“Bertsolaritzaren egitura aldatu behar da, erosoa izan dadin edozein gorputzentzat”
“Bertsolaritzaren egitura aldatu behar da, erosoa izan dadin edozein gorputzentzat” –
June Fernandezek Pikara Magazinen.
Bertsolari gazte feminista heterodisidenteen minak eta aldarriak eraman dituzte oholtzara Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Euzkitze eta Leire Vargasek eRRe emanaldian
Espero gabe, lagun talde izatetik, sortzaile talde izatera pasa dira Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Euzkitze eta Leire Vargas. eRRe bertso emanaldia estreinatu zuten otsailaren 2022an Lankuren eskutik, eta 50 emanaldi baino gehiago egin dituzte.
Arrakasta horren ondorioz, elkarrekin lan egiteko proposamen gehiago jaso dituzte: ARGIAko Berezkoa Ta Naturala podkastean hartu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren analisten papera, eta Azken Oturuntza izeneko emanaldi hibridoa sortu dute Literaturiarako. Unibertsitateko ikasle diren artean oholtzan (eta poesian, Leire Vargas eta Oihana Aranaren kasuan) nabarmendu izateagatik jaso dute “gazte promesa” titulua, eRRen kritikatu duten mekanismo maltzurra.
Pozik agertu dira egindako lanarekin eta jasotako harrerarekin, elkarrekin proiektu berriei ekiteko prest. Era berean, aitortu dute heldukeria, instrumentalizazioa eta errazkeria ere sentitu dutela loraldi honen atzean. “Jende gazte interesgarri pila bat dago. Bila itzazue!”
Eskarmentua zenuten oholtza gainean, baina antzerkigintzak gorputzarekin lan handiagoa exijitzen du bertsolaritzak edo poesiak baino. Nola egin diozue aurre erronkari?
H.A. Lankuren proposamena jaso genuenean, argi geneukan ez zela nahikoa izango bertsoekin eta poema batzuekin. Proiektuan sinetsi ahala, erabaki dugu arriskuak hartzea.
L.V. Ni ez naiz deseroso egon, antzerkian zeozer aritu naizelako eta gustuko dudalako. Laguntza handia jaso dugu Edurne Azkarate gure zuzendariaren aldetik, bera izan baita proposamenari zentzu eszenikoa eman diona. Badu zerbait egiatik bertsolariak mugitzen ez dakien estereotipoak!
O.A.: Norberak bazuen bere motxila, bere ibilbidea, bere minak eta orbanak. Neronek sekulako arantza nuen publiko aurrean dantzatzearekin. Lehenengo entseguan negar egin nuen! Balio izan digu oholtzaratzen dugun pertsonaia horren minez hausnartzeko. Gogorra egin zitzaidan, baina lortu dut.
H.A.: Lortu dugu emanaldian dantzaren momentua ez izatea hain deserosoa zuretzat. Ez dugu gure burua ezertara behartu.
A.E.: Saiatu gara pixkanaka erosoak ez zitzaizkigun gauzak probatzen eta eroso bihurtzen. Sorkuntzaren azken fasean pentsatu genuen Oihanak gitarra joko zuela, eta ez daki jotzen!
Ines Osinagak esaten duen moduan, mediokritateaz apropia gaitezen!
L.V.: Dantza egiten dugunean, horretara goaz.
H.A.: Horri dantza deitzea ere!
O.A.: Ondo dago norbere mugak onartzea…
Edurne Azkaratek esan du hain bikainak zaretela, lan gutxi egin behar izan baitu.
H.A.: eRRen badago zeozer ez dena mediokrea: Edurne Azkarate.
L.V.: Baditugu gure indarguneak eta, zentzu horretan, ez dugu laguntza handirik behar izan testuarekin. Hori zen abiapuntua, egiten genekiena. Baina ikusi genuen laguntza behar genuela testuari zentzu eszenikoa emateko.
A.E.: Entseguekin hasterakoan konturatu ginen ondo egongo zela Edurneri galdetzea. Etorri zen ikustera, gure jefa eta soinu teknikariarekin. Konturatu ginen dena aldatuko zuela.
