"Beste urte batez, ederra izango da!"

“Beste urte batez, ederra izango da!” –

Eider Perez eta Esti Alberdik Bertsozale Elkarteren atarian.


Bertso Udalekuetako magia ondo baino hobeto ezagutzen dute azken urteetan koordinatzaile izan diren Eider Perezek eta Esti Alberdik: “Jolasak, txangoak, gaubelak, otorduak, bainuak, kantuak, lagunak… udalekuetako osagaiak dira, eta bertsoa espezia berezia”. Bertso Udalekuen inguruan, gure blogean.
 
"Beste urte batez, ederra izango da!"
 

Uda hurbiltzen den neurrian, badira beste sentsazio batzuk familiarekin eta lagunekin pasatzen diren oporretatik desberdinak direnak: Bertso UdalekuakIkasteko, saretzeko eta gozatzeko mundu magiko bat dena. Eta, gainera, bertsoa eskutik. Zer gehiago nahiko luke batek?

Uztaileko hilabetean zehar Euskal Herri zabalean egiten dira Bertso Udalekuak. Ehundaka lagun pasa dira urtetan bertatik, eta sekula egon ez denarentzat zaila da bertan parte hartzearen gozamena azaltzea. Haur eta gazte taldeak, gurasoak, hezitzaile taldeak, sukaldariak, bisitan datozen bertsolari eta sortzaileak, txandak ospatzen diren herrietako kideak… Asko dira hor eragiten dabiltzanak, eta ederra da hori bizitzea.

Jolasak, txangoak, gaubelak, otorduak, bainuak, kantuak, lagunak… udalekuetako osagaiak dira, eta bertsoa espezia berezia. Hark ematen die gure udalekuei izaera, eta horrek bereizten ditu gure ekintzak. Bertso Udalekuetan badira bertsozaleak diren haur eta gazteak, bat-batean kantatzen dutenak, sekula kantuan aritu gabekoak, sormen zaleak, hizkuntza zaleak, bertsoa gehiago ezagutu nahi dutenak, Euskal Herriko hamaika txokoetako lagunak egin nahi dituztenak, urtez urte errepikatzen dutenak, noizbait honen parte izan direnak eta baita urtean astebetez hor egoteko desiratzen daudenak ere.

“Ehundaka lagun pasa dira urtetan bertatik, eta sekula egon ez denarentzat zaila da bertan parte hartzearen gozamena azaltzea”

Aurten bost txanda egingo dira: Amaiurren helduenak, Irañetan eta Larraulen gaztetxoak eta Zuhatzako bi txandetan txikienak. 161 parte-hartzaile eta 31 hezitzaile izango dira guztira.

Oraindik ere eragiten jarraitu nahiko genuke urteak aurrera joan ahala, zazpi lurraldeen presentzian indarra jartzea, generoa zehar-lerro gisa lantzea, bertsoa eta sormena ardatzean mantentzea eta euskara bizi baldintza izatea.

Uda iritsi da, eta izozkiak eta igerilekuak ere bai. Bertsoak badu horietan bizitzeko gogoa eta gu harekin bagoaz urtzera, igerilekuan zein izozki tantetan.

Gozatu Bertso Udalekuetan. Beste urte batez,… ederra izango da!!

“Beste urte batez, ederra izango da!”