Bertsotan ikasgelan

Bertsotan ikasgelan –

O.Pradok Noticias de Gipuzkoan.


Bertsotan ikasgelan
Orioko Zaragueta Herri Eskolako saioa, Iñaki Gurrutxagaren eskutik.N.G.

 

Bertsozale Elkartearen ekimenez 1985. urtean abiarazitako Gu ere bertsotan egitasmoak tinko jarrai-tzen du. Gipuzkoako 145 ikastetxetako 11.800 ikaslek jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak gaur egun. Euskal Herri mailan, berriz, 25.600 dira parte hartzen duten ikasleak. Gehienak Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara bitartekoak dira, baina zentro batzuetan DBH mailara ere zabaltzen da.

Eneritz Artetxe Eizagirre Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen esanetan, pandemiaren ondorioz izandako konfinamenduak ere ez zituen eskolak etenarazi: “Onlinelana egiteko prest dago gure lan taldea; www.bertsoikasgela.eus plataforma erabiltzen dugu bertsolaritza saioetarako eta iaz ikasturte amaierara arte bertsolaritzarekin jarrai-tzeko aukera izan genuen segurtasun protokoloa eskola bakoitzaren neurrietara egokituz”, esan du.

Ikasgelan bertsotan aritzeak lau alor lantzea ahalbidetzen du: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak (autoestimua, lotsa gainditzea, jende aurrean ari-tzeko trebetasuna, eta abar).

Gozamenetik abiatuz

Artetxek azaldutakoaren arabera, klase bat prestatzeko orduan bi premisa hartzen dituzte kontuan: ikasleak egon behar du erdigunean eta ahozko jarduna izan behar da nagusi. “Ikasleen ikas-prozesuaren unearen arabera prestatzen ditugu klaseetarako dinamikak, ariketak eta jolasak, beti ere gozamenetik abiatuta”.

Proiektua 80ko hamarkadan abiatu zen Nafarroan eta urteen poderioz Euskal Herri osora zabaldu da. Gazteak bertsolaritzaren mundura ekartzea da bere helburua eta ondo betetzen ari da, asko baitira ikastetetxean zaletu ondoren bertso eskolara hurbiltzen direnak.

Bertsotan ikasgelan