Eli Pagola eta Manex Agirre berriketan

Eli Pagola eta Manex Agirre berriketan –

Eli Pagola eta Manex Agirre bertsolariek Berrian idatzitako gogoeta da ondorengoa:


Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia

Lau urtean behin ospatzen den txapelketak arrastoa utzi du aurten ere. Horren
inguruko gogoeta egin dute bi bertsolarik.
Eli Pagola eta Manex Agirre berriketan
 

Poliedroa

Manex Agirre. Bertsolaria

Txapelketak bertso eskoletan duen eraginaz burua apurtzen hasi, eta hara non, buelta gehiago eman dizkiot bertso eskolak zer diren pentsatzeari, eragin posiblea definitzeari baino. Iruditzen baitzait txapelketa, sistema gisa, defini errazagoa, iragazgaitzagoa dela, bertso-eskolen egituraketa anitza baino; kanpotik begira patroi bakarrez ebakitako itxura eman dezakete, barrutik begira geruzaz osatutako mini sistema dinamikoak dira (Asko esatea da? Bale… baina ez da gehiegi esatea).

Bertso eskolak esan, eta oro har, berehala dator transmisioa burura. Berehala-egi, agian. Arrazoi puntu batez entzun diot bati baino gehiagori azkenaldian jainkotu-edo egin dugula transmisioaren hori. Egia esan, akats baten ondorio da jainkotzearena. Kontzeptuak ez dira berez sortzen; guk, jendeak, sortzen ditugu (edo, zehatzago, gure «beste gu» horrek, hau da, proiekzioa dutenek, akademiak, autoritateak), eta gertatzen da, errealitateak bide poliedrikoa duela badakigun arren, plano bakarra ematea begiradari. Transmisioak ez du zertan «jaioko dira berriak» zentzua bakarrik izan. Ez du zertan leinu eta armarri usaina ekarri.

Ez da nik asmatua. Transmisio bertikala eta horizontala bereizten dira medikuntzan: birus bat (ez duzue nire baimenik behar konparazioa egiteko; aurrera) bertikalki transmititu daiteke belaunaldiz belaunaldi, edo modu horizontalean hedatu, espezie bereko kideen artean. Paula Kasaresek hizkuntzaren transmisioaren ikuspegi murriztua zabaltzeko proposamena egin zuen orain urte batzuk, eta sozializazioaz ari gara gaur, normalizazioaren esparruan. Belaunkideen artean dagoen berdinetik berdinerako harremanaz.

Bada: bertso eskoletan, argi eta garbi ikusten da hori. Transmisio bertikalerako gune izatetik (bertsotan ikasteko eskolak), bertsoaren sozializaziorako gune izatera pasatu dira, nahiko modu naturalean. Hori esanda, eta txapelketak bertsogintzari eta bertso-mugimenduaren estatusari ematen dion astindua kontuan hartuta, argi dago: bertso-eskoletan duen eragina uste baino anitzagoa da.

Zerrendatzen hasita… Baga: txapelketak bertso eskola batzuetako dinamika alda dezake, bizituz, intentsitatea handituz, giroa berpiztuz, are gehiago bertso eskola horretako kideren bat txapelketan parte hartzen ari bada. Biga: txapelketak bertso eskolan lantzen diren gaietan eta ariketetan eragin zuzena du, eta baita gai horietako zenbait tratatzeko moduan ere. Higa: bertso eskola bere lurralde-eremuko bertso saioen antolatzaile edo antolatzaile-kide den kasuetan (hala izan beharko litzateke leku guztietan, ahal dela), txapelketak bertso saio horietako protagonistak, gaiak, dinamika… baldintza ditzake. Laga: bereziki belaunaldi berriz osatutako bertso eskoletan, erreferente berriak (hezur-haragizkoak, doinu formakoak, estiloaren esparrukoak) sortzeko balio du txapelketak. Boga: txapelketa zale ez diren bertso eskolentzat (baita gainontzekoentzat ere) trufarako bazka ederra dira txapelketako desmasiak. Sega: material didaktiko zoragarria eskaintzen du txapelketako bertsoen bilketa sistema ederki antolatuak, bertso eskoletako irakasle eta dinamizatzaileentzat. Eta segi.