L.V.: Edurne hasi zitzaigun galdetzen testua botatzen genuen bitartean egiten genuen horren guztiaren zergatia. Pausoz pauso hasi ginen zentzua bilatzen gauza bakoitzari.
H.A. Edurneri aurkeztu genion emanaldia gure ustez amaitua zegoen (barreak). Edurne hasi zen koadernoan idazten…
A.E.: Esan zigun: “Apunte asko hartzen ditut, baina apunte asko hartzea ona da!” Ona, ona…
Sexu eta genero dikotomiak eta botere harremanak dira eRReren ardatza, baina beste gai asko ere badaude presente. Nola josi dituzue txatalak?
O.A.: Bakoitzak eraman behar zuen lehenengo bilerara bere interesekoak ziren gaien zerrenda. Erabaki genuen dualismoei kritika izango zela denak barnebilduko zituen markoa. Erraza izan zen, gai guztietan daudelako zapalduak eta zapaltzaileak, etab. Bertsolaritzan gertatu izan zaiguna kontatu nahi genuen batez ere, baina ez genuen metabertsoa egin nahi. Adibidez, kirol profesionalean dagoen presioa jorratzea izan da “gazte promesa” izateari buruz beste ikuspuntu batetik hitz egiteko modua. Izan ere, bertsolaritzari buruz esaten da hitzaren kirol nazionala dela. Hala, gure minak adierazi ditugu, esplizituki kontatu gabe.
“Graziosoa da jendeak erradikal deitzea, egiazki, egunerokotasunean lagunekin dauzkagun elkarrizketagaiak bildu eta apailatuz sortu dugun zer honi”, idatzi du Leirek. Publiko disidenteari begira sortu duzue ala publiko normatiboa interpelatzeko asmoarekin?
H.A.: Jende normatiboa interpelatua sentitu da, bai, eta jaso ditugu komentarioak, baina ez zait gehiegi inporta esaten dutena. Gure asmoa da jendea gustura egotea, eragitea, baina helburua ez da inoren bizitza aldatzea. Bizi ditugun problematikei buruz hausnartu dugu, hortik abiatuta sortzeko, eta hori sozializatzeko. Antzeko bizipenak izan dituztenek sentitu dute “ni ere hor nago”. Onintza Enbeitak esan zigun: “Ze fuertea gure minak oholtzan ikustea”. Hori da egin duguna.
A.E.: Gure burbuila hobetu nahi dugu ala mundu erreala konpondu? Biak, ahal dela. Uste dut eRRen lortu dugula neurri batean.
Bertsolaritza-emanaldi hibridoen erreferenteak ugaritu dira azken urteotan: Ez da kasualitatea bertso-saio musikatuak, Ane Labaka eta Bea Egizabalen Erradikalak gara eta Erradikalak ginen, Maialen Lujanbioren ‘rr / #05 marrak’… Ze kasualitatea izena, portzierto!
A.E.: [2022eko] Otsailean estreinatu behar genuen, eta urtarrilaren bukaeran izan genuen Maialenen emanaldiaren eta izenaren berri! Propaganda prest genuen jada. Maialenek esan zigun lasai egoteko.
O.A.: Gureak suari egiten dio erreferentzia eta harenak soinuari…
H.A.: Gorria da beste erreferente bat [Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ flamenko dantzariaren artekoa]. Asko jo dugu Ane eta Mirenengana sokorro bila.
Zer ekarpen egiten dizkiete halako emanaldiek bertsolaritzari eta bertsolariei?
L.V.: Bertsolaritzan tradizionalki hegemonia izan duten formatuek hobeto onartzen dituzte gorputz hegemonikoak. Orduan, formatu horietatik ateratzeak errazten die sarbidea arauz kanpoko gorputzei. Asmoa ez da, noski, Ez da kasualitatea emakumeen espazioa izatea eta sagardotegiak gizonenak. Baina benetan eroso sentitzen zaren beste espazio horiek lagungarriak dira gune hegemonikoetan eragiteak eskatzen duen min eta indarrari eusteko.
