Eki Mateorena: "Maila batean edo bestean denok izan gaitezke bertsolari"

Eki Mateorena –

Ttipi-Ttapa ataritik.


 

Denbora galtzeko astirik ez duen leitzar gaztea da Eki Mateorena. Bertsolaritza eta esku pilota ditu zaletasun, besteak beste, eta hortaz solastatu da TTIPI-TTAPArekin.

 

Eki Mateorena

 

Nola definituko zenuke zeure burua?

Mutil gazte aktibotzat daukat neure burua, alaia eta patxadatsua.

Zein dira zure zaletasunak?

Saltsa askotan ibiltzen naiz. Bertsotan, pilotan, futbolean eta dantzan aritzen naiz astero. Musika ere gustuko dut.

Zer gustatuko litzaizuke ikastea?

Bigarren batxilergoa hasi berri dut, baina hortik aurrera ez dut ezer argi. Gaur egun ditugun aukera guztiekin ez da erraza bat aukeratzea. Azkeneko momentuan erabakiko dutela uste dut.

Nola hasi zinen bertsotan?

Gutxi gorabehera 10 bat urterekin hasi nintzen. Eskolara etorri zitzaizkigun eskolaz kanpoko jarduerak aurkeztera, eta horietako bat zen bertsolaritza. Niri interesgarria egin zitzaidan, izena eman nuen, eta gaur arte.

Zergatik duzu hain gustuko?

Batetik, norberak barnean duena ateratzeko modu bat da; bertsoak, azken finean, zure pentsamenduen, ikuspuntuaren, umorearen… adierazpen zuzena dira, eta nahi bezala ateratzen direnean satisfakzio handia sortzen dute. Bestetik, sozializaziorako erreminta bikaina da; lagun asko egin ditut bertsoen inguruan eta hainbat giro ezagutzeko balio izan dit.

Hainbat txapelketetan ibili zara. Berezko zerbait da edo ordu aunitzeko lanaren emaitza?

Gauza guztiek bezala, bietatik badu. Norberaren berezko trebetasuna da oinarria, baina hortik aurrerakoa lanketaren emaitza da. Inor ez da bertsolari profesional egiten deus landu gabe. Maila batean edo bestean, denok izan gaitezke bertsolari.

Eta noiz hasi zinen pilotan?

Txiki-txikitatik ibili naiz Aurrera pilota eskolan. Bertsoekin bezala gertatu zitzaidan.

Zenbatero entrenatzen zara?

Astean bitan izaten ditut entrenamenduak, eskutako minek uzten didatenean.

Zer nahiago duzu, bertsolaritza edo esku pilota?

Ez dago konparatzerik, oso ariketa ezberdinak dira eta biak ditut oso gustuko. Ezingo nuke bat aukeratu.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Batxilergoa bukatu eta unibertsitatera joatea, ahal den heinean nire afizioei eutsiz.

Eta epe luzera?

Batek daki zer ekarriko didan etorkizunak. Oraingoz, egunean egunekoa eginen dut.

Eki Mateorena