«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»

«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu» –

Miren Garatek Berria egunkarian.


BEÑAT GAZTELUMENDI, MIREN ARTETXE ETA IGOR ELORTZA. EUSKAL HERRIKO BERTSOZALE ELKARTEKO LEHENDAKARITZAKO KIDEAK

 

2030era bitarteko plangintza egin du Bertsozale Elkarteak. Hainbeste azaltzen ez diren espazio batzuei ikusgaitasuna ematea izango da erronketako bat.

«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe, Bertsozale Elkarteko lehendakaritzako kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

 

2019ko uztailak 14
 
Iñaki Murua lehendakariaren eta Xabier Gaztelumendi idazkariaren tokia seikote batek hartu zuen iaz Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakaritzan. Hain zuzen, gogoeta urtea izan zuen elkarteak 2018koa, ondorengo hamabi urteetan nondik nora jo erabakitzeko garaia. EHUko ikerlari talde batek eginiko Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa erabili dute, besteak beste, oinarri moduan, eta feminismoarena izan da interes handiena piztu duten gaietako bat. Feminismoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldetasuna izango dira elkartearen zehar lerroak aurrerantzean ere. Helburu nagusia, berriz, bertsolaritza geroratzea. Seikote horretako hirurekin elkartu da BERRIA: Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987), Miren Artetxe (Hendaia, Lapurdi, 1985) eta Igor Elortzarekin (Durango, Bizkaia, 1975) —Arrate Illaro, Xabi Igoa eta Maialen Lujanbio dira beste hiru kideak—.

Bertsolaritza geroratzea leloak jarraitzen du Bertsozale Elkartearen ardatz nagusia izaten. Geroratu horrekin zer esan nahi duzue?

BEÑAT GAZTELUMENDI: Elkartea sortu zenean, bertsolaritzaren jarraipena bera ikusten zen arriskuan, eta, geroratzearekin, jarraipen hori bermatzea zen helburua. Gaur egun, geroratu esaten dugunean, bertsolaritzaren barruan dauden gune eta modu guztiak babesteaz ari gara gehiago. Horrek esan nahi du hainbeste azaltzen ez diren espazio batzuei ikusgaitasuna ematen saiatu behar dugula eta bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugula, geroratzen den bertsolaritza hori ahalik eta osoena izan dadin. Gogoetak utzi digun ondorio nagusietako bat da bertsolaritza oso aberatsa dela momentu hauetan, jendeak leku oso ezberdinetatik begiratzen diola bertsolaritzari eta leku horiek denak babestea tokatzen zaiola elkarteari.

Besteak beste, EHUko ikerlari talde batek egindako Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa hartu duzue oinarritzat gogoeta egiteko. Txosten horretako zerbaitek harritu zaituzte bereziki ?

MIREN ARTETXE: Ikerketak emandako ardatzetako batzuk suma genitzakeen aurrez ere: adibidez, plaza gero eta ezberdinagoak daudela eta generoaren aldetik badagoela zeri heldu. Azterketak gizarte mugimendutzat definitu gaitu. Guk beti funtzionatu izan dugu horrela, baina izendapenak eman digu gogoetarako esparru berri bat.

IGOR ELORTZA: Gizarte mugimenduarena bada oso eroso sentiarazten gaituen izendapena, baina guk geure burua ez dugu halakotzat jo izan ikerketak hala interpretatu arte. Ikerketak proiektu soziokultural bati lotutako antolaketa autonomo bat egitearekin, antolaketa horren inguruan sozializazio gune deritzenak sortzearekin eta gizarteko momentuko ezinegonekin eta abarrekin artikulatzearekin lotzen du gizarte mugimendua. Modu horretara izendatuta ez da sorpresa bat, baina geure buruaz pentsatzeko modu bat eman digu, eta, aldi berean, bertan ez gozotzeko motiboa ere bai.

Artikulazioen premia da azterketak aipatzen dituen kontuetako bat. Rockaren belaunaldiaren eta bertsolaritza neoklasikoaren arteko artikulazioak izandako arrakasta aipatzen du, eta, gaur egunera begira, emakumeen artikulazioak bertsolaritza asko baldintza dezakeela dio. Zein beste artikulazio posible ikusten dituzue?

