«Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa falta genuen, eta horixe eman digu Joxepak»

Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa –

Kronika hedabidetik.


Azaroaren 8an elkartu zen lehenengo aldiz Joxepa Bertso Taldea. Maider Zugasti, Garazi Urdangarin, Enara Arruti eta Nora Estevez taldekideek orain arteko bidearen errepasoa egin dute Kronikarekin. 

 

Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa

 

Iazko urte amaieran sortu zenuten Joxepa taldea. Zer dela eta? Zein izan zen lehenengo txinparta?

Hasiera batean, Garineko Txapelketa prestatzeko elkartu ginen. 2024an gure inguruko batzuk joan ziren saiora, eta ikusi zuten gehienak gizonezkoak zirela oholtzan. Giro hori aldatzeko gogoa geneukan, eta horren aurrean erabaki genuen elkartzen hastea.  

 

Azkenean taldeko bi kidek hartu zenuten parte Garinen. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oholtzan egon ginenok argi daukagu ez ginatekeela igoko publikoan sortu zen giro onik gabe. Proba egin nahi genuen, eta oso gustura aritu ginen bertan. Egia da hasieran lotsa edo apuroa sentitzen duzula, ez zaudelako horretara ohituta. Betidanik izan gara bertsozaleak, baina sekula ez gara bertsotan jardun. Jauzi hori egitea ez da erraza, baina behin hasita pozik aritu ginen. Gainontzeko bertsolariek ere asko lagundu gintuzten. 

 

Gogoan duzue elkartu zineten lehenengo ostirala? Zer egin zenuten?

Bai, noski! Hasieran ez genekien non elkartu ere, horixe zen gure zalantza nagusia. Biteriko gela batean egin genuen lehenengo saio hura, eta borobilean jarrita errimak botatzen aritu ginen gehienbat. Bertsoren bat ere bota genuen, baina errimatu gabe, doinua betetzeko edo. Lehenengo kontaktua halaxe egin genuen. Hutsetik bertsotan hastea ez da hain erraza, baina lotsa galdu ahala bat batean egiten hasi gara. Egia da gure artean konfiantza haundia daukagula, eta horrek asko laguntzen du. Hasieran batzuk entzuteko asmoz etorri ziren taldera, eta azkenean bertsotan bukatu dute. 

 

Ikusten denez, gustua hartu diozue bertsoari. 

Prozesu bat izan da. Hasieran lotsa puntu bat ematen zigun kantatzeak, baina daukagun giroak asko lagundu digu. Lagunarteko giroa da, erraz askatzeko modukoa. Hein batean, lotsa dator zerbait txukuna egin nahietik, eta zerbait txukuna okurritu ezean, ez ginen botatzera ausartzen. Hori aldatzea ere bazen gure asmoa, bertso txarrak bota ahal izateko espazio seguru bat sortu nahi genuen. 

 

Lehenengo egun hartatik asko aldatu dira zuen saioak?

Bai, dexente. Orain ariketa gehiago egiten ditugu; ofiziotan egin izan dugu, lau oinak emanda bertsoa osatu… Ganbarakoak ere egin izan ditugu, pentsa! Gainera, asko gustatzen zaigu antzerki pixka bat txertatzea saioetan; ganbarara joan, txamarrak jantzi, pasilloa egin… gero agian kopla bakarra botatzen dugu, baina oso ondo pasatzen dugu guzti hori egiten. Hortik doa gure taldea, umoretik eta jolasetik. 

Saioak ere gogoaren eta momentuaren arabera prestatzen ditugu. Askotan inprobisatzen joaten gara, eta bakoitzak egin nahi dituen ariketak proposatzen ditu. Behin kantuan hasita, batek ez badu bertsoa bukatzen, ondokoak bukatzen du; edo, besterik gabe, bukatu gabe geratzen da. 

 

Zer ematen dizue ostiraleroko tartetxo horrek?

Guretzat sekulako planazoa da, oso ondo pasatzen dugu bertan. Garinekoa, azkenean, aitzakia izan zen. Taldeko denek nahi genuen bertsotan hasi, baina gure neurriko espazioa falta genuen, eta horixe eman digu Joxepak. Une honetan 6-7 pertsona elkartzen gara, eta aisialdirako tarte ederra izaten da. Urtarrilaren 1ean ere elkartu ginen…

 

Taldearen izenak ere badu esanahia.

Bai, badu. Ez gara ondo gogoratzen nola izan zen izena hautatzeko momentua. Joxepa Kioskoaren atzealdean egin genuen lehenengo bilera, eta identifikatuta sentitu ginen bere historiarekin. Sagardotegietan mahai gainera igotzen zen bertsoak botatzeko, eta guk Garinen horrelako zerbait irudikatzen genuen. Oholtzara igo nahi genuen gure lekua hartzera. Joxeparen bertsoak abestu izan ditugu ostiralen batean.

 

Joxepa izan daiteke, beraz, zuen erreferentea. 

Bai, baliteke. Egia da bertsolaritzan badaudela emakume erreferente asko, baina normalean oso maila altua duen jendea da. Guri, adibidez, Bertso Udalekuetara joateak asko lagundu digu, bertan ikusi genuelako lehenengo aldiz gure inguruko neskek ere egiten zutela bertsotan. Gerora, kuadrilan edo lagunartean aritu izan gara puntuka edo, baina oso tarteka. Gure taldean ez daukagu helburu haundiegirik, elkartu eta giro informaletan aritu nahi dugu bertsotan. Besterik gabe. 

 

Giro informaletan, parrandan adibidez, ohikoagoa izaten da gizon taldeak ikustea bertsotan.

Bertsolaritzan aldaketa asko ematen ari dira, eta ohitzen ari gara bestelako gorputzak ikustera oholtzan, baina hori maila jakin batetik gora gertatzen da. Ez gaude hain ohituak sentitzera eremu informaletan gai garela edo zilegitasuna dugula. Kale erdian abesten hasteko ohitura falta zaigu; lotsa edo beldurra ematen digu bertsotan ondo ez jakiteak… Talde honen bidez horri buelta eman nahi diogu.  

 

Bertsotan aritzeaz gain, trama antolatzeko ardura ere hartu zenuten otsailean. 

Polita da erronka txikien bidez bertsolaritza beste leku batzuetatik ezagutzea. Gai jartzailetza barrutik probatu genuen, eta konturatu ginen ze zaila den denborak kalkulatzea, gaiak prestatzea eta bertan ondo adieraztea. 

 

Joxepan sartzeko zalantzan dagoenari zer esango zeniokete?

Giro honetan oso erraza dela gustura aritzea. Denok gaude antzeko maila batean, eta argi daukagu betiko exijentzia maila jaitsi behar dugula. Ona edo txarra bota, berdin dio. Ondo pasatzea da helburua.

Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa  Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa  Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa  Bertsotan egiteko gure neurriko espazioa