Edurne Azkarateri elkarrizketa. "Aulki-jokoa"
Edurne Azkarateri elkarrizketa –
Urtzi Urkizuk Edurne Azkarateri egindako elkarrizketa, Berria egunkarian.
EDURNE AZKARATE. AKTOREA
«Perlak bilatzen saiatzeko ere balio du programak, txapelketaz harago»
Txoministak websaileko aktore protagonistetako bat izan zen Edurne Azkarate (Oion, Araba, 1993). TR Warszawa antzerki taldean aritzen da, polonieraz. Aulki-jokoasaioko taldekideekin «oso ondo» moldatzen dela dio, Lander Garro gidoilari eta zuzendariarekin eta Aritz Arrizabalaga errealizadorearekin.
Andoni Egañarekin txapelketa komentatzen aritzea ohorea izango da, baina ardura pixka bat ere bai, ezta?
Bai, hala da. Gozamena ere bai. Galderak edo gaiak ateratzen dizkiot, eta, gero, berak dena egiten du. Buruan entziklopedia bat dauka. Txapelketako saioko puntuak buruan dauzka. Elkarrizketa batean garai bateko bertsolari baten bertsoa ateratzen bada, berehala gogoratzen da. Adibidez, Kike Amonarrizek Xabier Amurizaren bertso bat oroitu zuenean.
Bertsolariak Aulki-jokoa-n bertsoen inguruko azalpenak ematen agertzen dira. Ikusleek horrekin gozatuko dute?
Bertsoa kortse bat da, baina icebergaren punta ere bai. Bertsolari bati eskatzen badiozu azaltzeko, kontatuko dizu nondik atera den eta anekdota pilo bat atera daiteke. Bertsolaria hobeto ezagutzeko modua ere ematen du. Interesgarria iruditzen zait.
Txapelketako antolakuntzaren atzeko partea ikusarazten ari zarete.
Gogoa handia daukat horren berri emateko. Kartzelako zaintzaile batekin, kazetari batekin eta gai jartzaile batekin egongo gara, besteak beste. Txapelketa beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera emango dugu. Bertsolariak eta entzuleak ez ezik, beste mundu bat ere behar da hor txapelketa egiteko.
Aulkiak jartzen aritu zara lehen saioan. Egaña ere horretan jarriko al duzue?
Egañak badu horretan esperientzia. Proposatuko dut, eta BECeko finalean Egañak aulki pare bat ematea ondo legoke.
Nolako jolasa da zuretzat bertsolarien aulki jokoa?
Ebidenteena da txapelketakoa aulki joko bat dela. Baina bada harreman joko bat ere, bada bertsolariak berekiko egiten duen joko bat. Epe laburrean jolasten den joko bat ikusten da, baina bertsolariarentzat epe luzerakoa da. Plangintza, zortea eta dena sartzen da joko horretan.
Juantxo Zeberio musikariarekin doinuak komentatzen dituzue. Bada zer ikasia doinuez?
Gozamena da Zeberiorekin aritzea. Ikuspuntu musikala ematen du, oso purua. Interesgarria da ikustea nola ulertzen duen bertsoa musikaren aldetik. Doinuaren puntu gorenak identifikatzen ditu, gainera.
Lehen saioan, Xabier Euzkitzeren seme Aner bertsotan aritu zen. Saiorako fitxatuko zenuke?
Bai, bai. Grabatzen ari garen jende askorekin gertatzen ari zait, gero pentsatzea: «Hau astero sartuko bagenu programan betirako?». Perlak bilatzen saiatzeko ere balio du saioak. Ikusteko bertsolaritza badoala txapelketatik harago.
Jokin Labaien bertsolari eta telebista kritikariak aurrekoan galdetu zuen: «Ez ote du lehiaketak eta gailurrak telebista gehiegi erakartzen, egunerokoan herrigintza aberasten duen ekimenak eta mugimendua itzalean utzita?».
Arrazoia izango du, ziur aski. Txapelketak arreta asko bereganatzen du. Lau urtean behin indarrak hor kontzentratzen dira. Bestetik, Egañak saioan esan zuen bezala, txapelketa bada aurreko lau urteetan gertatu denaren seinale bat. Oso aberasgarria irudituko litzaidake txapelketa arteko urteetan herrigintzan egiten den bertsoa dokumentatu eta zabalduko balitz.
Bertsotan aritzen zara, noizbehinka. Aulki-jokoa-n ikusiko zaitu ikusleak kantuan?
Kantuan tarteka aritzen naiz, baina txapelketa guztietatik kanpo. Udalekuetan gustatzen zait kantatzea, eta Oiongo bertso poteo batzuetan. Aulki-jokoa-n ez dut uste kantatuko dudanik. Ez da gertatu, baina, hala ere, ezin dut ziurtatu gertatuko ez denik.