Bertsolaritza sozialista

Bertsolaritza sozialista –

Maddi Sarasuak Gedar langile kazetan.


Aitor Bizkarra kidearen azken artikuluak oinarri teoriko interesgarriak ezarri dizkigu mahai gainean, folkloreaz, tradizioaz eta euskal kulturako diziplina desberdinez hitz egiteko. Batetik, Williamsen tradizio selektiboaren kontzeptua azaldu digu, tradizioaren hautespena, kasuan kasu, nork eta zein helbururekin bultzatzen duen aztertu beharra azaleratuz. Bestetik, elementu arkaikoen aldizkako suspertzearen eta elementu residualen berraktibazioaren arteko ezberdintasuna ulertzen lagundu digu. Azken lerroetan, euskal tradizioko elementu residual berraktibatu eta berraktibagarri bezala, bertsolaritza ekarri du hizpidera,  kultur diziplina honek, sasoi historikoaren zerbitzura jartzeko duen potentziala aipatuz. «Euskal bertsogintza sozialista bat… zergatik ez?» galderarekin utzi gaitu, eta ezin izan diot honi buruz idazteko tentazioari eutsi.

Bertsolaritza sozialistaGoazen bada aztertzera zein gizarte sektoretan izan den aktibatua bertsolaritza, zein funtzio soziali erantzunez. Azter dezagun testuinguruarekin batera izan duen bilakaera, eta hitz egin dezagun gaur egungo bertsogintzaz. Azkenik, ea iristen garen, bertsolaritza langile klasearen kultura sozialistaren baitan nola koka genezakeen irudikatzera. Ez da erronka makala!

Ez naiz ausartzen denboran oso atzerako bertsolaritzari buruzko azterketa sakonik egiten, bilakaeraz jabetzeko, zertzelada batzuk baino ez ditut ekarriko hona. Bertsolaritza, urte luzez, artzain eta baserritarren jarduna izan da (klase sozial hau nagusi zen Euskal Herrian). Artzainek ardiak zaindu bitartean entretenimendu funtzioa betetzen zuen bertsoak. XV. mende arte “andere inprobisatzaile” eta “profazadoreak” aritzen omen ziren herri eta plazetan kantari. Kantu epikoen eta eresien lekukotasunak iritsi zaizkigu, eta badirudi, bertsoak heriotza eta ezkontzen inguruan presentzia berezia zeukala. XVI. mendean jasotako lekukotasunetan, batez ere, buruz ikasiriko koplak agertzen dira, bat-batekotasunari bide ematen zioten errepikekin, herriak oroimenean gorde eta kantatzen zituen bertsoak. Orduko bertsoek transmisio eta kontakizun funtzioa betetzen zutela iradokitzen digute. XVII eta XVIII. mendeko Bertso Gudak oso esanguratsuak ziren (1802an Zabala eta Txabalategiren bertso gudua ikusteko herriko plazan 4.000 ikusle bildu omen ziren). Herriaren aitzinera elkarrekin lehiatzera azaltzen ziren bertsolariak, eskolatu gabeko baserritarrak ziren, bat-batekotasuneko jario kantatuan iaioak, zirtolariak, herria elkartu eta entretenitzeko funtzioa ederki betetzen zutenak. XIX. mendetik XX.era, ez zen bertsorik falta izaten herri eta auzoetako jai eta ospakizunik garrantzitsuenetan. Bestalde, bertso paperek, gertaera xelebreak zein historikoak kontatu eta zabaltzeko funtzioa zuten. Bertsolariek gizarteko gai gehientsuenei heltzen zieten.

