Egi(r)antzaz - Beñat Astiz
Beñat Astiz –
«Egiantzaren okupak zarete, honen jabe legitimo gisa aurkezten bazarete ere. Lehenago edo beranduago desalojatuko zaituztegu, ez gu zuen lekuan jartzeko asmoarekin, baizik eta edonor pasea dadin bertatik, bere geletatik, balkoietatik, nahi duen oro ibil dadin bere parke eta lorategietatik.»
Belen Gopegui
Doinua: Bautista Basterretxe
Nondik norakoa da
egun mesfidantza?
Nor sinetsi? Zergatik
Zergatik sinetsi? Nor?
Zerk du egi antza?
Galderek jo nahi duten
arren egirantza,
jabetza baten jabe
jabe baten jabetza
al da egiantza?
Jabeak omen ditu
hain zaindurik biak:
aukerarako dudak,
dudarako aukerak
aurretik itxiak.
Hemen ez du agintzen
aurrez iritsiak,
gu zerekiko gauzka,
zerekiko dauzkagu
aurreiritziak?
Egiak mingainetik
doaz mingainera.
Gorakadak nor dakar,
nork dakar gorakada
eta nork gainbehera?
Zein hitz erori dira
zein hitzen gainera?
Berriak nor dakar gain,
nork dakar gai berria
eta nork gai bera?
Errelatoa eros
liteke kilatez,
aldatu iritziak
iritziak aldatu
errealitatez.
Mundua mugitu al
da kausalitatez?
Edo ondo dio kausak?
Kausaz, ondorioz edo
kasualitatez?
Jarrerek utzi dute
dena agerian,
azpititularra zein,
zein titularra aski
da albistegian.
Neutro ageri dena
dago histerian:
jada ez da neutroa,
neutroa ez da jada
hitz bat hiztegian.
Noren alde da hartu
duenak atseden,
ezin bizitakoak
bizitakoak ezin
dira ahazt zeren.
Ea borrokaz egin
ahala hasperen
ona den egiantza,
egiantza denona
izaten hasten den.