Ustez, goiko zerrendan, bi soilik dira transmisio bertikalaren ikuspegitik txapelketak dituen ekarpenak. Txapelketaren arrakastak sekreturik badu, agian, bertso-mugimenduaren plano-ugaritasunak badu zerikusirik.

——————————————————————————————-

Post-txapelketa

Eli Pagola. Bertsolaria

Jakina da Bertsolari Txapelketa Nagusiak, TXAPELKETAk, aje moduko bat uzten duela bertsolaritzan. Txapelketan bertan ere azaleratzen dira zenbait fenomeno bitxi. Izan ere, txapelketa jokoan den hiru hilabeteetan zehar ia astebururo daude faseko saioak han-hemen, eta lehiaz kanpoko saio zenbaitek urterokoari eusten badiote ere, erdi eklipsatuak geratzen dira. Hiruhilekoan fokua oso zentratua egoteak, beraz, badu ondoriorik.

Hasteko, post-txapelketa identifika daiteke, hilabete batzuetako kontua. Txapelketako bor-bor alditik ustez puntu-puntuan egositako bertso adituak azaltzen dira, zipitzik jakin ez baina dena dakitenak, egosaldi bat falta dutenak, alegia. Bertsoaldi oro finaleko mailakoa exijitzen da, umoretsuago betiere, edo bestela txapelketari buruzko gaiak jartzen (baloratu hau, epaitu bestea, eskatu aholku zu baino puntu gehiago bildu dituen bati…). Hori omen publikoak nahi duena, eta noski, bertsolaria ere ongi ikasia dago zer nahi hura ematen. Zalantzan jartzekoa da zenbateraino daraman gaiak txapelketaz hitz egitera edo zenbateraino den saihesbide; «ez daukazula garbi zer esan? Lasai, aipatu txapelketako zerbait, saioko morroskoenari era orijinal batean potolo nola deitu okurritu artean». Bestalde, nabaria da bertsolarien gaixotze ratioa, migrainak, tripetako arazoak, Txapelketa uzteak… Ikertzeke dago publikoak eztul bidez kutsatzen dituen. Baliteke udazkenean izatea udan berdin-berdin gaixotuko liratekeela estaltzeko.

Alde positiborik ere aitortu behar, arrazoi. Txapelketa den eskaparate handi honek (bertso eskolako) gaztetxo eta ez hain gazteei bertsolari «berriak» ezagutu eta erreferentetzat hartzeko balio die, modako doinu zahar-berriak ikasteko, bertsokeren arteko arrakala gero eta handiagoaz ohartzeko eta baita bertso mundura hurbiltzeko ere, uneko euforia kolektibo horretara.

Plazan ere igartzen da ondorena, faseka gustagarriak suertatu diren bertsolariek plazan ondo merezitako tartea lortzen dute, gehienetan baita on izatearen aitortza ere. (Txapelketaro emakumeen presentzia eta emaitzari justifikazioa bilatzen dieten horiei keinu).

Beroaldiaren ondoren barealdia natural-natural heltzen da, baita eskertu ere. Agur, Twitter! Plazako abal tenporalari etekina ateratakoek bertan jarraituko dute eta gainontzekoak erdi difuminatuko. Txapelketak azkar galtzen baitu oihartzuna, bizitzak aurrera darrai eta ezin bizitzarik egin behin kantatutakotik.

Ez ditzagun gauzak nahasi, txapelketak eta ondorenak badute gozotik. Bertsolaritzak merezitako prestigioa izaten du, komunitate txiki baten aisialdi era xelebre bezain aspergarria aintzat hartzen da, eta hori, hein handi batean, txapelketari eta oholtzapetik egindako lanari zor zaio. Bertsoak iritsi beharreko txoko askotara iristeko balio du eta zer esanik ez bertsolarien prestaketaz eta emaitzez gozatzeko, zerbait ondo egitekotan landu egin behar baita. Balio du katalogo bezala ere, zeren bertsolariak bertsoz erakutsi behar du zer den, bertsoz egin bere lekua, baina nola sartu buklean inork entzuten ez duenean? Badaude txapelketaz gaindiko erakusleiho gehiago ere, beste plaza eta plazarako bideak (era guztietako sariketak, beste kriterio batzuen baitako saioak…), baina nago ez ote duten gero eta garrantzi gutxiago.

Eli Pagola eta Manex Agirre berriketan