Bertsolaritzaren alderik frikiena

Bertsolaritzaren alderik frikiena –

Iraia Irazusta Mujikak BERRIAn.


 

Lokatz Loreak sormen taldeak ‘Bertso saio frikiak’ antolatu ditu. Abuztuan eta Irailean egingo dituzte Bizkaiko gaztetxeetan, eta etzi izango da lehenengoa, Zornotzan, Harry Potterri buruz

Bertsolaritzaren alderik frikiena
Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao, Lokatz Loreak taldeko partaideak. Arg: BESTEAK

 

Harry Potter, fashion week-ak, denboraren makinak, memeak eta horoskopoak ez dira bertso saio batean entzun ohi diren gaiak. Hori aldatzeko asmoz, Lokatz Loreak sormen taldeak bultzatuta, Bertso saio frikiak egingo dituzte abuztuan eta irailean, Bizkaian. Etzi izango da lehenengoa, eta Jone Larrinaga, Maddi Agirre, Nerea Ibarzabal eta Leire Vargas bertsolariak Harry Potterren munduan barneratuko dira Zornotzako gaztetxean.

Bost gaiak biltzen dituen zirkuitua Izaro Bilbao, Janire Arrizabala eta Araitz Katarain bertsolari gazteek sortu dute, bertsoaren munduan euren lekua topatu eta eurentzat interesekoak diren gaiak jorratzeko asmoz.

«Plaza molde desberdin bat behar genuela konturatu ginen; plazetan ikusten ez diren gaiak jorratu eta gure lekua aurkitzeko», adierazi du Izaro Bilbaok. Bertso munduan askotan konturatu dira hirurak euren interes espezifiko batzuk adierazteko aukerarik ez zutela. Hori horrela, eroso sentitzeko, ezohiko guneak sortu dituzte.

Gaien nondik norakoa erabakitzen hasteko, Nerea Ibarzabal bertsolariak Bizkaiko Bertso Txapelketako finalean erabili zuen doinuari heldu zioten, eta gaietako batek Harry Potter izan behar zuela ohartu ziren. Horri tiraka, beraien intereseko gaiak pentsatu zituzten. «Guri gustatzen zaizkigun gaietatik hasi ginen, eta saio bat memeei eskaintzea ideia ona iruditu zitzaigun. Bestalde, astrologia ere oso modan dagoenez, beste saio bati gai hori eman diogu, eta denboraren makina eta fashion week-a ere era horretan sortu genituen», gehitu du bertsolari gazteak.

Saioetan, gai bakoitzarekin bat zetozen bertsolariak topatzen saiatu dira. Horretarako, hainbat faktore izan dituzte kontuan: generoa, zenbat aukera dituen bertsolariak plazetan, adina… «Edozein bertso saiotarako kontuan izan beharrekoak hartu ditugu aintzat, eta, ondoren, gure ingurukoengana jo dugu. Horrela sortu da, gure ustetan, oso plurala den talde bat», esan du Bilbaok.

Orain arte ikusi gabeko saioak egiten saiatu direla nabarmendu du Bilbaok, baita egindakoarekin oso gustura daudela ere.

 

Bertsolaritzaren alderik frikiena

 

Bideoa, antzerkia, musika…

Bertsoak entzuteaz gain, beste diziplina batzuk ere jorratuko dituzte. Pista moduan, proiektore bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

Arrizabalagak ikus-entzunezkoak ikasten ari da, Katarainek musika egiten du eta Bilbaok bideoak editatzen ditu. Horrez gain, marrazketaren teknika ere menderatzen dute azken biek, eta hori guztia uztartu nahi izan dute saioetan. Elementu desberdinekin jolastuko dute, antzerkia egongo da, eta mozorroek ere tartea izango dute.

«Saio girotuak izango dira, ez dira bertsoak bakarrik izango. Beste hainbat elementuk ere garrantzia izango dute», gaineratu du Bilbaok.

Saio guztiak Bizkaian izango dira: Zornotzako, Deustuko, Lekeitioko, Portugaleteko eta Gernikako gaztetxeetan.

‘Bertso saio frikiak’

Abuztuan eta irailean, Bizkaiko gaztetxeetan. Lehenengoa, etzi, 19:00etan, Zornotzan.

Bertsolaritzaren alderik frikiena Bertsolaritzaren alderik frikiena