“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk

“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk –

UEUren webgunetik.


“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz bertsolari eta ikertzaileen koordinaziopean. Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da argitalpen honen helburu nagusia. Liburua salgai dago: www.ueu.eus/denda

“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk
Ane Labaka eta Miren Artetxe, aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU / NAIZ)

Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da liburu honen helburu nagusia. Alde batetik, egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari leku propioa egin eta ikusgarritasuna emateko. Bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratu, zorroztu, osatu zein zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatzeko.

Miren Artetxe eta Ane Labakaren esanetan, perspektiba feministaz hitz egitea ez da kontu berria bertso-munduan, eta mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko lotura ere ez da oraintsuko kontua. Hala ere, azken urteotan bertsogintzaren zein bertsolaritzaren irakurketa feministek oihartzun handiagoa lortu dutel euren esanetan: “Irakurketon oihartzuna da, ordea, askori heltzen zaiguna. Eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgarri”.

Liburu honen abiapuntua iaz Iruñean egin zen “Bertsolaritza genero-ikuspegitik”UEUren udako ikastaroa da. Bere helburu nagusia bertsolaritzaren eta genero-ikuspegiaren arteko uztarketa ardatz gisa hartuta gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan zela azaldu dute koordinatzaileek: “Jakitun ginen emakumeen* lekuaz, edo eta perspektiba feministaz, hitz egitea ez zela kontu berria bertso munduan; eta ordura arte modu sakabanatu samarrean gauzatutako ikerketa eta eztabaida haiei oinarri komun moduko bat ezartzea izan zen helburua. Ikastaroa guztiz mamitsua eta aberasgarria izan zen eta bertan egon ginenok mugarri moduan ere bizi izan genuen. Gerora, han partekatutakoak liburu forman biltzeko beharra sentitu dugu. Aurrerantzean inork gaiarekiko interesa izanez gero, edo gai hauen inguruko beste ekarpenen bat egin nahiko balu, nora joa izan dezan”.

Artetxe eta Labakaren esanetan, feminismotik pentsatzeak ez du esan nahi emakumeei buruz pentsatzea denik: “Alderantziz, feminismotik ez pentsatzeak gizarte honetan pentsamendu androzentrista dakar ezinbestean; eta maiz hitz egiten dugu bertsolaritzaz, bertsolariaz zein bertsolariez oinarri neutro gisa gizonak hartuz”. Liburu honekin orain arte idatzitako guztiari berebiziko iraulaldirik ez diotela emango diote liburuaren koordinatzaileek; beraien lana, azken batean, bertsolaritzari perspektiba feminista batetik begiratuz orain arte egin diren lan batzuen bilduma egitea izan dela: “Besterik ez, ala hori dena”.

Ahalik eta aniztasun gehien lortu nahian, gai eta formatu ezberdinetako artikuluak bildu dituzte liburuan, ekarpen hertsiki akademikoetatik hasi eta formatu aldetik askeagoak direnetaraino: “Guztiei leku egin asmoz, kontzienteki egin dugu zenbait dikotomia eraisteko ahalegina: bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. arituak, akademia vs. herri jakintza. Horretaz gain, emakume bertsolari bat arduratu da artikulu bakoitzari atariko bertso bat josteaz. Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera da, hain zuzen ere, hamalau bertso horien bidez egin nahi izan duguna”.

Hauek dira liburuan parte hartu duten egileak:

  • Izar Algueró Txibite. “Sofatik oholtzara”
  • Uxue Alberdi Estibaritz. “Bertsoraino (Kontrako eztarritik lanaren alderdi teorikoa)”
  • Maider Arregi Markuleta. “Sofatik oholtzara”
  • Miren Artetxe Sarasola. “Emakume* bertsolari garaikideak. Ahalduntze-prozesu baten kontaketa”
  • Maite Berriozabal Berrizbeitia. “Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan”
  • Mari Luz Esteban Galarza. “Begirada bat bertsolaritzara feminismotik”
  • Jone M. Hernández García. “Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean”
  • Nerea Ibarzabal Salegi. “Naturaltasunaren azpiko guztia”
  • Oihana Iguaran Barandiaran. “Emakumeak bertsogintzan: gai izatetik gai izatera”
  • Ane Labaka Mayoz. “Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k)”
  • Carmen Larrañaga Odriozola. “Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat”
  • Maialen Lujanbio Zugasti. “Arbola hazten, azala zartatzen. Azken 40 urteak bertsolaritzan: bertso-eskolaren sorrera eta emakumeen sarrera”.
  • Maite Martinez Etxebarria. “Sofatik oholtzara”
  • Elixabete Perez Gaztelu.“Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?”
  • Iratxe Retolaza Gutierrez. “Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikoak”
  • Harkaitz Zubiri Esnaola. “Altzairua. Kristala. Material organikoa

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak pozik aurkeztu du liburu hau: “Liburu honen abiapuntua iaz Iruñean egindako Udako Ikastaro batean dago eta hausnarketa horrek liburu moduan jarraipena izan duela ikustea oso pozgarria da. UEUren zeregina da hausnarketa guneak sortu eta horren emaitzak gizartearen esku jartzea, eta gaur aurkezten dugun liburu hau horren adibide argia da”.

Liburua gure dendan duzue eskuragarri.

“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk
“Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu du UEUk