Bertsotan trebatzeko karta jolasak
Bertsotan trebatzeko karta jolasak –
Bertsozale Elkartearen ataritik.
Haurrek bat-batean egiteko karta jolasak atera ditugu Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek. Bertso-eskoletan eta ikastetxeetan baliatzeko materiala da, eta elkarteko irakasle lantaldean sortu ditugu.
Bertso-eskola bakoitzari bilduma bana emango diogu opari; gainera, materiala ontzen ari ginela iragarri genuenean eskaera egiteko aukera eman genien ale gehiago behar zituztenei. Horiei guztiei datozen asteetan egingo diegu banaketa herrialdeetako Bertsozale Elkarteen bidez; jarriko gara bertso-eskolekin harremanetan, egoera zail honetan iristarazteko modurik egokiena topatzeko.
Karta jolasak, gainera, PDF fitxategian eskuragarri daude bertsoeskola.eus atarian, hemen.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.
Bertsotan bat-batean jarduteko
Sei karta sortez osatutako bilduma honek aukera emango digu haurrekin bat-bateko ariketa ezberdinak lantzeko: puntuari erantzutea (laguntza gisa oinak emanda), azken puntua eta oinak harturik kopla edo bertsoa osatzea, 4 edo 8 oinak emanda puntutan zein bertsotan egitea, gaiak sortzea (pertsonaiak, egoerak eta emozioak konbinatuz), errimatzen duten kartak lortu eta kantuan aritzea, eta pasa hitza jolasarekin asmakizunak igartzea.