M.A.: Rockaren belaunaldia bazegoen, eta bertsolaritza ere bai, baina aparteko bi mundu ziren. Mugimendu horrekin, rockaren belaunaldiko pertsonek, ideologiek eta bizimoduek nahiz bertsolaritzaren praktika kulturalak bat egiten zuten guneak sortu ziren. Emakumeei dagokienez, kontua ez da emakumeak ez direla egon mundu horretan, baizik eta posizio eta funtzio jakin batzuetan egon direla, eta, kasu honetan, desartikulazio eta berrartikulazio bat egon behar da. Aurrera begira, ez dakit artikulazio dei dakiekeen, baina gizartearen argazkiari eta bertsolaritzarenari begiratuz gero, hutsune batzuk badaude: bertsolaritzak ez ditu gizartean ikus daitezkeen adina ahots eta gorputz ordezkatuta, ez plazetan, ez mugimenduaren barruan. Elkarte gisa, horri buruz pentsatzea dagokigu, transbertsalki.

Hiru zehar lerro finkatu dituzue hurrengo hamabi urteetarako: feminismoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldetasuna. Generoaren arloan, hainbat gabezia hauteman ditu azterketa soziologikoak. Feminismoari lotutako zer neurri jakin hartzeko asmoa duzue?

M.A.: Aurreko gogoetan erabaki zen feminismoa zehar lerro bezala hartzea; beraz, ez da zehar lerro berria. Gauza asko mugitu dira azken hamabi urte hauetan: egitasmo, ikerketa eta saio berezi pila bat egin dira, genero sistemak nola zeharkatzen duen bertsolaritza oso aztertuta daukagu, fin harilkatzen dugu diskurtsoa… Horiek egindako ibilbidea ikusita, eta gure helburua etorkizunean bertsolaritza parekidea lortzea izanik, helburuetako batzuk berritu egin ditugu. Besteak beste, berdintasun plan bat egingo da. Hamabi urte hauetarako jarritako helburuak betetzeko, berregituraketa bat beharko du elkarteak, eta berregituraketa hori ere genero ikuspegitik diseinatzea da asmoa. Elkarteak ere bertso mugimenduan eragiten duen neurrian, kontzientzia horrekin ariko da. Eta eraso sexisten aurkako protokoloa ere egingo da, buruan edukitzeko zer erantzun eta babes eman halako egoeretan. Hemendik hamabi urtera askoz hobeto egotea da helburua.

B.G.: Gogoetan, feminismoarena izan da interes handiena piztu duten gaietako bat. Duela hamabi urtetik da zehar lerroa, baina bertsolaritza ez dago duela hamabi urte zegoen leku berean: ikaragarri teorizatu da, taldean ere lan handia egin da, elkartearen barruan nahiz elkarteak lideratu gabeko ekimenetan… Orain, elkartearen barruan horri guztiari espazio bat ematea tokatzen da, guneak zabaltzea horretaz hitz egiteko eta prestatuta dagoen jendeak ekarpenak egiteko. Bertsolaritzan zorte handia daukagu, emakumeek teorizazioan eta plazan egin duten ekarpena izugarria delako. Indar horri gune bat eman behar diogu, bertsolaritza bultzatzen saiatzeko.

Emakume bertsolariek jasaten dituzten hainbat egoera bildu ditu Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan. Nola hartu du lan hori elkarteak? 

I.E.: Liburu horretan batzen direnak esparru teoriko batean zorrotz aztertuta daude, baina liburuan bizipen oso zehatzak biltzen dira, eta elkartetik eta gutako bakoitzarengandik hasita, interesez, erantzukizunez eta minez ere hartu ditugu bizipen horiek. Ispiluaren aurrean jartzen gaituen neurrian, aurrerantzean modu orokor eta partikularretan halako egoerak ahal den neurrian saihestea, gertatzen diren neurrian erantzutea, eta babesa behar duten edo elkartearen adierazpenen bat behar duten kasuetan ardura horri aurre egitea da asmoa. Behin hori esanda, esan behar dugu harritu egiten gaituela askoren erreakzioa izatea «bertsolaritzan zer txarto zaudeten» moduko bat. Nahikoa izango litzateke gutako bakoitzak gure etxean, gure lanean eta beste lanetan antzeko ariketa bat egitea konturatzeko, zoritxarrez, egoera oso orokor bat dela.

