak, bestelako ikuskizunak… Orain dabiltzan emakume gazteei galdetzen diezunean ea ehun saio egingo lituzketen, edo txapelketan parte hartu nahi duten, askok ez dute hor ikusten bidea. Ni hasi nintzenean lerratuta zeunden oholtza gainekora, ez zegoen besterik. Maialenek esaten du hau oihana dela; eta hor ibiltzea batzuetan ederra da, baina beste batzuetan ez, oholtzakoa ez baita beti erraza. Neska gazte asko beraien tokia aurkitu nahian dabiltza, eta hor dago haien eta gure arteko diferentzia, beraiek badutela aukera bat; guk inertziaz jardun genuen.
Jaizkibelekoei ez bezala, zuei plastiko beltzik ez dizuete jarri. Baina bidea erraza izan da?
Plastiko beltzik eta txisturik ez. Gaztea nintzenean, komentario desatsegin batzuk entzun nituen, baina, oraindik osatu gabe zaudenez, normala eta guzti iruditzen zaizu. Bestalde, bertso saio on bat egiten nuenean, edo gustagarri nintzenean, baloratzen ninduten gizonezko estereotipo jakin batera arrimatzen nintzelako.
Eta barrutik, gizonezko bertsolarien aldetik, oztoporik?
Ez; alderantziz, beti ondo. Baina Egañak esaten zuen beraiek ere ohitu egin behar izan zutela, eta zaindu, eta kontuz ibili; asko ikasi zutela euren buruaz oholtzan emakumeekin kantatzen hasi zirenean. Eta lorpen handia da hori. Guk ere ohitu behar izan dugu; nik ere, galbahe txiki bat jartzen ez badut… Nik beti esaten dut barruan matxista txiki bat dudala, hori izan delako gure iturria, gu ere bagarelako hori, horri tiraka bihurtu garelako bertsolari. Lan handia eta hausnarketa behar dira horri buelta emateko.
Seguru nago bertsolaritza eta plazako jarduna ezberdina izango litzatekeela aldiro lau emakume eta gizon bat ariko balira oholtzan. Bati baino gehiagori entzun izan diot astebururo alderantzizko testuinguruan arituko balitz agian deseroso sentituko litzatekeela. Eta horrelakoetan garrantzitsua da kontziente izatea.
Gaiak ere aldatuz joan dira.
Gai jartzailea emakumea izateak beste prisma bat ematen dio saioari. Orain ez hainbeste, baina orain arte emakumea ardatz zuten gaiak beti emakumeoi jarri izan zaizkigu. Baina gizarteko gaiak dira, eta horren inguruan gizonezkoek zer pentsatzen duten ere interesgarria da. Bestetik, gaiak asko erraztu edo zail dezake emakume bertsolariaren jarduna.
Bertsolariek diskurtso feminista landu egiten duzue?
Nik bereziki ez dut gehiegi hausnartu duela sei bat urte arte. Baina bai. Plazetan lekua egiten ari diren neska hauek euren ibilbidean zehar diskurtsoa guk baino lehenago eraiki dute. Erreferenteak eta bilguneak izateak horretarako bidea zabaldu die, eta interesa eta kontzientzia ere piztuta dakarte. Dudarik gabe, belaunaldi berria betaurreko moreak jantzita dator.