Ekosistema bizia

Ekosistema bizia –

Dabi Piedrak, Argia aldizkarian.


 

Ekosistema bizia

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final laurdenetako azken saioaren kronika. Azaroaren 4an Berriatuan.

Ekosistema bizia

Basoa bezala, bertsogintza ekosistema aberatsa dela azpimarratu du Bertsozale Elkarteak, aurtengo Bizkaiko txapelketako mezuan. Bertsolarien lanaren atzean, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, babesleak, zaleak eta laguntzeko prest dauden boluntarioak ere ekosistema horren ezinbesteko partaide dira. Elkarlan horri esker, txapelketa biribilaz gozatzen ari dira bertsozaleak.

Bost final laurdenak jokatuta, finalaurrekoen atarian da orain txapelketa. Hain zuzen ere, Berriatuko Mendibarren pilotalekuan jokatutako azken final laurdenean jakin genituen finalaurrekoetan ariko diren guztien izenak. Horietako bat Oihana Bartra izango da, Berriatuan garaile izan baitzen. 2014ko finalean parte hartu eta gero, 2016koan huts egin zuen, eta indar betean ekin dio Miribillara itzultzeko bideari.

Hasieratik amaierara, oholtzako beste kideen gainetik aritu zen Bartra. Ideiak aise josi zituen, huts nabarmenik gabe. Epaileek 469 puntu eman zizkioten; Josune Aramendi bigarrenak 446,5 batu zituen. Huts txiki batzuk gorabehera, dotore aritu zen markinarra, baina bertsoaldi batzuk biribiltzea falta izan zitzaion, atzetik geratu ziren gainerakoei bezala. Hirugarren, Ibai Amillategi izan zen, 446 punturekin. Kantaera sendoari esker, entzuleak bereganatu zituen hainbatetan.

Beste hirurak atzerago gelditu ziren: Itxaso Paia (411,5), Lander Ibarluzea Aitxulua (404,5) eta Asier Alcedo (399). Saioko une bitxia Aitxuluaren eskutik heldu zen, zortziko handiko ariketa zortziko txikiko doinuarekin hasi baitzuen. Alabaina, entzuleak berotzen ere asmatu zuen. Esate baterako, Alcedorekin batera, hamarreko txikian, aspaldiko musika taldea berpiztearen alde botatako bertsoek txalo ugari eragin zituzten. “Berriro Rolling Stones, behar dau herriak/ goroldiorik ez dau dabilen harriak”, bukatu zuen lana Aitxuluak.

Kartzelakoan hau zuten gaia: “Luzaro egon zara mezua idazten. Okerreko pertsonari bialdu deutsazu”. Gehienbat, bikote-harremanei heldu zieten bertsolariek. Adibidez, ikuspegi horretatik Oihana Bartrak goitik behera josi zuen istorioa, eta azken puntuan errematea jo. Mezua okerreko pertsonari bidali arren, damu handirik ez zuen agertu seietako batek ere, Aitxuluak botatako sententzia lekuko: “Makinak ere erratzen dira, eta pertsonak gehiago”.

Finalerdietako lehenengo hitzordua, hilaren 18an, Berrizen. Bizkaiko bertsogintzaren ekosistema osasuntsu dagoela ikusi dugu orain arte, eta hurrengo saioetan ere, bizi-bizirik dagoela erakutsiko dute.

Finalaurrekoetara sailkatuak

Final laurdenetako bost saioetako irabazleak:

Imanol Uria, Malen Amenabar, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Oihana Bartra.

Puntuazioaren arabera pasako dira beste bost:

Ander Elortegi, Unai Mendiburu, Eneko Abasolo Abarkas, Arrate Illaro, Julen Erezuma.

2016an finalista izan ziren zortzi bertsolariak:

Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Beñat Ugartetxea, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa.

Ekosistema bizia