O.A.: Bertsolarioi egiten digun onuraz gaindi, halako emanaldiek balio dute bertsolaritza zabaltzeko beste esparruetara eta beste publikoetara. Oso gustuko dut disziplinartekotasuna, oro har. Literaturan eta zineman ere gero eta hibridoagoak dira formatuak. Bertsolaritzak badauka estankoa izateko ospea, eta ari gara pixkanaka arrakalatzen. Etorkizuna hortik joan daiteke.
Mutil bertsolari harroputz baten parodia egiten duzue, neska bertsolaria txiki sentiarazten duena. Aldatu dira halako botere harremanak bertso eskoletan eta eskolarteko txapelketetan?
H.A.: Nik uste dut benetako aldaketa ez dela gertatu. Gizonei ez zaie exijitzen beste gorputzei exijitzen zaiena. Hau da, pixka bat disidentea baldin bazara, oso ona izan behar duzu. Hori nabaritzen da 16 urterekin eskolartekoetan eta baita herrialdeetako bertsolari txapelketetan ere. Horregatik, batean eta bestean tipa irabazleak (Saioa Alkaiza barne, bollera ikusgaia dena) egon izanak ez du bermatzen aldaketa erreal bat. Kasu hauetan, bertsotan oso-oso onak direlako irabazi dute, hegemonia ez izaterakoan kalitatea ezinbestekoa baita.
L.V.: Hori da; mediokritatea onartzen zaie gorputz hegemonikoei.
A.E.: Gipuzkoan bertsotan jarraitzen duzuen gure belaunaldiko tipa gehienak zarete eskolartekoen finaletara pasatzen zinetenak.
O.A.: Gipuzkoako txapelketan lau gizon eta lau emakume heldu ziren finalera, baina udaberriko fasean izena eman zuten 84tik 15 inguru baino ez ziren emakumeak. Horrek ez du esan nahi emakumeak hobeak direnik, baizik eta emakume onak bakarrik sartzen direla txapelketetara. Bestetik, nor ikusten dugu plazan urtarrilean eta otsailean? Gu ez gaude sagardotegien irekieran. Gure agendak soilik betetzen dira martxoan, ekainean eta azaroan. Ines Osinagak esan ohi du tarifa berezia jarri beharko genukeela, goi-denboraldikoa. Auzia da nori ematen zaion autoritatea, nork ematen duen autoritatea, zergatik lotzen den arrakastarekin Aiako festetan kantatzea eta ez Urdin Elektrikoan zuekin egotea.
L.V.: Hala ere, nik esango nuke aldaketa izan dela azken hamarkadetan, eta jarraituko duela aldatzen…
H.A.: Baina ez bertsolaritza aldatu delako, ingurua bera eta errealitate bera aldatu direlako baizik.
O.A.: Aldatzen ari da? Bai. Aldatuko da guk nahi dugun beste? Ez.
Oso presente duzue zer gorputz dauden bertso-munduan eta zeintzuk falta diren. Zergatik zarete hainbeste bollera ikusgai eta soilik marika ikusgai bat? Aner, nola bizi duzu unikornio izatea?
A.E.: Maider Arregik erantzun zion lehenengo galderari: bertsolaritzan maskulinitatea onartzen delako eta feminitatea zigortu. Unikornio moduan bizirauten ari banaiz, lagun bollerei esker da. Beldur naiz honek guztiak ez ote nauen gaindituko eta bertsolaritza utziko dudan, nazkatuta, bost urte barru. Ez da bakardadea soilik, izan behar hori baizik. Saioak amaitzean esaten dut: “Gaur nola jantzi zara? Zer bertso kantatu dituzu? Nor molestatu duzu?” Ba igual ezin dut egon denbora guztian hau egiten. Nahi dut eta behar dut, baina bada zama moduko bat. Gaur marika bakarra dago, baina bihar beltz bat izango da bakarra. Lortu behar dugu mobida hau eroso izatea helduko diren bakar guztientzat.
