Bertsolaritzaren hedabideratzea jaso du bere tesian Antxoka Agirrek
Bertsolaritzaren hedabideratzea jaso du bere tesian Antxoka Agirrek –
‘Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat’ lanean, hainbat hedabide arakatu eta aurkitutako testuak bildu ditu kazetariak
Antxoka Agirre kazetariak bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren inguruko lana burutu du, UPV/EHUren baitan. Hainbat hedabidetako testuak behatzearekin batera, garaian garaiko testuinguru soziala eta bertsolaritzaren eragiletza ere aztertu ditu ‘Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat‘ lanean.
Agirrek, doktoregai tesian hedabideratze hori aztertzerakoan, bestelako zenbait alderdi ere landu ditu; hainbat hedabide arakatu eta aurkitutako testuak biltzen lan handia egiteaz gainera, bildutako hori kokatzeko, testuingurua bera ere aztertu baitu halabeharrez.
Izan ere, hainbatetan kazetaritza testuen sinadurak bat etorriko dira bertsolaritzaren eragileekin, eta, honenbestez, bertsolaritzaren eragiletzaren historia funtsezkoa da bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren historia ulertzeko; eta alderantziz.
«Bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren hariari tiraka garaian garaiko eragileak, bertsolaritza eguneratzeko hauek egindako ahaleginak, berrikuntza proiektuok euskal kulturaren bilakaera orokorrarekin izan ditzateketen loturak edota ikuspegi ezberdinek eragindako korapiloak ezagutzeko modua izan« daitekeela aipatu du egileak.
Era berean, argitaratzen dituzten komunikabideen izaerak garaian garaiko kultur proiektuen inguruko zantzuak eskainiko dituzte, edota hartzaileak ere sumatu ahal izango dira prentsako orrialdeetan barrena ikertzailearen esanetan; finean, presentzia mediatikoaren eta eragiletzaren historiak bertsolaritzaren historia sozialean txertatzen diren neurrian, historia hori osatzen lagun dezaketela pentsatzekoa da. Gainera, testuingurua modu zabalago batean ulertzeko Euskal Herriko kulturgintzaren bilakaera edota Europan kultura popularrak bizi izandakoa azaltzen duten lanetara ere jo du Agirrek
Kronologikoki antolatu du kontakizuna lanean, eta garaiaz gainera, formatu edo euskarri mediatiko ezberdinetan egin diren urrats nagusiak aintzat hartuta.
Hala, kazetaritza piezen corpus garrantzitsu bat berreskuratzearekin batera, lan mardula osatu du hiru urteren buruan, Txema Ramirez de la Piscina eta Simon Peña Fernandez irakasleen zuzendaritzapean.
Bertsolaritzaren hedabideratzea jaso du bere tesian Antxoka Agirrek