Bertsozale Elkartea, ia lau hamarkada bertsolaritza ikastetxeetan lantzen
Bertsozale Elkartea, ia lau hamarkada bertsolaritza ikastetxeetan lantzen
Kulturklik atarian.
Bertsozale Elkartearen oinarrizko proiektuetako bat da “Bertsolaritza ikastetxean“. Gaur egun 29.000 ikasle baino gehiago ari dira eskola orduetan bertsolaritza ikasten, 50 irakasleren eskutik. Mikel Artola Bertsozale Elkarteko hezkuntza berrikuntza eta formazio arduradunarekin eta Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko materialgintza arduradunarekin hitz egin dugu, eta, besteak beste, egitasmoaren ibilbidea, haren oinarri pedagogikoak, ikasmaterialak eta etorkizuneko erronkak izan ditugu hizpide.
Zer da “Bertsolaritza ikastetxean” proiektua? Noiz eta zertarako sortu zen?
Ixiar: 1985ean abiatu zen proiektua, Nafarroan, ikastetxeek eskatuta; 38 urteko ibilbidea du beraz. Proiektuaren helburua da Euskal Herriko haurrei eskolan bertsolaritza ezagutzera ematea eta zaletzea. Euskal kulturaren adierazpide propioa da bertsolaritza, eta gizarte honetako haur guztiek bere oinarrizko ezagutza izatea (badela jakitea) eta bertsoaz gozatzea garrantzitsua iruditzen zaigu; zaletze eta jardute horrek, besteak beste, hizkuntza eta ahozkotasuna lantzeko bide ere ematen du. Ikastetxeek proiektutik gehien baloratzen dutena da hizkuntza (eta bereziki, ahozkotasuna) era ludikoan lantzeko ematen duen aukera; Bertsozale Elkartearentzat ikastetxeetako proiektua garrantzitsua da belaunaldi berriak bertsozaletzeko eta bertso-eskoletarako harrobia bermatzeko.
(Ixiar Eizagirre eta Mikel Artola)
Zenbat ikasle ari dira une honetan bertsolaritza ikasgelan lantzen? Nolakoa izan da bilakaera azken urteetan? Zer nabarmenduko zenukete?
Ixiar: Gaur egun 29.000 ikaslek baino gehiagok lantzen dute bertsolaritza, eskola orduetan. Proiektuan 7 herrialdeetako 500 ikastetxerekin ari gara, hezkuntza sare guztietan (eskola publikoetan, Ikastolen Elkartekoetan, Kristau Eskoletan). Gelaz gela bertsolaritza irakasten Bertsozale Elkarteko 50 irakasle ari dira. Azken urteotan metodologia berritzen egin da lan handia, eta horri loturik irakasleen formakuntzan eta material sorkuntzan. Gelako dinamikan ahozkoa erdigunean jartzeko ahalegina egiten ari gara.
Zein da ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko darabilzuen oinarrizko ikasmateriala? Nola sortzen da material didaktiko hori? Zer da argitaratu duzuen azkena eta zer duzue esku artean orain?
Ixiar: Orain arte sortutako baliabide guztiak www.bertsoikasgela.eus atarian daude eskuragarri: sekuentzia didaktikoak, haurrentzat sorta musikatuak, bat-bateko bertsoaldiak, jolasak, fitxak… Horrez gain, irakasleek gelara eramaten dituzten karta jolasak daude, bat-bateko sorkuntza errazteko erabiltzen direnak; “Zozoak beleari… Kopla bi!” ikasliburuak baliatzeko aukera ere badago.
Ikasmateriala sortzen bertsolaritza irakasleak aritzen dira, herrialdeka antolatutako mintegietan; materialaren oinarrizko diseinua eta kontraste lana batzorde pedagogikoan egiten da (herrialde bakoitzeko mintegi arduraduna elkartzen da bertan). Enkarguzko lanak ere eskatzen dizkiegu sortzaileei (bertsolariei, musikariei, ilustratzaileei…).
Orain bertso-eskoletarako materiala sortzeari ari gara lehentasuna jartzen, eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoarako neurrira egina izatea nahi dugu, bertako irakasle lantaldeak sortua. Hegoalderako ere egokituko dugu, bidea egin ahala.
Zein dira “Bertsolaritza ikastetxean” proiektuaren oinarri pedagogikoak? Zer leku dute euskal kulturaren transmisioak eta bertsolaritzak Oinarrizko Curriculum Diseinuan eta Euskal Curriculumaren oinarrietan? Zein dira bertsolaritzaren bidez lantzen diren oinarrizko hezkuntza gaitasunak?
Mikel: Proiektuaren oinarri pedagogikoak Bertsolaritzaren Curriculumak markatzen ditu. 2008an argitaratu zen, eta, funtsean, ikuspegi eraikitzailea du eustazpia. Haurren ikaskuntza eraginkorra izan dadin beharrezkoa da afektibotasuna zaintzea, egoera errealetan helburu esanguratsuak proposatzea eta kultur aniztasuna kontuan hartzen dituzten balioen itzalean aurrera egitea. Horrez gain, materialetan bezala gelako jardunean, genero ikuspegia izaten ahalegintzen gara.