O.A.: Hori da, bertsolaritzan aritzea erosoa izan dadila edozein gorputzentzat. Ez da bakarrik zer garen edo nola garen irakurriak, baizik eta bertso-sistema nola dagoen egituratua, maskulino- femenino dikotomiatik haratago doan zerbait delakoan nago. Pobrea baldin bazara, ezin duzu bertsolaria izan, behar duzulako dirua ez dakit nongo saiora kantatzera joateko, hamar euroren truke…
Hitz egin dezagun Bertsolari Txapelketa Nagusiaz. Astez aste aztertu zenuten podkastean, zer zapore utzi dizue?
O.A.: Betikoa da: “aurten aldaketaren txapelketa izango da”…, baina gero timatzen gaituzte. Txapelketaren egituraren ondorio da. Epaileei dagokionez, kopuruetan parekidetasuna dago, baina parekidetasuna hori baino gehiago da, ahazten zaigu emakumeen arteko lehia existitzen dela, emakumeak zorrotzago epaituak direla, epaileak pertsonak direla eta haien artean botere harremanak daudela…
A.E.: Eta emakume izateak ez zaitu feminista bihurtzen…
O.A.: Txapelketari zer garrantzia ematen diogun ere aztertzekoa da. Leku askotatik begiratuta, garrantzia handia du, baina ikusputu moraletik ondo dago txapelketa existitzea? Hori diot eta, aldi berean, maite dut!
H.A.: Ogia eta zirkoa denontzat, ezta? Irailean salduta zeuden 13.000 sarrera, oraindik zeintzuk ziren ez genekien zortzi pertsona entzuteko! Gauza politak gertatu dira, sartu da Nafarroa finalera, egon dira bertsoaldi oso lokoak, Nerea Elustondok esan zuen potola eta lesbiana zela… Donibane Garazin, Oihana Iguaranek kantatu zuen Joanes eta Alaiaren bakarkako bera (lehenengo larrua jotzea) gizon zishetero baten paperetik; behetik gorako umorea egin zuen. Jone Uriarena Bilbon brillantea izan zen (unibertsitate irakasle jazartzaile baten papera hartu zuen), baina txalo gehiago jaso zituen Dakarreko futbolistaren paperetik kantatu zuenak.
Bertsolari feministen abantaila diskurtsiboa izan da orain arte. Baina azken txapelketan gizon bertsolariek ere bereganatu dute diskurtso feminista. Zer iruditu zaizue?
O.A.: Puntuak biltzea komeni denean denak dira super deseraikiak, baina gauzak egin behar dira errentagarriak ez direnean ere. Adibidez, Julio Sotok saiakera koherentea egin zuen bere mundu ikuskera sartzeko uneoro, asmatuko zuen gehiago edo gutxiago, baina azpimarragarria iruditzen zait egin duena.
L.V.: Zilegitasuna ematen dizuna da normalean gorpuzten duzuna. Ezin duzu erabaki “orain komeni zait ni baino zapaldua dagoenaren papera hartzea eta hortik kantatuko dut, baina gero jarraituko dut hegemonia erreproduzitzen”.
A.E.: Sasi-aliatuen joera hori putada bat da guretzat. Oso argi esan nahi dut. Ez dagoena prest gurekin egoteko behar denean, ez dadila izan komeni zaionean. Zorrotz izan behar dugu gizon horiekin, gure diskurtsoa ikasi dutenak guay geratzeko, baina beste hiru gizonekin tabernan daudenean egurra emango digutenak atzetik. Feminista eta zaurgarri ager daitezela sagardotegi batean, ez nirekin bertso-saio musikatua dutenean soilik.
Finalean euforiaz hartu genituen Alaia eta Maialenen bakarkakoak: sexu lesbikoari eta autodefentsa transmaribibolloari buruzkoak, hurrenez hurren. Armairu ateratze moduan irakurri izan dira nolabait…
A.E.: 2022an oraindik ere pozten gara txikikeria horiekin: Maialen Lujanbiok fatxa nazkagarri bat bota duela metrotik eta Alaia Martinek tipa batekin probatu duela edo probatzeko prest dagoela. Esplizituagoak izatea nahiko nuke; ez hitz egitea tximeletez, baizik eta flujoez! Cruising eszena bat nahi dut! Hori ez da gertatzen txapelketetan baina beste leku batzuetan abiatzen dira halako hausturak, zorionez; adibidez, saio trasmaribibolloetan.
