Creative Commons lizentziadun euskararen bilaketa satirikoa
Creative Commons lizentziadun euskararen bilaketa satirikoa –
Amalur Artolak GARA egunkarian.
Euskara batua patentatu eta saldu du norbaitek. Ez dakigu nor den eroslea, baina bai bere menpeko Eustzainek zorrotz kontrolatzen dutela euskal gizartea: dronez zaintzen dute euskara zuzen erabil dadila eta musikariak epaitegietan dira, abestietan akatsak egiteagatik. Euskal literaturako detektibeak batu eta euskararen historiari errepasoa egingo diote, irtenbide bila. Horixe da «Nori»-ren, Xabier Paya eta Patxi Gallegoren komikiaren, abiapuntu zoro bezain ederra.
Orain zenbait urte “Nork” eleberri grafikoarekin bertsolaritzari errepaso satirikoa egitea proposatu ziguten eta orain “Nori” lan berrirako euskararen historia hartu dute gaitzat Xabier Paya gidoigileak eta Patxi Gallego marrazkilariak. Nork-Nori-Nor trilogiaren bigarren atala da “Nori”, “Bertsolari” aldizkariaren ahaleginari esker argitaratu berri duten komikia.
Xabier Payak azaldu duenez, Donald Trumpen esan batetik otu zitzaion gidoirako ideia: «Orain urte batzuk merkataritzaren arloan itun transatlantiko bat martxan jartzeko aukera jorratu zuen eta haren arabera patente mota berriak sortuko ziren. Galdera bat pasatu zitzaidan burutik: eta euskara batua patentatu ahalko balitz? Azken batean, 1968tik aurrera bilera batzuetan pertsona batzuek adosten duten kode idatzi bat da», azaldu du. Hari horri tiraka, norbaitek itun hori baliatu eta euskara batuaren eskubideak saldu direla irudikatu dute Gallego eta Payak, egoera linguistiko itogarria sortuz: Eustzainek droneen bidez zorrotz zainduko dute euskara batua egoki erabiltzen dela eta zuzen erabiltzen ez dutenek ohartarazpenak eta zigorrak jasoko dituzte, arau-haustearen larritasunaren arabera.
Egoeraren larriaz jabetuta, euskal kulturako hainbat ordezkari Bilbon batuko dira, bi helbururekin: lehena, euskara batua nori saldu dioten jakitea eta, bigarrena, iraganera bidaia egin eta 68ko euskara batuaren idatziari Creative Commons lizentzia ezartzea. Zeregin garrantzitsu hau noren esku geratuko den erabakitzeko beste bilkura berezi bat egingo dute: euskal literaturako detektibe guztiak elkartuko dituzte. «Euskal literaturak, zorionez, detektibeen generoan oinarritutako lan asko ditu eta saiatu gara bi orritan denak biltzen, erronka batekin: irudia izan behar zuten eta badaude detektibe asko ez daukatenak deskribapen fisikorik beraien liburuan. Horrek eskatu digu ahalegin berezi bat, korrelazio edo lotura bat egin dugu detektibeei buruz dauzkagun estereotipoen eta euskal literaturan ageri direnen artean», kontatu du. Bilkura horretan erabakiko da Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi eta Hasier Etxeberriaren Damian Arruti izango direla ikerketaren arduradunak: «Arruti ez da detektibe detektibea, entomologoa da, baina niri asko gustatu zitzaidan pertsonaia, iruditzen zitzaidalako gizartearen eta intsektuen artean egiten dituen konparazio horiek kasu honetan ere oso baliagarriak izan zitezkeela». Detektibe horiek, fisikoki, euren sortzaileen itxura hartuko dute.
Euskararen bidaia
Denboran aurrera eta atzera ibiliko dira Ezpeldoi eta Arruti, 1918an Eusko Ikaskuntza sortzeko Oñatin egin zen bilkuratik hasi, eta 68an Arantzazun euskara batua sortzeko egin zen batzarretik edota 67an Bertsolari Txapelketan Xalbadorrek jaso zituen txistuetatik igarota, euskara batuaren ehun urteko errepasoa egingo dute.
Bidean “eustzainak” ere topatuko dituzte. Horiek komikira eramateko, Anjel Alkainek “Wazemank” saioan egiten zuen “Zalantza non Euskaltzaindia han” ataleko pertsonaia hartu dutela eredu azaldu du Payak. Eta kontakizunak azpitrama bat ere badu: «Euskaltzaindiak 100. urteurrena du aurten, eta ‘Matrix’-ek, 20.a; horren arteko lotura txiki bat ere badago, euskararen uniformetasunaren eta ‘Matrix’-en arteko simetria bat bilatu dugulako. Azken batean ‘Matrix’-en denak transformatzen joaten dira, denak dira pertsonaia bera azkenean, eta euskara zuzen, hertsi eta zurruna hartuko bagenu, pixkanaka denak bihurtuko ginateke hiztun bera».
Payaren hitzetan, asmo nagusia iruditeria konpartitu batean murgiltzea izan da, euskararen historia sozialari buruzko gogoeta berriak sortzea. «Gaur egun daukaguna gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu, baina zeintzuk ziren alternatibak? Ze bide egin zen aurreko mendean? Une jakin batzuk esploratuko ditugu eta ikusiko dugu ere nola emakumeak kontakizun honetan desagertuak egon diren edo, behintzat, ez zaigun kontatu hor egon zirenik», deitoratu du Payak, baina helburu nagusia irakurlea entretenitzea dela nabarmendu du: «Patxik eta nik pasa dugun bezain ondo pasa dezatela, gutxienez. Barre pila bat egin dugu. Eta, aurrekoan bezala, pornoa ere badago, nola ez. Baina innobazio puntu batekin: kasu honetan, homosexuala da», aurreratu du.