«Bertsolaritzaren bigarren 'boom' baten aurrean gaude»
Bertsolaritzaren bigarren ‘boom’ baten aurrean gaude –
‘Bertsolari’ aldizkariak Bertsozaletasunaren Hirugarren Azterketa Soziologikoaren ondorio nagusiak eskaintzen ditu, artikulu eta elkarrizketen bidez
Bertsozaletasunaren Hirugarren Azterketa Soziologikoaren berri dakar ‘Bertsolari’ aldizkariak bere azken alean, negukoan. Hau dio Beñat Gaztelumendi, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak: «Azterketa Soziologikoak dio bigarren ‘boom’ baten aurrean gaudela. 1990eko hamarkadan izugarri hazi zen bertsolaritza jendez: jaialdi erraldoi ugari egin ziren. Gaur egungo gorakada ez dago hainbeste jaialdi erraldoiei lotua: entzuleria, bertsogintzako ereduak eta saioak dibertsifikatu egin dira, eta horrek esan nahi du leku gehiagotara iristen asmatu duela bertsogintzak».
Ondorio negatiboak ere badakartza azterketak, Gaztelumendiren hitzetan: «Bertsolari Txapelketa Nagusian askotan aipatu zen emakumeen parte hartzearen gaia, finalean bereziki. Azterketak erakutsi duena da parekidetasunera heltzeko izugarri falta zaigula plazan ere. Bertso eskoletan, gaztetxotan mutil adina neska aritu arren, 16-18 urtera heltzean, arrakala izugarria da, etanesken kopurua ia lautik batera murrizten da. Plazan ere, batez beste, saioetan, lau bertsolaritik bat izaten da emakumezkoa, eta kopuru hori ia ez da aldatu ere egin azkeneko 15 urteotan.Kezkarako motiboa da hori».
Aipatutako azterketa Euskal Herriko Unibertsitateko soziologo talde batek egin du, 206-2018 bitartean, Bertsozale Elkarteak eskatuta. Ikerketa taldea Harkaitz Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillok osatu dute , eta Zubiri arduratu da ikerketaren azken erredakzioaz.
Orain, ‘Bertsolari’ aldizkariak material hauek dakartza. Batetik, Harkaitz Zubiriren artikulua, non ikerketa deskribatzen den 30 orrialdetan zehar. Hona hemen haren pasarte batzuk: «Bertsolaritza neoklasikoa eta rockaren belaunaldia artikulatu zirenean, bertsolaritza zabaldu, sakondu eta indartu egin zen»; «Fidatzekoa ez den publiko hori da gaur egungo bertsolaritzaren publiko nagusia, eta ez soilik txapelketetan. Bertsolaritza bidezkoagoa bada, bideragarriagoa izango da»; «Bertsolaritzaren nukleoan nahiz publikoan, hainbatek ez dute uste uste generoari dagokion arazorik dagoenik».
Horrez gain, Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak egindako bi elkarrizketa eskaintzen ditu aldizkariak, bata Xabier Aierdiri, bestea Bertsozale Elkarteko Beñatr Gaztelumendiri, lehen aipatu bezala.
Hona hemen Aierdiren adierazpena: «Egon daiteke talde bultzatzaile bat, egon daitezke beste azpitalde batzuk bide propioak hartzen dituztenak. Beti galduko da jendea tropeletik. Gakoa da zenbat iraungo duen mugimenduak ahalik eta jende gehien tropelean eramanez. Hori izan daiteke etorkizuneko arazo handiena».