H.A.: Eman diegu pisu gehiago finalean gertatu diren gauzei, tximeletei eta ortzadarrei, baina ni beti itzultzen naiz Nerea Elustondora: potola, lesbiana, ez-ama bezala munduratzen da eta horrela pozik dago. 2013ko txapelketan Amaia Agirrek kantatu zuen berak eta bere emazteak umeak edukitzeko zituzten zailtasunez. Egon badaude indar handiko diskurtso autobiografikoak.
O.A: Saioa Alkaizaren ekarpenak azpimarratu nahi ditut, hain agerikoak izan ez direnak. Ez-monogamiari buruz kantatu du, eta “bikoteak zarete bat” zapuztu du: “berdin zait bikoteak isun batekin duen arazoa, ez dugulako konpartitzen kontu korrontea”. Hor mundu ikuskera bat dago, planteamendu sakon bat, gai-jartzaileek, entzuleok zein bertsokideak egin ez genuena.
Hogeita bat urte dituzue eta dagoeneko ospea eta arrakasta lortu duzue euskal kulturan. Nola bizi duzue “promesa gaztea” izate hori?
H.A.: Guk ez diogu inori ezer prometitu! Egoerak gain hartu dit pixka bat, batez ere podkastaren ondorioz: gure iritziak grabatuta egoteak, hainbeste zabaltzeak… Saiatzen naiz garrantzia kentzen; ez gara hain inportanteak. Agian ekainean eRRe bukatzen denean, gu desagertuko gara!
A.E.: Ni kezkatzen nauena ez da gure freskotasuna gastatzea. Ez dut nire irudia merkantilizatu nahi, bai ordea modu kontzienteagoan erabaki zer egin nahi dudan eta zer ez, non egon nahi dudan eta non ez. Izan ere, modu isolatuan egiten dugun dena batuta, bide bat sortzen da.
L.V.: Horretan aritu naiz azken hilabeteotan. Nire liburua argitaratu nuenetik aritu naiz egiten eta egiten, gogoa neukalako proposamenei erantzuteko, baina baita ere mezu jakin bat jasotzen nuelako etengabe: orain dela nire momentua eta aprobetxatu behar dudala, gaur ezetz esaten badut, bihar ez dudalako ezer edukiko. Pasa den udaztenean eztanda egin nuen, ikusi nuen ez zela bizigarria. Neska sortzaileak ikusten ditut inguruan, gurpil horri eusten, etengabe lehen lerroan, begizuloekin, argalduta… Orain ihesaldi momentuan nago, eta ikusiko dugu zer etorriko den.
O.A.: Nik uste dut interesgarria dela hausnartzea zergatik gu laurok garen promesak eta gure adinkide gizonak ez diren promesa. Gorputz jakin batzuei eragiten dien mekanismo zapaltzaile bat da.
Anbizioak dituzue? Txapela janztearekin amets egiten duzue?
H.A.: Posible da? Hori da galdera.
A.E.: Ilusio handiagoa egiten dit beste fantasia batek: Oihanak [Arana] jantziko du txapela eta nik agurra egingo diot: “Ze maja zaren, zorionak, kariño!”. Nire anbizioa da hurrengo saioak ondo egitea, gustura jarraitzea. Pozik esnatu, agurra kotxean pentsatu, gero saioen bideoak ikusi, txiste horrek grazia egin duen eta ea guapa nagoen ikusteko.
L.V.: Bertsolaritza utzi izanagatik esan dezaket jarraitzea bera asko dela…
H.A.: Bizkaitarrak edo nafarrak izango bagina, txapelketarako entrenatzen egongo ginateke, eta desberdin erantzungo genuke galdera hau…
A.E.: Argi dago txapelketei begira gauzak lortu nahi ditugula, baina ez dut sufritzen aritu nahi.
O.A.: Hausnartu behar dugu bertsotan egitea zer den, zer den irabaztea, zer egin behar den irabazteko… Nire anbizioa da nire buruarekiko fidela izatea eta egin nahi dudan hori egitea. Horrela ematen badizkidate sariak, primeran, eta bestela ere, pozik.