Bertsolaritza, pandemiaren doinu eta neurrian
Bertsolaritza, pandemiaren doinu eta neurrian –
Miren Mindegiak Noticias de Navarran.
Koronabirusaren lurrikarak arrakala sakona ireki du bertsolaritzaren mugimenduan . 2020ko balantzea ez da ona izan: denetara, 735.000 eurokoa izan da galera.
Bapatekoetara ohituta, baina bapateko etenaldirik aurreikusi gabe. Sektore gehienak bezalaxe, ezustean hartu zuen bertsogintzaren mundua 2020ko martxoko etenaldiak. Izan ere, plazarik gabeko bertsolaritzarik ezin da ulertu, ezta bizirik mantendu ere, hura baitu arnasbide eta birika, hantxe bateratzen baitira ariketa kontzen duten bi zutabe nagusiak: publikoa eta bertsolaria. Lurrikara baten moduan, koronabirusak arraila erraldoi bat ireki du, plaza erdibituz, bi zutabeak elkarrengandik aldenduz. Galera ekonomikoa handia izan da. Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, 2019arekin alderatuta hamarretik sei saio ez ziren egin 2020an, eta 735.000 euro ingurukoa izan da galera. Arrakala horrek, bidenabar, agerian utzi du aspaldidanik nabarmentzen hasita zegoen errealitate bat: sortzaileen zaurgarritasuna.
“Oso beldurtuta eta oso kezkatuta bizi izan genituen lehenbiziko hilabete horiek”, azaldu du Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Jon Agirresarobek. “Urtearen hasiera bertsogintzan nahiko lasaia izaten da, ez dira aktibitate handiko hilabeteak izaten urtarrila eta otsaila. Hala ere, iaz gorakada bat nabaritu genuen, txikia izanagatik pozgarria. Martxoa saioak ugaritzen diren hilabetea da, eta bete-betean iritsi zen pandemia. Egun batetik bestera antolatzaileak Lankura eta bertsolariei deika hasi ziren saioak egiteko baldintzarik ez zegoela esanez”.
HAMARRETIK SEI SAIO, BERTAN BEHERA
Lehenengo uneko danbatekoa handia izan zen, eta beheranzko joerak etengabean jarraitu zuen urte osoan zehar. Xenpelar Dokumentazio Zentroak iazko abenduaren bukaeran eman zituen ezagutzera krisiak eragindako galeraren datu zehatzak. Horien arabera, 2019an, bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi ospatu ziren; 2020an, aldiz, 435 egin ahal izan ziren soilik. Ber-tzela erranda, bi urteak erkatuta, hamarretik sei saio ez ziren egin. Erran bezala, guzti horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa izan du ondorio-tzat.
“Egoeraren larriaz erabat jakitun izan gabe”, gogoratu du Agirresarobek, “alternatibetan pentsatzen hasi ginen. Lehenengo hilabeteetan, konfinamendu beteko garaian, online saioak izan ziren aukera. Ondoren, lan baimenak izan genituenean, online tarteko bat antolatu genuen, alegia, Plaza Biziberritzen egitasmoaren baitan Villabonatik bertso saioen erretransmisioak egin genituen bertsoa.eus-en bidez”.
Udara arte itxaron behar izan zen lehenengo zuzeneko bertso saioak egiteko, eta horiek ere, herrietako bertso eskolei eta bertsolaritzarekin lotutako mugimenduei esker ospatu ahal izan ziren, eta hala izaten jarraitzen dute oraindik ere, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azpimarratu bezala, “beraiek direlako udalera joaten direnak baimenak eskatzera edo laguntzen bila. Su txiki asko piztuta ditugula erakutsi digu horrek. Bertsolaritzaren osasuna bertsoarekin inplikazioa duten eragile askoren emaitza da, horri zor diogu dena”.
Eragin handiena lagunarteko eta libreko saioetan nabaritu da. “Saio hauek osatzen dute multzorik handiena urteroko bertso plazan: alegia, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak”, argitu dute Xenpelarretik. 2020an, %58 jaitsi ziren lehenak, eta %86 bigarrenak. Sokaren kontrako muturrean, bertso jaialdiak kokatzen dira, lurrikara txikiena jasan duen sektorea, jaitsiera egon den arren: 138 egin ziren 2020an, aurreko urtearekin alderatuz %37 gutxiago. “Kasu batzuetan, lagunartekoen eta librekoen ordezko ere izan dira, hauek egiteko baldintzak ez egonda”.
Luzea izan den galera bide honetan, Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordina-tzaileak azpimarratu bezala, bertze hainbertze partaidek ere jasan dituzte kalteak: “Gai jartzaileak, soinu teknikariak, Bertsozale Elkartearen hedapen taldeko kameralariak; Lankuko eta Bertsozale Elkarteko langileak€”.
GARAI TXARRA SORKUNTZARAKO
Nola bizi izan dute plazaren gainbehera eszenatoki gainetik bizi dutenek, hau da, bertsolariek? Ezin da egoeraren argazki bakarra egin. “Bertsolarien artean egoera desberdina izan da bertsolaritza bizibide duten edo beraien lanaz aparteko ekintza bat dutenaren arabera”, azaldu du Rekondok. “Lehendabizikoen kasuan, ez da urte erreza izaten ari, argi dago. Etsipenez beteriko hilabeteak izan dira, kantatu nahi eta ezin”.
