Bertsolaritza ikasgelan… eta kalean!
Bertsolaritza ikasgelan… eta kalean! –
Nafarroako eskola gehienetan, euskaraz ikasten duten 5. edo 6. mailako ikasleek ordubeteko saioa izan ohi dute astero, bertsolaritza ardatz. Baina bertsoez harago doan saio bat izaten da hau. Izan ere, gure kulturako zein munduko beste txokoetako doinuak abesten dituzte, errima familiak ezagutu, haien lehen kopla eta bertsoak sortu, eta beste ezeren gainetik, euskararekin jolastu. Ariketa parte-hartzaile eta ludikoen bidez, sormena lantzeaz gain, jendaurrean egoten, talde-lanean aritzen eta hizkuntzaz gozatzen ikasten dute.
Eskolan, bertso mundura eta euskal kulturara salto egiteko leiho bat irekitzen zaie, eskolatik kanpo ere, nahi izanez gero, arakatzen jarrai dezaketena. Hezkuntza araututik kanpo, haur eta gaztetxoek aukera asko dituzte bertsoez gozatzeko, herri edo auzoko Bertso Eskolan izena emanez , edo Bertso Ikasgela webgunean arituz, adibidez. Horrez gain, aisialdirako eskaintza zabala ematen du bertsolaritzak, hala nola udalekuak, negulekuak, tailerrak eta haurrentzako emanaldi bereziak.
Elkarlanean gauzatzen dute Bertsolaritza irakaskuntzan programa Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta hainbat udalek. Ekimena 1986an abiatu zen Nafarroan eta, gaur egun, 2.410 ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte.