Hernaniko bertsolaritza beste bi sari potoloren bila
Hernaniko bertsolaritza beste bi sari potoloren bila –
HERNANI
2018/12/08 00:00 Larunbata
Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariek beste bi txapela entzutetsuren bila ariko dira datozen egunetan. Eli Pagola Apezetxea ereñotzuarrak bihar bertan, 17:00etatik aurrera, Errenteriako Niessen Kulturgunean, Xenpelar Sariko finalean kantatuko du.
Nerea Ibarzabal markinarra da, ez da Iraulio Panttalone Bertso Eskolakoa izatez, nahiz eta bertan aritu den, baina Hernanin bizi da eta datorren larunbatean, abenduaren 15ean, lehiatuko den Bizkaiko Txapelketako finalera sailkatu da. Bilbao Arenan (Miribillan) izango da, 17:00etan hasita. 23 eta 24 urte dituzte eta bertsolaritzaren indartsu datorren belaunaldi berri baten erakusgai dira.
Orain bi urte parte hartu eta gero, Eli Pagolak ezagutzen du Xenpelar Sariko finala. 25 urte azpikoentzako saria izaten da eta gonbidapen bidez lehiatzen dira bertsolariak. 2016ko esperientziak balioko dion esperantza du Pagolak. Gainera, sari berezia izaten da lanen aldetik. «Kanporaketan lan batzuk bereziak izaten dira, batez ere Iparragirre doinuan normalean ez delako kantatzen. Lan kopuru aldetik kanporaketa nahiko ohikoa da, baina finala berriz luze xamar joan ohi da. Ariketa asko izaten dira. Xenpelar Sariak berezitasun bezela izaten du bakarka zortziko haundian egin behar izaten dela, adibidez. Ofizio batzuetan ez dizute zehazten ze neurri eta doinutan egin behar duzun, gaia jartzen dizute eta gutxi gorabehera plazan egiten den bezala bi bertsolariek erabakitzen dute zer neurri eta doinutan kantatu nahi duten. Finalean ere lan asko dira egin beharrekoak».
-
Txapela irabazteko aukerekin
Hala ere bertsolarientzat ez da arrotza kantuan denbora luzean aritzea. «Hemen aldatzen dena da oholtza gainean bertsorik bota gabe denbora gehiago egoten zarela. Nolabait esateko isilik denbora gehiago egoten zara eta kontzentrazio maila mantendu behar da. Sei bertsolari izatean lan luze horiek egiten, hori gertatzen da».
Presio puntua ere askotan ezin izaten da ekidin. «Epaile bat epaitzen dagoen momentutik, zure lanari puntuazio bat ematen zaion unetik, horrek badu beste presio ikutua». Hala ere erantzunkizuna ez dela igotzen dio Pagolak. «Bakoitzak ahal duena egiten du».
Ingurukoek ere laguntzen dute eta Niessen Kulturgunean ez dira faltako familia eta lagunak. «Gazteak geran heinean mugitzen dira».
Aurtengo finalistak dira: Jon Gurrutxaga, Aitor Salegi, Jokin Bergara, Joanes Illarregi, Ane Zuazubizkar eta Eli Pagola. Hiru kanporaketa saioak irabazi dituzten hiru bertsolari eta puntuazio altuen dituzten beste hiru. Elik bere saioan lehenengo postua lortu zuen eta saio horretatik beste hiru sailkatu dira. Eta beste bi finalistak beste bi kanporaketetako irabazleak izan dira. Hernaniko bertsolariak lortu du puntuazio altuena eta horrek txapela irabazteko faboritoen artean kokatzen du. «Jokin Bergara, Joanes Illarregi, Ane Zuazubizkar eta ni kanporaketa berdinean aritu ginen».Nerea Ibarzabalen ustez «postua baino, helburu nagusia sentsazio onekin amaitzea da, bai entzuleak eta bai nik»
Xenpelar Saria entzutetsuenetakoa da
Xenpelar Sariak 1971 urtean izan zuen lehen ekitaldia eta ordutik aurrera bertsolari ezagun askok irabazi dute. 70garren hamarkadan jarraikortasun txikia izan zuen, 80garren hamarkadan lortu zuen urteroko jarraikortasun bat eta 1992tik aurrera bi urtean behin jokatzen da. Bertan gailendutakoak dira, besteak beste: Murua, Peñagarikano, Euzkitze, Sarasua, Maia, Irazu, Agirre, Laburu… eta Nerea Ibartzabal.