Agirresarobek aitortu bezala, “sortzeko garai oso zailak dira”. “Bertsolaritza komunikazio ekin-tza bat da eta publikoaren erreakzioa maskarapean edukita, distantzia handiagoa izanda, sor-tzeko baldintzak asko aldatu dira, okertu egin dira. Saioak hotzagoak dira”. Publikoaren eta bertsolariaren arteko zilbor-hestea tenkatu eta ahulduta, sortzaileari egungo gai eta egoerei erantzuna ematea gogorra suertatu dakiokeela ere azpimarratu du: “Bertsolariei, garai mugitu hauetan, gai berriei buruzko iritziak sortzea eskatzen diegu. Guztioi zaila zaigu gerta-tzen ari zaiguna asimilatzea, eta bertsolariari hain zuzen hori eskatzen diogu”.
Traba bikoitzarekin, gainera. Alde batetik, euren ohiko dinamika jarraitzea ezinbertzean zailago suertatzen delako, izan ere, ezin dira bertso eskoletan lehen bezainbertze elkartu. Bertze alde batetik, eta gutxi badira ere bertsolaritza bizibide dutenak, euren diru-sarrerak “goitik-behera” erori dira, horrek dakarrenarekin. “Alde horretatik, babesik gabe aurkitu gara, ez dauzkagulako administrazioaren aldetik kultur eragileentzako behar bezalako lagun-tzarik”.
GIROARI EUSTEN NAFARROAN
Bertsozale Elkartearen ekimenetako aunitz bertan-behera geratu ziren 2020an, eta egin direnen arteko gehienek aldaketak jasan dituzte urteko egutegian. Bertso Udalekuak online topaketetan bilakatu ziren, bertso eskolen antolakuntzan zailtasunak egon dira, ikastetxeen etenaldiak kinkan jarri zuen hezkuntza publikoan eskaintzen den programa, Eskolartekoak hainbat atzerapen izan zituen 2020an zehar€ Neurri berean, online formatua oinarri nagusi edo lagungarri izan duten saioak eta formatu berriak sortzeko izugarrizko ahalegina egin da Bertsozale Elkartetik, bertsolari mugimenduak duen egokitzapen gaitasuna agerian utzi duena.
Nafarroan ere sumatu dira osasun krisiak eragindako lurrikararen astinaldiak, Rekondok gogoratu duenez. “Ikasturte hasieran Hezkuntza Arautuan beldur handia izan genuen baina azkenean eutsi zaio egitasmoari, ia-ia bere osotasunean”. Zailtasun nagusiak bertso eskoletan nabarmendu direla ere azpimarratu du, traba desberdinak medio: “Biltzeko areto eta gelak bilatzeko zailtasunak batetik, eta jende kopuru mugatuak elkartu behar izatea bertzetik, azkenean bertso eskola batzuk bidean gelditu zaizkigu. Honekin batera, bertso eskolen inguruan egiten ziren ekimenak ere ezin izan ditugu gauzatu: Bertso Eskolen eguna, Negulekuak€”.
Hala ere, erran beharra dago urteko ekimen nagusietako batzuri eustea lortu dela, bertzeak bertze Eskolartekoa, Izeta sariketa edota Iruñeko Udalarekin batera udazkenean antolatzen den Bertsoaroa zikloa. “Momentuko baldintzei jarraituz saioak egokitu behar izan dira baina aitzinera egitea lortu dugu. Bertsolariak bertsoak sor-tzeko izugarrizko gogoekin daude eta aipatutako ekimen horietan giroa izugarri polita eta atsegina izan da”. Entzulearengan ere “gogo berezi bat sumatu” dutela azpimarratu du Rekondok. “Antolatzaile gisara, eredua eman nahi izan dugu. Kultura, eta gure kasuan bertsolaritza, segurua dela erakutsi ahal izan dugu eta jendeak erantzun egin du”.
Ziurgabetasunak, alta, bizirik irauten du. Bertsozale Elkartetik, lurraldeetako txapelketa nagusien zikloa atzeratu egingo dela iragarri berri dute orain. “Pandemiaren bilakaeraren arabera” erabakiko dute antolatzaileek noiz egin, “baldintza ahalik eta egokienak daudenean”, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak erran duenez.
ETORKIZUNA, ERRONKA
Sarri beteko da urtebete pandemia gurera ailegatu zela. Hasierako shock egoera gailenduta, lurrikararen dardara oraindik ere baretu ez denean, ireki diren arrakalak konpondu eta berriak ez sortzeko moduak bila-tzeko garaia da.
Bertsolariei plazak bermatzea izanen da Nafarroako Bertsozale Elkartearen helburu nagusietako bat, baita “bertso saioen antolaketa eta kultura segurua dela aldarrikatu eta erakustea, eta bertzetik, txapelketaren egitura zurrunetik aterata, bertzelako saio eta ariketa batzuk esploratzeko egoera balia-tzea”, Rekondok aditzera eman bezala. Etorkizunera begira, eta ikusita bertso-mugimendua bizirik mantentzen duten sustraiak herriz-herriko taldeetan kokatzen direla, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak argi du zein den egungo erronka nagusia: “Plaza Biziberritzen egitasmoaren barruan, herriz-herri antolatzaileei baliabideak eskain-tzea izango da lehenengo erronka, saio horiek antolatzen jarraitu dezaten eta beraien lana balioan eta indarrean jartzeko. Bestetik, eredua emanez, saio batzuk antolatu nahi ditugu. Hasteko, hiru Bertso Egun egingo ditugu aurten; maiatzean martxan jarri genuen Bidaiak egitasmoarekin aurrera jarraituko dugu; eta egitasmo berri batzuk ere etorriko dira, bertsolaria motibatzea helburu izanen dutenak”.