Doinu berriz hasi dugu bertso ikasturtea 29.000 ikaslek
2024-25 ikasturtean bertsolaritza 547 ikastetxetan ari gara lantzen, Bertsozale Elkarteko 57 irakaslerekin. Ikasmaterialean entzungai ditugu Iparraldeko bertsolariek jarritako sorta musikatuak!
Doinu berriz hasi dugu bertso ikasturtea –
Bertsoikasgela.eus ataritik.
Bertsotan gozatu eta trebatzeko 2024-25 ikasturteari ekin diogu. Bertsozale Elkarteak Euskal Herri osoko ikastetxeei gelan bertsolaritza lantzeko proiektua eskaintzen die; ikasturte honetan 7 herrialdeetako 241 herritan bertsolaritza lantzen hasi dira 29.000 ikasle, Bertsozale Elkarteko 57 irakasleren eskutik. Ikastetxe publikoak, ikastolak zein kristau eskolak daude bertsolaritza lantzen duten 547 zentroen sare zabalean.
Bertso-eskolak ere martxan dira 7 herrialdeetako 119 herritan; 1.055 haur elkartuko dira asterokoan 89 irakasleren eskutik bat-batean trebatzeko. Helduen taldeetan 450 lagun ariko dira entrenatzen zein herriko bertso saioak antolatzen.
Iparraldeko bertsolarien sorta musikatuak entzungai!
Bertso-eskoletan 9-18 urte bitarteko haur eta gazteekin baliatzeko materiala sortzen ari gara; epe luzeko proiektua da, formatu ezberdinetan sortuko dena, bertsolaritza irakasleek eginda. Material honen helburuetako bat ere bada, bereziki, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako bertso-eskoletarako egokia izatea (hizkuntzaz eta erreferentziaz); horregatik, sorkuntzan buru-belarri ari gara Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasle taldean. Urtez urte argitara ematen joango gara sortzen ari garena eta, amaieran, material guztiek barne koherentzia eta osotasuna izango dute.
Ikasturte berriaz, entzungai ditugu Iparraldeko bertsolariek jarritako sorta musikatuak. Guztira 16 sorta dira, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako bertsolariak ezagutzera emateaz gain doinutan eta hizkuntzan kolorea dakartenak.
Sortak Odei Barrosorekin Alkimia Produkzioak estudioan grabatu ditugu, Ainhoa Sarasuak eta Beñat Larroryk abestuta. Ahotsak musikaz laguntzen aritu dira Ainhoa Elizondo eskusoinuaz, Aner Euzkitze pianoaz eta Ainhoa Sarasua gitarraz.
BERTSO SORTA MUSIKATUAK
9-11 urtekoentzat
12-13 urtekoentzat
- Nork ez du nahi? Odei Barroso
- Bihurrikeriak. Nahia Etxeberri
- Ez naiz isilik egongo. Ramuntxo Christy
14-15 urtekoentzat
- Maitemintzeaz. Haira Aizpurua
- Euskal Herriko probintziak. Josu Txoperena
- Lagunak eta gu. Aitor Servier
- Ispiluarekin solasean. Maddi Ane Txoperena
- Bihar ere azterketak ditugu. Xan Alkhat
- Festara ateratzeko negoziaketan. Lur Renteria eta Ainhoa Sarasua
16-18 urtekoentzat
- Gaztetarzüna. Aetz Etxart
- Nolako mina. Joanes Etxebarria
- Doluak dolu. Maddalen Arzallus
- Bizia ta heriotza / Heriotza ta bizia. Leire Casamajou