Bilboko plaza baten zoriona

Bilboko plaza baten zoriona –

Iñigo Astizek idatzitako kronika Berria egunkariarentzat.

…………………………………………………………………………………….

Bilboko plaza baten zoriona

Bertso doinu nabarmena izaten du Bilboko Santiago plazak Aste Nagusian. Eguerdiro izaten dira bertso saioak han, eta atzokoan Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariak aritu ziren kantari bertso bazkarian. Eta ezinbestean kantuan egin zuen egungo txapeldun nagusiak plazan izaten den bertso giroaren deskribapena. «Arratsaldeon danari, / kanturako bagara bi, eta / horra ba hemen hiru mahai luze / eta jendea adi, / izan da aski janari, / eta orain lanera, ari: / estomagoa siestan eta burua kantari».

Puntuka aritu ziren tartea izan zen saioko unerik biziena, eta ariketa horretan entzun ziren barrerik ozenenak ere. Zirikatzaile Maia, Arzallusi Xalbador berria ote zen galdezka, eta zirikatzaile Arzallus ere, Maia Txirrita berria izan zitekeela botaz. Maia erasoan, bizkor Arzallus defentsan, eta publikoa barrez.

«Nik Xalbadorren bordan / lo egingo nuke». «Lo hartuko zenukenik / nik neuk ez dut uste». «Han hartuko nuke lo / ardiak kontatzen». «Ardiak igual zure / gainera montatzen». «Ta ardiek artzaiak / kontatzen dituzte». «Baina asko diranik / nik ez baitut uste». «Zu al zera ba, Amets, / Xalbador txikia?». «Zu Txirrita izateko / zera egokia». «Esan al dezu nere / gerrira begira?». «Ez, ez, soilik bota dut / bertsoen harira». «Ezin al gara izan / Xalbador ta Mattin?». «Igual hankak moztuta / zeundeke zu berdin». «Ba ordun ni Amuriza / ta zu Mañukorta». «Paperak trukatzea / ez al zaizu inporta?». «Mañukorta noiztikan / betaurrekoekin». «Behin Amerikara joan / eta ordutik ekin». «Han zer ikusi zuen / ez jakin hobeto». «Ze ikusiko zuen / mendiak ardiz lepo». «Beraz, bazara ala ez, / zu Xalbador junior?». «Nik uste berak izan / nahiko lukeela senior».

66 minutuz aritu ziren kantuan bertsolariak, gai librean beti, baina berehala hartu zuten protagonismoa Bilboko Aste Nagusiarekin lotutako gaurkotasun gaiek. Ibaizabalen bainatzerik ba ote zegoen bota zuen galdera Maiak, esaterako, eta Euskal Herriko hiri bateko eta besteko euskal futbol taldeen egoeraz ere aritu ziren elkarri adarra jotzen bi bertsolariak.

Halere, Hontzak konpartsan Kristoren gorputza harategi batean bezala irudikatzen zuen dekorazioak izan zuen protagonismo nagusia. Haren aurkako salaketa jarri zuen Bizkaiko gotzaingoak aurreko astean, iraingarria zela argudiatuta, eta astelehenean sartu ziren ertzainak txosna gunera hura erretiratzera. Horregatik, umorearen inguruko gogoeta sorta bat plazaratzeko ere baliatu zuten aukera bertsolariek. Irudia kentzeko erabakiarekin kritiko biak beti.

Maiak lehena: «Eliza eta festa / zerbait gaizki doa: / umorea beti da gauza serioa». Eta Arzallusek segi. Ia deskribatzaile lehenik: «Ertzainak bidaltzeko / hori motiboa! / Umoreak beti du serio giroa, / eta grazia beti da / gauz subjektiboa». Aldarrikatzaileago ondoren: «Ez dakit nola jartzen / diren hain sensible: / igual komeniko da / egiteko bide,/ ertzainak lotuta, / ta umorea libre». Eta birtuosismoaren mugan azkenik: «Ta hura desmontatzen / hainbeste denbora, / ta halako patruilak / igota hor gora, / agian txiste txar bat/ dakarkit ahora: / Kristoren umorea / edo metafora / ulertzen ez duena / hori nor Kristo da?».

«Badakizu non gauden»

Aste Nagusi giroa zegoen, bestela, plazan, bertsolariak kantuan hasi baino lehen. Marijaiaren irudia geldi, elizaren atarian, bazkaltzen ari zirenen alboan, eta jende joan etorri etengabea haren inguruan argazkiak ateratzen. Kamera prestatzen gizon bat. Besoak gora kuadrilla guztiak. Enfokatu. Klik. Eta berriz ere besoak behera, eta irudia ikustera. Selfiak ateratzen ere aritu zen bat baino gehiago. Eta txalo zaparrada labur bat ere izan zen festetako pregoilariaren eta txupineraren bisita azkarra jasotzerakoan. Bazkaltzen ari ziren oraindik, baina hiruna bertso bota zizkieten bertsolariek.

Eskerrak ematen, Maiak, esaterako. «Marijaia geratzen da / zuek alde egin ondoren. / Baina gu hain triste geunden, zuek agertu baino lehen. / Guk badakigu zuen agenda / nolako inportantea den: / bertsorik behar izanez gero, / badakizue non gauden».

Izan ere, geolokalizazio zehatza izan ohi du bertsolaritzak Bilbon. eta, hain zuzen ere, horregatik bota zion agurreko azken aurreko bertsoa berriz ere Maiak Santiago plazari.

Asko daude oporretan,

ia edonongo partean.

Agian batzuk Cancunen,

agian palmera pean,

beste batzuk Benidormen

eta norbaiten hankapean,

batzuk todo incluido

bost izardun aterpean.

Beste batzuk igual Pragan,

zerbezaz bete-betean,

batzuk zoriontsu dira

lujo handien artean.

Gu zoriontsu izan gara

Bilboko plaza batean.

 
Bilboko plaza baten zoriona