Egoitz Iradier: «Aintzat hartzeko izenak aterako dira txapelketatik»
Egoitz Iradier –
Edurne Begiristain, BERRIAn.
Berezia izango da aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa, lehen norgehiagokatik berrogei urte beteko baitira. Iradierrek uste du badela «zer ospatu».
Arabako Bertsozale Elkarteak igandean aurkeztu zuen 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an egingo dute, Gasteizko Principal antzokian. Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari lehiatuko dira: 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak, eta 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak. Bertsolari gazteak «indartsu» datozela azpimarratu du Egoitz Iradier (Zalduondo, Araba, 1996) Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak.
Berrogei urte pasatu dira Arabako lehen txapelketatik. Berezia izango da aurtengoa?
Bada zer ospatu, nolabaiteko pisu bat ematen baitio txapelketari berrogei urte betetzeak. Guk ahalegin guztia egingo dugu dena ongi atera dadin, eta gutxienez beste berrogei urte aurrera egiteko modua izan dezagun.
Bakarkako azken txapelketatik bi urte igaro dira. Nolako nobedadeak dakartza aurtengoak?
Duela bi urte, Europa jauregian egin genuen finala, baina aurten berriro bueltatuko gara Gasteizko Principal antzokira. Bestetik, aipatzekoa da Oihane Pereak, azken urteetako final guztietan parte hartu ondotik, ez duela parte hartuko aurtengo txapelketan. Bertsolari gazteen presentzia handia izango da, bestalde. Aurreko txapelketan parte hartu zuten bertsolari gazte batzuek izena eman dute, eta horrek erakusten du jarraipen bat badela. Gazteak izanagatik ere, indartsu datoz, eta zalantzarik ez dut aurpegi gazte horietako batzuk finalean ikusiko ditugula.
Bertsolari gazteenaren eta zaharrenaren artean ia 50 urteren aldea dago. Gaztetuz joan da txapelketa urteekin?
Rikardo Gonzalez de Duranak, bertsolari zaharrenak, 65 urte ditu, eta Maddi Agirrek, gazteenak, 19 urte. Jauzi handia dago. Geroz eta jende gehiagok ematen du izena bertsotan aritzeko, eta horietako asko gazteak dira. Izena eman duten gazte horien maila oso ona da, oso kontuan hartzekoa.
Kuadrilla arteko txapelketa izan da tartean. Kuadrilla artekoa bada zubia bakarka aritzeko gero; talde izaera garrantzitsua da Araban, ezta?
Bai, erabat. Askotan, nekeza izaten da bertso eskolatik plazara jauzi egitea. Zer esanik ez bertso eskola batean abesten aritu ondoren txapelketa batean abesteko saltoa egitea. Kuadrilla arteko txapelketa erdibideko pauso bat da; lagun arteko giroan egiten da, formatu erosoago batean, eta modu lasaiagoan kantatzeko aukera ematen du. Lehen urrats hori eginda, bertsolariek beste pauso batzuk emateko aukera izaten dute, eta ez ezinbestean jendaurrean abesteko, bertsolaritzan bide batzuk ere hauta ditzakete eta. Kuadrilla artekoak ematen du aukera nork bere tokia aurkitzeko, eta bertsolaritzan jarraituz gero bide desberdinetatik jotzeko.
Parekidetasuna lortzeko bide luzea dago oraindik?
Azken urteekin alderatuz, gero eta emakume gehiago dauzkagu txapelketan eta finaletan. Duela bi urteko finalean Paula Amilburu eta Oihane Perea izan ziren, eta Aroa Arrizubietak ez zuen parte hartu kanpoan ikasten ari zelako, baina aurtengo txapelketan oso kontuan hartzekoa izango da. Eta badira emakume bertsolari gazte asko aurki final batean ikusiko ditugunak; ez dut zalantzarik. Nahiko genuke bide hori azkarrago egitea eta bertsolaritza mundua, oro har, parekidea izatea. Adibidez, gaur egun, epaile taldea oso maskulinizatuta dago, eta horri buelta ematen ahalegintzen ari gara.
Sorpresarik espero da finalean? Peru Abarrategik eutsiko dio txapelari?
Baliteke ezusteak izatea. Hau argi dago: txapelketa polita izango da. Ziur naiz hasierako kinieletan ez zegoen eta finalera helduko den bertsolariren bat izango dela. Aurrera begira oso kontuan hartzeko bertsolariak aterako direla txapelketatik.
EGUTEGIA
FINAL-LAURDENAK
- Urtarrilak 28, igandea: Izarra.
Otsailak 4, igandea: Oion.
Otsailak 11, igandea: Laudio.
FINALERDIAK
Otsailak 24, larunbata: Aramaio.
Martxoak 2, larunbata: Dulantzi.
FINALA
Martxoak 16, larunbata: Gasteizko Principal antzokia.