Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez

Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez –

Ane Maruri Aransolok Busturialdeko Hitzan.


 

Jon Lopategiren omenez, gazteei plaza eskaintzea helburu duen Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketa antolatu dute bigarrenez. Domekan Ajangizen hasiko dute lehia, eta ekainaren 26an Muxikan amaitu.

 

Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez

 

Bigarren urtez jarraian, Argi Baltza Bertsolari Txapelketa antolatu du Lilibertsok. Jon Lopategiren omenezko lehiaketa da, bertsolari gazteei plaza bat eskaintzea helburu duena, eta Busturialdeko lau udalerritan jokatuko dena.

Lopategi bertsolari oso ezaguna eta erreferentea izan zen Busturialdean zein Euskal Herri mailan, eta bera omentzeko eta berak eskualdean zehar egindako lana balioan jartzeko antolatu dute Lilibertsokoek sariketa: “Bertsolari gazteak plazaratzeko lan ikaragarria egin zuen,  baita kulturgintza sustatzeko ere. Hil zen momentutik, bera urtero-urtero gogoratzea oso garrantzitsua dela uste dugu”.

Muxikako bertsolariak bertsolaritzaren transmisioan egindako lana indartu gura du eskualdeko bertsozaleen taldeak. Badu horretarako ardura eta gogoa. “Haren lekukoa hartzea erabaki dugu, Lopategiren lanari jarraipena emateko asmoz”, azaldu du Janire Arrizabalaga Lilibertsoko kideak. Iazko jardunaldiak “oso politak” izan ziren eta bertsolaritzaren etorkizuna bermatzeko antolatu dute bigarrenez bertsolari gazteen plaza izango den txapelketa. “Bigarrena da, eta bigarren batek ohitura bat sor dezake. Gustatuko litzaiguke oraingo txapelketa honek arrakasta izanez gero, urtero antolatzen jarraitzea”, dio Arrizabalagak.

Sariketagaz gazteengan jarriko dute fokua, izan ere, Bizkaian edota Euskal Herri mailan, gabezia handi bat dago gazteen plazaratzeari dagokionean. Egia da Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsozale elkarteetatik ahalegin handia egiten dela, baina asko dira bertsolari gazteak, eta ez dago denentzako lekurik.

Iaz txapelketa “proba” moduko lehiaketa izan zen, bizkaitarrek bakarrik parte hartu zutena. Aurten, berriz, salto egitea erabaki dute, txapelketari “zabalkundea” ematea. Hori dela eta, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko bertsolariak hurreratuko dira Busturialdera: “Eskualdetik eta Bizkaitik haratagoko bertsolari gazteak ezagutzeko baliatuko dugu txapelketa, horiek direlako bertsolaritzaren etorkizuna, baita Lopategik bertsolari gazteekin lan egiten zuelako ere”.

Iaz, bizkaitarrak izan ziren bertsolari gehienak, baina, aurten, lurralde ezberdinetako bertsolarien presentziari garrantzia eman diote, txapelketaren oihartzuna Euskal Herrian zabaltzeko helburuz. Hala ere, Lopategiren filosofiari jarraiki, bizkaitarrak izango dira gehienak. “Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkaritza bermatu dugu, baina bizkaitarrak gailentzen dira. Horien artean, gainera, Busturialdeko bertsolariak egoteari eman diogu garrantzia. Guk zortez bertsolari gazte asko ditugu taldean, eta aukeraketa zabala izan dugu. Iaz bertsolari batzuk aritu ziren, eta aurten beste batzuk. Mikel Retolaza da errepikatzen duen bakarra, iaz berak jantzi zuelako txapela”, zehaztu du Koldo Gezuraga Lilibertsoko antolatzaileetako batek.

Txapela defendatzeko aukera izango du Retolazak, eta horretarako aukera izatea “opari galanta” da beretzat: “Txapeldun izatea lorpen handia izan zen niretzat. Egia da oraingoan lurraldekotasunak zabaldu direla, eta zazpi lurraldetako bertsolari gazteak eta onak etorriko direla eskualdera, eta horiek lehia gogortuko dutela. Baina nire burua proban jartzeko aukera bat da aurtengo lehia”.

Hiru saio, eta finala.
Sariketak hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Ajangizen, Gautegiz Arteagan eta Mendatan jokatuko dira kanporaketak, eta Muxikan izango da finala ekainaren 26an; iaz Gorozikako frontoian egin zuten saioa, baina aurten lekua aldatu dute eta Urretxindorrako eskolan izango da final handia. Bertso saio guztiak domekaz jokatuko dira, 18:00etan, ekainaren 6an hasita. Saioetara joatea doakoa da, eta kanporaketetara joateko ez dira sarrerak aurretiaz eskatu beharko.

Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta saio bakoitzeko irabazleak zuzenean ariko dira finalean. Beste hirurak puntuazioaren arabera sailatuko dira, seiko finala izango baita aurtengoa.

Mendatako kanporaketa da aurtengo berritasuna. “Txapelketa eskualdeko herri txikietan egin dugu, eta horietako beste bat da Mendata. Finala Muxikan egin gura izan dugu, Lopategi bertakoa zelako, eta kanporaketetara Mendata gehitu dugu”, azaldu dute antolatzaileek.

Argi Baltza bertsolari txapelketan bertsolaritzaren kate osoko pertsonek parte hartzen dute: direla bertsolariak, direla gai jartzaileak, direla epaileak. “Antolatzen ditugun saio gehienetan gai jartzaile taldea martxan jartzen dugu, eta gure taldekide horiek prestatzen dituzte gaiak. Oraingoan ere, Lilibertso inguruan mugitzen diren gai jartzaile eta epailieak arituko dira sariketan”.

Udalen laguntza eskertu dute antolatzaileek: “Eskerrak lau udalei gure proiektua aurrera eramaten uzteagatik eta horren alde egiteagatik. Bertsoei lekua eskaintzen diete eskualdean”.

Saioak
Ekainak 5, Ajangiz (Mendietako frontoian)
: Aitor Etxebarriazarraga, Iker Uriarte, Peru Abarrategi, Jone Larrinaga, Sarai Robles eta Aner Peritz.

Ekainak 12, Gautegiz Arteagan (Udal frontoian): Mikel Retolaza, Janire Arrizabalaga, Unai Mendiburu, Irune Basagoiti, Ane Zuazubiskar eta Aitor Servier.

Ekainak 19, Mendatan (Udal frontoian): Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Maider Altuna, Bittor Altube, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena.

Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez Bertsolaritzaren transmisioa indartu gura du Argi Baltza bertsolari txapelketak bigarrenez