XX. mende hastapenean kokatzen dira bertsolaritzaren “profesionalizatzearen” lehen urratsak, bertsoak ostatutik oholtzara jauzi egiten duen garaian. Hau da, gugandik hurbilago kokatzen den heinean, aztertzeko interesgarria egiten zaidan garaia. Hemen antzematen dut bertsolaritzaren elementu residual-aren berregokitze bat, gizarte sektore konkretu baten partetik, funtzio sozial konkretu bat betetzeko. Ordu arte, bertsolariak “bufoi eskolatu gabeak ziren, jendea dibertitzeko mozkorrak”[1], irrirako eta zirikarako zerabilten bertso kantatua, gai sakonagoak, bertso idatzietan tratatzen ziren bitartean. Garai honetan aldatuko da hau, eta honen adierazle da Kepa Enbeita “Urretxindorra”, mitin politikoetan bertsoak kantatzen hasi zena. Bereziki erabakigarria izan zen, bertsogintzaren eraldaketa honetan, Lekuonak bertsoaren inguruan eginiko azterketa lan zientifikoa. Pertsona ikasiek, baserritarren diziplina landugabetzat zeukaten bertsoa eta Lekuonaren lanak, kultur diziplina honi prestigioa emateko balio izan zuen. Urte hauetatik aurrera hasiko da Lekuonak Pizkunde Garaia deiturikoa. Euskal gizartea aldatzearekin batera, bat-bateko bertsolaritza nekazal inguruetatik atera, eta euskal kulturan garrantzia eta protagonismoa hartzen joanen da, euskararen defentsa, nazionalismoa… bezalako gaiei helduz.[2]Esanguratsua da, Euskaltzaleak elkarteak eta Gaztedi gazteen erakunde nazionalistak antolatu zituztela lehen bi txapelketa nazionaltzat hartu izan direnak (ondoren Euskaltzaindiak antolatuko zituen). Txapelketekin batera hasiko da bertso saioen antolakuntza, gai jartzailearen figura agertuko da, epailearena, ordu arte sagardotegietako edo tabernetako saio amaiezinak zirenak, denboraz mugatu eta egituratuko dira. Guztiz beste forma bat hartuko du hortik aurrera bertsolaritzak.

1960tik aitzina, bertsolaritza bete betean bihurtuko da errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide; “Erresistentziako bertsolaritza” deitzen zaio aldi honi. Lopategi eta Azpillagak hegoaldean eta Xalbador eta Mattinek iparraldean bertsolaritza aldarrikapen adierazpide gisa erabiliko dute. Abestia eta bertsogintza kulturaren defentsarako tresna dira errepresio handia bizi duen herriarentzat (Ez Dok Hamahiru garai horretakoa da…).2 Franko hil ostean, 1980 eta 1982ko txapelketetan, Xabier Amuriza txapeldun eta figura oso garrantzitsua bihurtuko da bertsolaritzan. Bertsolaritzari ekarpen tekniko ugari egiteaz gain, apaiz eta preso politiko ohia izandakoa, kausa nazionalarekin eta kausa sozialarekin oso konprometitua zegoen belaunaldiaren ordezkaria izanen da.1 Bertsogintza baserritik hirira jaitsiko da eta gero eta leku gehiago hartuko du hedabideetan. Bertsogintzaren mugimendu indartsu eta egituratu bat osatuko da (Bertsozale Elkartea, bertso eskolak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Lanku…).

Azterketa historiko honek (dudarik gabe, sakonkiago egin beharrekoa) erakusten digu nola ideia politiko eta sozial batzuen inguruan berregituratu zen bertsolaritza, mugimendu euskaltzale eta ideia nazionalisten inguruan. Forma konkretu batzuk hartu zituen bertsogintzak (txapelketak, gai jartzailedun saio egituratuak) eta gizarteko sektore horrekin batera, bertsolarien figura ere aldatuz joan da: gero eta emakume gehiago, hiritarrak, unibertsitarioak, kulturgintzako alor desberdinetan aritzen diren bertsolariak… Uste dut aitor genezakeela, nagusiki, bertsolaritza ezker abertzale zabalaren inguruko herri mugimenduaren adierazpidea izan dela. Gizarte sektore honen bizipen, emozio, aldarrikapen, amets eta gogoen bozgorailu izan da bertsoa, “herri mugimendua” batu eta indartzean rol garrantzitsua jokatu duena.