Bertsolaritzaren bidez lau arlo lantzen dira: kultura, hizkuntza, musika eta trebetasun pertsonal-sozialak. Bertsolaritza jendaurreko jarduna da, eta ez nolanahikoa gainera, bat-batekotasunak ezaugarri berezi batzuk dakartzalako atxikirik: sortzen eta jasotzen den unea bat bera izaki, entzuleak bertsolariaren jardunean eragiten du, eta horrek saioa gauzatzen den momentuan biltzen den jendea talde bihurtzea ekartzen du. Hala, gelan ere berebiziko garrantzia hartzen du taldekotasunak, eta bertsolaritza inklusiorako tresna bilakatzen da.
Nola lantzen da, zehazki, bertsolaritza ikasgelan? Zer eskaintzen zaie ikasleei? Irakasleen etengabeko formazioa ere ezinbestekoa izango da…
Mikel: Azken lau ikasturteetan berrikuntza prozesu batean murgildua egon da Bertsozale Elkarteko hezkuntza saila. Gelako metodologia berrikusi eta proba berriak egin ditugu bat-bateko bertsolaritza eta ahozkoa erdigunean jarriz. Emaitza oso esanguratsua izan dela esan daiteke: ia ikasle guztiek bat-batean sortzeko gaitasuna erakusten dute ikastaroa amaitzerako, eta, horrez gain, motibazioan ere antzeman da hobekuntza.
Hala, metodologia berrian irakasleek gelan dituzten erdiguneko praktikak zeintzuk diren ikertzen ari gara. Esate baterako: bertsolaritza praktika erreal gisa lantzea, ereduak ikus-entzunaraztea, ikasleekiko elkarrekintza diseinatzea (egiten diren galdera motak eta abar), ikasleen egiteko modua (indarguneak, arazoak…) aurreikustea…
Horretarako ezinbestekoa izan da gelako grabazioak egin eta autokonfrontazio saio sinpleak eta gurutzatuak egitea. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean hiru urteko formazio zikloa osatu dugu dagoeneko, eta aurrerantzean ere praktikaren behaketatik abiatutako prestakuntza izango dugu oinarri. Funtsean, gelako grabazioak prestatzaile batekin zein prestatzailearekin eta Bertsozale Elkarteko lankideekin batera aztertzea izan da formaziorako teknika nagusia.
Ikasgelako lana indartzeko jarduera osagarriak egiteko aukera ere ematen diezue ikastetxeei. Zelako ekintzak dira?
Mikel: Batetik, ikasgelan bertan bertsolarien bisitak antolatzen ditugu. Irakasleak berak ere kantatzen duela nahiz bi bertsolari ekarrita bertso-saio txikiak egiten dituzte eskoletan.
Bestetik, kurtso amaieran ikasleek eurek kantatzeko jaialdiak egiten dira. Leku batzuetan ikastetxean bertan egiten dira, eta beste batzuetan herriko beste areto batean. Jaialdi hauek kurtsoan zehar ikasitakoa borobildu eta erakusteko funtzioa dute.
Azkenik, ez da ahaztu behar hezkuntza arautuan zaletzen diren ikasleei bertso-eskolan izena emateko aukera eskaintzen zaiela. Behin bertso-eskolan izena eman dutenean, gainera, asteburu pasak, udalekuak eta abar izaten dituzte aukeran.
Zorionez, badirudi azken urteetan pixkanaka orekatzen ari dela gizonen eta emakumeen parte hartzea plazetan: txapelketak eta sariketak aintzat hartu gabe, 2022an plazako parte hartzeen % 53,2 gizonezko bertsolariek egin zituzten eta % 46,8 emakumezko bertsolariek. Hori, hein handi batean, ikastetxeetan urtez urte egiten den lanaren ondorioa ere bada, ezta?
Ixiar: Plazan eman den aldaketa handi horren atzean, gehiago dago beste hainbat gunetan egin den lanaren eragina. Bertsozale Elkarteko proiektu askotatik, eremu ezberdinetan sustatu da parekidetasuna eta emakumeen plazaratzea. Urtetan egindako lana da gainera: bidea egiteko denbora behar da. Ikastetxeetan egiten dugun lanak plazan ez dut uste eragin handia duenik, baina bai alderantziz: plazatik erakusten dugunak eragina du ikasleengan. Horregatik ikasmateriala sortzerakoan saiatzen gara ereduetan emakume bertsolariak jartzen gizonak beste, saiatzen gara genero-rolei erreparatzen eta zer tematika eta nondik lantzen ditugun ere zaintzen saiatzen gara. Plazako bertsoaldi batek gelan zer hitz egin, zer pentsarazi, zer partekatu… aukera asko ematen du.
Martxoan, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), 2022ko kontuak eta 2023ko egitasmoa eta aurrekontua onartu zituen Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusiak. 2023ko egitasmoan, hezkuntza da ardatzetako bat. Arlo horretan zer helburu eta proiektu jaso dituzue? Zeri eman nahi diozue lehentasuna aurrera begira?
Mikel: Hezkuntzako proiektuak bolumen handia du gaur egun. Kuantitatiboki duen garrantzia kualitatiboa ere bada, eta beraz, formazioan eta materialgintzan abiatutako bideari jarraipena ematea izango da erronka nagusietako bat.
Horri loturik, bertsolaritzaren didaktikaren ikerkuntzan ere aurrerapausoak ematen ari gara. Ikerketa txikiak, barrura begirakoak, nahiz akademikoak ditugu martxan. Horiek izango dira hezkuntzan egiten den lan eskergaren oinarrian dagoena bistaratuko duten lanak.
(2023ko ekainaren 13an argitaratutako Berezia)
ARGAZKIEN ITURRIA: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA