Bost lapurtar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan
Bost lapurtar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan –
Joanes Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratutako erreportajea.
Xilaban irabazi zuten txapelketa nagusirako txartela. Sustrai Colina 2013ko finalista gisa sartuko da, eta Amets Arzallus, txapeldun gisa
Bihar hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, lau urte oroz jokatzen dena. Azken Xilaban irabazi zuten Odei Barrosok, Miren Artetxek eta Maddalen Arzallusek Ipar Euskal Herritik parte hartzeko txartela. Sustrai Colina finalaurrekoetan sartuko da zuzenean, aitzinekoan finalista izan baitzen, eta Amets Arzallus, txapeldun gisa, finalean ariko da zuzenean.
Txapelketaz galdeturik, azken lau urteetan Euskal Herriko txapeldun izan denak, Amets Arzallusek, uste du denek zutela buruan, “bakoitzak bere distantzia hautatutik”. Xilaban txapelketa honetarako txartelak ere jokoan zirenez, denek aitortu dute orduan gogoan zutela. “Urtea aitzinatu den heinean, hurbiltzen da berriz txapelketaren ideia”, Maddalen Arzallusen erranetan. “Badira hilabete batzuk” Odei Barrosok txapelketa buruan duela, eta Miren Artetxeren erranetan, berriz, “hiru aste dira” buruan duela.
Lehenagotik bazekiten noiz hasiko zen, erran gabe doa, baina azken denboretan prestatzen hasi dira. Bakoitza bere maneran. Artetxek, astirik ez zuelakoan bere “ilusio zein beldurrak modu freudianoan arakatzeko” edo gehiago egiteko, azkenean hautatu du “sinpleki, bertsotan aritzea, errima zerrenda batzuk egitea, doinu batzuk hautatzea, eta bertsoak entzutea”. Colinarentzat, berriz, txapelketarako prestakuntza parada da bere “bizi-momentuarekin bat datorren bertsokera eta jarrera hausnartzeko”, eta, horretarako, bere buruari baliabideak ematen saiatzen da. Maddalen Arzallusek bi prestaketa mota bereizten ditu: “Alde batetik, bertsotan prestatu, baina, beste alde batetik, norbera, burua prestatu behar da”. Barrosok lehia “usaian bezala” prestatu duela dio: “Lagunekin kanturako bilduz eta bakarrik lan txiki batzuk eginez”. Amets Arzallus, berriz, “lan pixka bat gehiago egiten saiatzen” da, “hori asteburuetako saioekin uztartuz”.
Ardura eta intentzioak
Ikusle andana bat izanen dituzte bertsolari lapurtarrek lehen saioetan, gehiago finalaurrekoetan. 2013ko finalean, 13.500 ikusle izan ziren. Txapelketa berezia izanik, Euskal Herri osoan jokatua eta bertsozale anitzek segitua, ardura berezirik sentitzen ote duten galdetu die Hitza-k bertsolariei. “Jende aurrean jartzea beti da ardura bat”, dio Colinak, eta gehitu du “susmoa” duela “ardura pertsonala dela ardura kolektiboa hauspotzeko modu onena”.
Amets Arzallusek, agian, senti lezake ardura bereziena, txapeldun izaki: “Ardura pixka bat bai. Gehienbat ene buruarekin, eta orain arte nekarren bidearekin”. Baina ez die gaina hartzen utzi nahi: “Ene buruarekikoak egiten baditut, gainontzeko ardurek ez naute hainbeste kezkatzen”.
Artetxek beste batzuekiko sentitzen du ardura: “Jakitea jende anitz gelditu dela kanpoan ilusioz hartuko lukeena halako saio bat, eta alde horretatik, ardura sentitzea zor diezu, neurri batean”. Hori bakarrik ez, ordezkaritzarekiko ere, oro har: “Badugu arduraño bat ere ongi aritzeko, jendeak ez dezan pentsatzerik izan Ipar Euskal Herriko ordezkaritza diskriminazio positiboz heltzen denik txapelketa nagusira”.
Maddalen Arzallus parekoei so jarri da, eta, dioenaz, “entzulearekiko” sentitzen du ardurarik handiena. Haiekiko soilik ez: “Antolatzaileekiko, entzulearekiko eta norbere buruarekiko errespetuz, saiatzea dagokigu”. Barrosok uko egiten dio balizko ordezkaritza baten ardurekin joateari: “Usu aipatzen da lurralde baten ordezkari gisa goazela. Neurri batean hala da, baina ni neure buruaren ordezkari sentitzen naiz, eta neure burua ordezkatzera noa”.
“Bertsoa komunikazioa den neurrian, entzulea kontuan hartu behar duzu beti”, dio Barrosok. Xilaban, finalean izan ezik, gehienik Zuberoako, Baxenabarreko eta Lapurdiko entzuleak baitzituzten parean, oraingoan zazpi lurraldeetakoak. “Hala ere, ez dut uste anitz aldatuko dudanik nire egiteko eta aritzeko manera”, dio urruñarrak. Maddalen Arzallusek bai, hark markatzen du diferentzia hizkuntzan eta erreferentzietan: “Bertsotan euskara batuan egiten ikasi nuen txikitik, baina Xilaban ateratzen dira tarteka iparraldeko hitzak, esamoldeak… Euskal Herrikoan ere atera daitezke, baina nire ahotik behintzat gutxiago. Erreferentzia aldetik, berriz, Xilaban kantatzean ez dut hegoaldeko erreferentziarik sartzen”.
Erreferentziak mugaz alde batekoak ala bestekoak izan, horrek eragina duela uste du Artetxek: “Mugaz bestaldeko erreferentzien pisua anitzez handiagoa da, eta hemengo errealitatea ez da hain ezaguna. Zenbait milisegundo ebatsiko dizkigute zalantza horiek”. Zaku berean sartu ditu euskalkien hautuak.
Eta hala laburbildu du txapeldunak: “Bertsolaria beti saiatzen da dagoen lekura moldatzen, bereziki txapelketaz kanpoko saioetan, baina garrantzitsua da txapelketan ere sen hori ez galtzea”.