M.A.: Emakume bertsolari ikuspegitik, uste dut interesgarria dela hamabost gorputzen eta ahotsen bizipenak liburu batean jartzea, eta horregatik dela hain inpaktantea, baina, berez, teorizatzen dugunean ere, kontzeptuez ari garenean ere, errealitate berdinaz ari gara. Argazki bat egiten du liburuak, egiturazko desberdinkeria baten argazkia, eta egitura horri erantzutea dagokigu guri; hau da, liburuko gorputz konkretu horiek bizitako gertakariei erantzutea baino gehiago, halakoak gertatzea posible egiten duen egituran eragitea dagokigu, emakumeek bertso munduan egunerokotasunean bizi dituzten zailtasunei modu estrategikoan erantzutea, batez ere, Bertsozale Elkarteak ukitzen dituen esparru guztietan, izan transmisioan, hedapenean, antolakuntzan…

Beste zehar lerroetako bat belaunaldiartekotasuna da. Zein erronka dituzue arlo horretan? 

I.E.: Belaunaldi berrientzat, 20-25 urteko gazteentzat, oso zaila da gaur egun bertsolari bati eskatzen zaion garapena eginda izatea. Bestalde, 45-50 urtetik gorako bertsolariak, apurka edo kolpetik, desagertu egiten dira plazatik. Plazen dibertsifikazioari esker, bertsolari mota gehiagorentzat eta, beraz, adin gehiagotako jendearentzat egon daiteke lekua. Kontua izango da elkarteak zeri ematen dion ikusgarritasuna bere baliabideekin: hedapenean, saioak antolatzerakoan… Hau da, zenbat bertsolari mota egin ditzakeen ikusgarri, eta hor badago zer egina. Eta ez bertsogintzari begira bakarrik, bertsolaritzari orokorrean begiratzen baitio elkarteak. Beraz, bertsozaleen artean, saioak antolatzerakoan eta abar ere egon behar du belaunaldiartekotasunak. Lehendakaritzan aldi berean Maialen Lujanbio eta ni eta Xabi Igoa egotea ere bada belaunaldiartekotasuna.

Txapelketarekiko presio handia sentitzen dute bertsolari gazte batzuek, ondo atera ezean plazarako jauzia egiteko edo han mantentzeko aukerarik ez dutelako ikusten. 

M.A.: Izan daiteke egia edo ez, baina gazteen sentipena bada txapelketa dela aurrera egiteko bidea, ez dagoela beste biderik egituratuta. Zer bide egitura daitezkeen eta elkarteak zer funtzio izan behar duen horretan jakiteko, gazteek edukiko dute gehien esateko, eta entzutea tokatuko zaigu. Feminismoarekin paralelismoa eginez, neurri batean elkarteak egin behar duena da gogoeta egin jakiteko zer muga jartzen dituen berak eta zer eskain dezakeen berak, baina gazteek beren ekimenak sortzen badituzte, ez du denen aitapontekotza funtzioa eduki beharrik.

Eta bertsolari bizitza luzatzea badago zuen helburuen artean? Adibidez, plazaz plaza dabilen emakume bertsolari zaharrena ere gaztea da oraindik.