Amets Arzallusek joan den hilabeteko Bertsolamintzako hitzaldian aitortzen zuen bertsotan aritzeko lur egonkorragoa egon izan dela, duela urte batzuk, argiago zegoela zeri eta nola kantatu, eta gaur egungo noraez politikoak bertsotarako lur labainkorragoa suposatzen duela. Honen aurrean, bertsolariaren funtzioa, kantatzen dion gizartearen (gizarteko sektore konkretu bat dela ikusi dugu) kezkei erantzuna bilatzen laguntzea dela zioen. Arzallusek aldarrikatzen du, zalantzek eta gauzak argi ez izateak, gai politikoetatik ihes egitera bultzatu baino (gaiak pertsonaletik edo intimismotik hartzeko joera aipa genezake), politikaz are gehiago kantatzera bultzatu beharko luketela bertsolaria.

Bi arazo daude ordea hemen, bertsolaria bere ideia politikoak libreki kantatzea zailtzen dutenak: alde batetik, “bertsolaritzaren merkatua”. Bertsolaria etengabe dago entzuleriaren epaira kondenatua, bertsozaleari ez bazaio zure bertsoa gustatu txalo-metroan nabarituko duzu. Antolatzaileak ez baditu zure ideia politikoak gustuko, hurrengoan beste bertsolari bati deituko dio, jendeak zutaz hitz egingo du, kritikatuko zaitu. Bertso munduan irauteko, jendeak zure ideiak maita ditzan behar duzu, arriskatua da orduan, agian entzuleriak partekatzen ez duen perspektiba batetik kantatzea. Bertsozaleen eta bertsolarien ideiek, bizipenek, balioek eta ametsek bat egiten ez badute, bertsoak ez du funtzionatuko.

Bestalde, bertso plazen banaketak bertsolarien arteko etengabeko norgehiagoka eragiten du, are gehiago bertsolarien “mailaren” erakusleiho nagusia txapelketako lehia gordina dela kontuan harturik. Bertsoa lantzeari denbora eta indar ugari dedikatzea eskatzen du bertsolari bezala fokupean irauteak eta indibidualismoa nagusitzen da halabeharrez, interes indibidualak gailentzea baitakar bertsolari bezala protagonismoa eskuratu, edo protagonismoa ez galtzeko, etengabeko guduan ibiltzeak. Horrez gain, publikotasunak, eta bertsolari izateak euskal mundutxoan daukan prestigioak egoa elikatzen dute.

Bestetik, Arzallusen hitzei jarraiki ikusi dugu nola aurreko zikloan, bertsolariak betetzen duen funtzioa mugimendu politiko baten kezkak eta egonezinak argitzen laguntzea den. Funtzio horrek berak bertsolaria nolabaiteko “guru” maila batera igotzea lekarke, lehen aipatu bezala egoaren elikatze hori ondoriotzat ukan lezakeena. Azkenean, hau guztia, bertsolaritzak elikatzen duen mugimendu politikoak berak, militante eta masei, kezka eta egonezin horientzat erantzunak eskaintzeko dituen gabezien isla izan daiteke. Teoriaren delegazio bat burutzeaz ari gara azken finean, lan intelektual eta manualaren arteko banaketaz, horren gibelean ezkutatzen den mundu ulerkera enpiristaz eta maila politikoan, abangoardiaren ulerkera burokratikoaz. Forma edo funtzio sozial bat ez baita zerutik erortzen den zenbait, garai historiko zehatz bateko jokabide batzuen manifestazioa baizik.

