Bigarren Bertso Eguna Getarian egingo da martxoaren 27an

Bertso Eguna Getarian –

Ixone Aranak ARGIAn.


 

Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan eta sarrerak presentzialak eta birtualak salgai jarri dituzte. Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira aurten antolatu dituen hiru Bertso Egunak.

 

Bertso Eguna Getarian

 

Getariako Cristobal Balenciaga Museoan egingo da Bertso Eguna martxoaren 27an, arratsaldeko seietan hasita. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi izango dira eguneko bertsolariak eta Maite Berriozabal ariko da gai-jartzaile. Bertsozale Elkarteak iragarri duenez beste bertsolari batzuk ere arituko dira oholtza gainean: Eli Pagola, Maider Arregi, Manex Agirre eta Rosi Lazkano besteak beste.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eta Getariako Turismo Bulegoan eros daitezke. Saioa internet bidez jarraitzeko aukera ere egongo da, horretarako ere webgunean izena eman beharko da. Sarrera presentziala eta birtuala biak webgunean lortu daitezke, baina kontuan izan behar da ezberdinak direla eskuratzerakoan. 

Plaza Biziberritzen ekimena

COVID-19ak eragindako izurriteak sekulako eragina izan du bertso plazan. Horregatik, Bertsozale Elkarteak saioak bultzatzeko helburuarekin sortu du Plaza Biziberritzen ekimena. 700 saio baino gehiago galdu dira 2020an eta horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa eragin du. Jaialdiek eutsi diote ondoen egoerari eta lagunarteko eta libreko saioek ondorio larriagoak izan dituzte: %58 eta %86 jaitsi dira, Bertsozale Elkarteak aditzera eman duenez.

Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira aurten ospatuko diren hiru Bertso Egunak, Hazparnen, Iruñean eta Getarian. Ekimenaren barruan, Eskolatik Plazara saioak ere antolatu dituzte, 2020an Euskal Herriko Eskolartekoan aritu ezin izan ziren gazteei plaza eskaintzeko asmoz.

Bertso Eguna Getarian