I.E.: Bertso saio kopuru jakin bat dago, eta ukaezina da jende berria sartu ahala, berdin da zein adinetakoa, beste batzuek lekua utzi behar dutela. Nire belaunaldiari dezente gertatzen zaion kontua da, eta antolakuntzan ere belaunaldi berriak sartzearekin, gustu eta nahi berriekin eta abar du zerikusia. Zirkuitu ofizialean, agendan agertzen diren saio horietan, beti egongo da leku muga hori, eta normalena da bete-betean dabiltzan bizpahiru belaunaldiak egotea plazan ibili handienean. Hala ere, begi bistakoa da orain dela urte batzuk 15-20 bertsolari zirela saio kopuru gehien egiten zituztenak, eta, gaur egun, kopuru hori zati bat ugariagoa da. Adin batetik aurrerako jende bat badabil saio mota batzuetan, baina beharbada saio horiek ez dira agendetan eta elkartearen hedabideetan [Hitzetik Hortzera eta bertsoa.eus] gehien agertzen direnak, eta horri buruz gogoeta egin beharko du elkarteak.

Plazen dibertsifikazioa aipatu duzue. Datuen arabera, saio gehiago antolatzen dira orain, eta txikiagoak. Hala, jende gehiagorengana iristen da bertsolaritza. 

B.G.: Azterketak erakusten du inoiz baino saio gehiago egiten direla, baina saio horiek, salbuespenak salbuespen, ez direla 1990eko hamarkadako saio jendetsu haiek bezalakoak. Bertsolaritzak hortik kanpo ere beste gune batzuk irabazten jakin duela erakusten du horrek, eta eredu hori, seguru asko, hobeto egokitzen da gizartearen gaur egungo joeretara. Sortzaile bezala ere interesgarria da. Oraindik ere kosta egiten da kanon diferenteak bisibilizatzea, baina eredu bezala interesantea da.

I.E.: Leku batzuetan helburu estrategikoa izaten jarraitzen duen arren, momentu honetako gure kezka nagusia ez da kuantitatiboa; zenbakiei begira baino gehiago, zelakotasunei begira gaude: bertsolari motak, saio motak, horiek bizitzeko moduak…

Hirugarren zehar lerro bat ere baduzue: lurraldetasuna.

B.G.: Elkarteak betidanik izan du lurralde ikuspegia, eta horrekin esan nahi dugu gure helburua dela bertsolaritza geroratzea eta geroratze hori orekatua izatea bertsolaritza presente dagoen lurralde guztietan. Sei elkartek osatutako mugimendua da gurea, tresna konpartitu dezente ditugu, eta, aldi berean, sei elkarte diferente izateak aukera ematen digu gune bakoitzerako erritmoak markatzeko, erabakiak leku bakoitzera egokituta hartzeko eta abar. Egiturari dagokionez, beti izan dugu presente lurraldetasuna.

I.E.: Partikularraren eta orokorraren arteko oreka zaintzea ere inportantea da, eta, kasu honetan, egituran bertan ere orekazko erabakigune bat badugu. Kutxa komunarekin funtzionatzen dugu. Eta badaude tarteka hartzen diren erabaki ausartak ere: adibidez, Bertso Eguna beti Donostian egiten zen eta ibiltari bihurtu zen, eta txapelketa nagusiko finala ere Barakaldora eraman zen. Momentu hartako helburu batzuen arabera hartu zen erabaki hori, eta hori ere alda daiteke hurrengo urteetako helburuentzat egoki jotzen bada.

2018ko martxoan hartu zenuten lehendakaritza zuek, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia amaitu berritan. Haren zer balorazio egin duzue? 

B.G.: Txapelketa jakin bat baino gehiago, txapelketa eredua bera baloratzen dugu etengabe. Txapelketa nagusira iristerako, herrialdeetako txapelketak izaten dira, eta helburu zehatzak izaten ditu bakoitzak, batzuk partekatuak eta beste batzuk ez. Lau urteko ziklo baten azken muturra izaten da txapelketa nagusia, eta hori aztertzen ari gara orain, errepaso bat ematen. Txapelketak bere aukerak eta bere arriskuak ditu, eta herren batzuk ere ikusten ditugu. Adibidez, ikusgarritasun handia lortzen du, baina kanonei begira baditu bere arriskuak ere. Belaunaldi berriei kosta egiten zaie goiko gune horietara iristea, genero perspektibatik ere baditu herrenak… Hori dena errepasatzea tokatzen zaigu, baina orokorrean azken txapelketarekin eta ziklo horrekin gustura egoteko moduan gaude.