Analisirako elementu gehiago eskaintzeko espazioa ez da hau ordea, ez eta hori ene gaitasuna. Dena den, uste dut argi gelditu dela bertsolaritza sozialista eduki eta jokabide berrien sortzaile eta erreproduzitzaile izanen den kultura iraultzaile baten baitan kokatzeko beharra, baita aukera ere. Izan ere, hainbat funtzio bete litzake bertsolaritzak mugimendu baten indartzean, mugimendu horrekiko erlazio hertsian beti ere. Hau da, bertsolaritza sozialista izatekotan, mugimendu sozialistaren manifestazio bat izanen da.

Memoria historikoaren eramaile izan daiteke bertsoa, jendearengana iristeko bide, jendearen emozio eta bizipenen ahots, aldarrikapenak eta salaketak egiteko modua, mezuak transmititzekoa. Komunitate borrokalari bat trinkotu eta indartzeko ahalmena eduki lezake, komunitate horren balio eta ametsak plazaratzen dituen diziplinak. Gogoetarazteko gaitasuna du bertsoak, etengabe galderak egin eta eztabaidatzekoa, egunerokotasuneko hausnarketa eta sortzailetasunera bultzatzen du komunitatea. Azkenik, aspaldiko garaietatik betetzen duen komunitate baten umorerako, zirikatzeko, ospatzeko eta dibertitzeko funtzioa ere bete lezake.

Argi dago, bertsogintza sozialistak beste antolaketa eredu bat eskatuko lukeela, norgehiagoka, indibidualismoa eta egoa elikatuko ez lituzkeena. Bertsolaritza sozialistak, kolektiboa izan beharko luke eta hartu eta ematearen logikan txertatua, ez merkatuaren baitan. Txapelketa zorrotz baten puntuazioa baino, bertsolariak kantatzen duenak kolektiboari egiten dion ekarpena izan beharko litzateke balioztatua. Prozesu sozialistari ekarpena egitea izanen da bertsolariek kontzienteki harturiko ardura, ez dute ego pertsonal batetik eginen protagonismo hori hartzeko hautua. Hortaz, bertsolariaren figura berregokitzeaz gain, bertso saioen formatua ere birpentsatu beharko genuke, ze gairi eta ze modutan kantatu nahi diogun, ze une eta gune aukeratuko ditugun bertsotarako…

Agian, bertsoa obra momentuetan puntuka aritzeko erabiliko dugu. Kide arteko afari baten ostean naturaltasunez hasiko da bat bertsotan, eta ingurukoek jarraiki. Agian bertsoz formulatuko dugu asanbladari transmititu nahi diogun motibazioa. Omentzeko eta aldarrikatzeko idatzi eta kantatuko ditugu bertsoak….  Irudika ezin genezakeen bilakaera ukanen du bertsolaritzak prozesu sozialistaren baitan.

Aldaketa hau, dena den, jada bizitzen ari garela iruditzen zait, beste funtzio batzuk esleitzen ari gatzaizkiola gure bertsogintzari. Bertso saioak, gure ildoa momentuz iristen ez den sektore batzuengana ideia berriak transmititzeko ariketa bezala hartzen hasi gara. Bertsogintzak irekitzen dizkigun espazio batzuetan egoteko ardura jartzen ari gatzaizkio gure buruari, leku horietan gure presentziak prozesu sozialistari ekarpena eginen diolakoan. Gure ospakizunetan, gure proiektuak diruz indartzeko antolatutako saioetan edo langile botereko espazio batez jabetzeko aitzakia bezala jarritako bertso poteo batean kantatzen dugunean betetzen gaitu bertsoak gehien, sinesten dugun horri ekarpena egiten diogula sentitzen dugunetan.

Prozesu sozialistaren bizi indarra elikatzea izanen da bertsolaritza sozialistaren bizi arrazoi.

 

[1] Bertsolaritzaren Datu Basea. Bertsolaritzaren Historia.

[2] Auñamendi entziklopedia. Bertsolaritza.

Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista
Bertsolaritza sozialista