Dena emon ala Doraemon?!
Dena emon ala Doraemon?! –
Iñaki Muruaren iritzi artikulu hau Argia aldizkariaren webgunetik hartu dugu.
Harritu nau Antena 3ra Maddalen Arzallusek Irungo kanporaketan bota zuen bertsoa iristeak, baina zer pentsatu gehiago eman zidan euskal-erdarazko ETBko albistegia irekitzeko bertso bera erabiltzeak.
Harritu egin nau Antena 3 telebistara Maddalen Arzallusek Irungo kanporaketan bota zuen bertsoa iristeak, baina badu lekua agurrean, artista senetik, umore jostarian eraikitako aleak telebista horretan, nik etxe horri buruz dudan iritzia izanda behintzat.
Zer pentsatu gehiago eman zidan euskal-erdarazko Telebistako albistegia irekitzeko bertso bera erabiltzeak. Bertsoak eta bertsolaritzak kate horri sortzen dion erakarmenaren berri ematen dit, noski bertsoari berari ezer kendu gabe, baina han ginenoi, emozioak erdiz erdi harrapatu zizkiguten beste hainbat bertso esanguratsu egonda.
Hitzekin, biziduna marraztu zuen Maialenek (Lunjabiok), pertsonaren egon nahi ez eta ezin egon muinenekoetatik eraikita. Maddalenek, berriz, egonezina ezin egon bilakatu zitzaion herri ordezkaria, lekualdaketari zegokion aire berriz jantzi eta marrazki bizidun bihurtu zuen; haurren, gaztetxoen eta errepiketan kantu-lagun izan zituen adinekoen, erreferente muinekoari arnasa emanez. Biek asmatu zuten asmatzen bi antenek ez bezala.
Antena bidez elikatzen diren gure ikasleekin berdina gertatu zitzaidan, nik argia pizteko gogoeta jarri nien aurrean baina beraiek argi erakutsi zidaten zein aukera zuten gogokoen: haurtzaroko egonezinak baretzeko jartzen zitzaien Doraemon, bat-bateko protagonista, bere herrian ezin egon eta ospa egindako independentista katalana.
Hitzekin, biziduna marraztu zuen Maialenek (Lunjabiok), pertsonaren egon nahi ez eta ezin egon muinenekoetatik eraikita. Maddalenek, berriz, egonezina ezin egon bilakatu zitzaion herri ordezkaria
Nire aukera eskaini nien eta haiek berena erreklamatu. Eta nire helburuak aintzat hartuta, kontua ez da zein den bi hautuetan interesanteena, hezteko aproposena, baizik eta euskara entzun, eztabaidatu, epaitu eta D ereduan (dena euskaraz) gure arteko komunikazioan ezinbesteko tresna bihurtzeko bertsoak zenbat balio dezakeen frogatu. Egundoko indarra du bertsoak eta argibide gutxirekin, itsuaurreko lan apur bat azpimarrak seinalatzeko eta lotura orokorrak ikusten laguntzeko gidaritza ttiki batez, euskara elikagai gustagarri bilakatzen du.
Eta badago zerbaiten premia hainbeste kalko zizelkatzen zaizkigun garaiotan: “Bihar ikusten gara, gero egoten gara; “nire sesioan sartu nahi baduzu” (ordenagailuan, zure saioan ala sestran?); “hori horrela izan da urte luzeetan” (eta urte motzetan? bisurteak –egun bat gehiago– ote dira luzeak?); “mendian zehar ibili ginen” (bai eta Aizkorrira igo zinetela diozu… oso zehar ez!); “kaletik dabil…”. Edo eman / emon aditzaren eraldatze sinestezina: “Hirugarren munduan pobrezia ematen da” (eta hartu?); “bihotzekoak eman dio” (lehen jo egiten zuen eta, ia beti, eman ordez kendu); “muturrez eman da atearekin (eta ipurdiz erori atzeraka ordez!)”.