M.A.: Orain arte ulertu izan den bezala txapelketa hain eskaparate ikusgarria denez, batez ere bertsolaritza gutxi ezagutzen dutenentzat, neurri batean txapelketak berak definitzen du zer den gaur egungo bertsolaritza; berez ez, baina irudi hori ematen da. Elkartea txapelketari buruz egiten ari den gogoetan daude zer bertsolaritza nahi dugun islatu eskaparate horren bidez, edo zenbateraino nahi dugun txapelketak deskribatzea edo definitzea kanpora begira zer den bertsolaritza, eta abar.

Borondatezko lana izan da elkartearen euskarri nagusietako bat hasieratik. Alde horretatik, nola dago elkartea? 

B.G.: Profesionalki lanean ari denaren eta militantziaz ari denaren arteko oreka beti balio moduan hartu izan du elkarteak, eta funtzionamenduan ere gauza batzuk kontuan izatea eskatzen du horrek, informazio jarioa nola egin eta abar. Asko aipatzen da militantziazko lana krisian dagoela, eta uste dut militantzia eredu baten krisia bizi dugula, baina ez lan militantearen krisia: jendeari ardurak ematen zaizkionean eta erabakitzeko aukera ematen zaionean, jendeak erantzun egiten du, bertsolaritzan behintzat bai. Proposamen propioak egiteko eta bere hazkuntza propioa elkarte baten hazkuntza kolektiboaren barruan txertatu ahal izateko aukera eman behar zaio jendeari. Hor erantzuten asmatu behar dugu elkarte bezala, asmatu behar dugu borondatez lan egiteko eredu diferenteak proposatzen eta lantzen. Gogoetan oso gustura geratu ginen parte hartzearekin.

Hezkuntza da zuen lan ildo garrantzitsuetako bat. 

M.A.: Hezkuntzaren inguruan, hezkuntza erakunde bat garen edo ez garen, eztabaida hori izan genuen. Hezkuntzan badihardugu: bertsolaritza eskola asko ematen ditugu hezkuntza arautuan, aisialdi proiektuetan, bertso eskolan… Orduan de facto gara hezitzaileak, eta, hezitzaileak garen neurrian, gogoeta eta prestakuntza ezinbestekoak zaizkigu. Eta, bestetik, asmatu behar dugu nola egin kultur proiektua indartzen duen hezkuntza proiektu bat eta horretarako nola uztartu hezkuntza arautua, bertso eskolak eta aisialdia. Horiek dira gure kezketako batzuk.

Kultur sorkuntzan jarduteko, horretaz gogoeta egiteko eta aliantzak sortzeko ikuspegi berriak dituzuela esan izan duzue. Zeintzuk dira ikuspegi berri horiek?

I.E.: Kultur sorkuntzari dagokionez, bertsolaritza euskarazko kultur adierazpide bat da, eta, euskarazkoa den neurrian, euskararen gaurkotasunarekin eta etorkizunarekin lotuta joango da beti. Hala ere, gure ekarpen nagusia kultur adierazpide moduan egin behar dugu, ez garelako euskara irakastera edo euskararen erabilera sustatzera edo soziolinguistikara dedikatutako antolakuntza bat. Kultur adierazpide moduan egiten dugun ekarpen horren kontzientzia handiagoa izan eta lanketa handiagoa egin behar ditugu; gure adierazpide honi zer ikuspegirekin begiratzen diogun aztertu behar dugu, etengabe gabiltzalako gure ikuspegitik gainditu beharrekoa den kultura herritar eta jasoaren arteko dikotomia horretan; eta kulturgintza antolatzeko bestelako moduak dituztenekin harreman emankor eta esparruen arteko aitortzazko batean gure kokalekua gaurkotzen eta finkatzen joan nahi dugu, instituzioekin, enpresekin, gure antzeko erakundeekin, eta abar.

 
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»
«Bertsolaritzaren definizio zabal batekin funtzionatzen jakin behar dugu»