«Osinalde, Lizardi, Hernandorena eta Xenpelar dira mantentzen diren sarien artean agian sona haundiena dutenak» dio Eli Pagolak.
Saioetan bakarkako lanak asko ez ditu izaten bertsolariak. «Ofiziotan gehiago aritzen gara. Hortan ibiltzen gara gehien bat eta zaila izaten da lantzea modalitate bat gero ibiltzen ez duzuna. Sari hauetan bakarka egin behar izaten da eta, beraz, prestatzen gara horretarako, ez bereziki, baina bai bideratzen ditugu eskolan lanak horretara».
Txapelketetan gustora aritzen da Eli Pagola. «Normalean ez naiz txapelketetan aritzen eta gustora hartzen ditut. Gustoko ditut, eroso sentitzen naiz. Txapelketatik kanpo plaza dezente eginak ditut. Denak egiten ditugu, baina aldea dago gehiago edo gutxiago izan, batez ere abestu nahi duzunean eta ez daukazunean non. Sariketak orduan pisu haundia hartzen du. Nik suerte hori badut, sarietatik kanpora ere baditudala plazak. Oso gustora hartzen ditut sariketak. Lehia kontua da eta ez litzaidake gustatuko dena lehia izatea, nere jardunean zati txiki bat da».
Energia berriztagarrien ingenieritza ikasketak eginak ditu Eli Pagolak eta orain «Energien eta ingurugiroaren kudeaketaren inguruko masterra ikasten ari naiz. Eibarren egin nituen ikasketak eta masterra online egin daiteke».Hernanin bizi den markinarra Bizkaiko txapelaren bila
Xenpelar Saria irabaztea zer den ezagutzen du Hernanin bi urte bizitzen daramazkin Ibarzabal markinarrak. «Arnaitz Lasarte eta biok aritu ginen bai azken saioan. Gogoratzen dut oso final exijentea izan zela. Ez dut inoiz hainbeste kantatu eta hain ariketa desberdinetan. Nekatu-nekatuta amaitu nuen, baina pozik». Astebete barru dagoen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean ariko da Miribillan.
Ez da lehenengo aldia, orain bi urte sailkatu zen 22 urte zituela. Orduan seigarren amaitu zuen eta aurtengo finalera finalerdietako bigarren puntuaketarik altuenarekin iritsi da. Final guztiek sortzen dizkie bertsolariei urduritasunak eta Nerea ez da salbuespena. «Momentu batzuetan urduri nago, baina kontrolpean oraingoz. Behin hortik pasata nago eta buruak badaki gutxi gorabehera zerekin aurkituko naizen. Behin egin bagenu, berriz ere egingo dugu».
Orain bi urteko finaleko oroitzapen oso onak ditu markinarrak. «Oso libre kantatu nuen, ezer galtzeko ez duenak kantatzen duen moduan, oso gustora eta oso ongi pasa nuen egia esan. Esperientzia itzela izan zen. Miren Amurizak esan zidan gogoratzeko ongi behin bakarrik gertatzen baita lehenengo aldiz honelako final batean aritzea, aprobetxatzeko egoera eta horrela egin nuen. Bigarrena ez da izango berdina, baina aurkituko dugu gorpuzkera».«Gipuzkoako Txapelketan ezin dut parte hartu bertan bizitzen urte asko behar baitira horretarako. Hala ere aukera hori ez zait burutik pasa. Ikusle bezala entzuten sufrituko dut lagunengatik»
«Jendeak finalean egon nintzela gogoratzea asko da»
Zortzi dira finalistak: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Ibarzabal gorago sartu da finalera, baina bertan zer gertatu daitekeen ezezaguna da denentzako, baita berarentzat ere. «Denak nahi dugu ahalik eta hoberen sailkatu, baina finalean postuak nahiko difuminatuak geratzen dira hirugarrenetik atzera. Lehendabizikoak gogoratzen dira, ez aldiz besteak. Postua baino helburu nagusia sentsazio honekin geratzea da, bai jendearengan eta bai nigan. Jendeak gogoratzea final horretan egon nintzela asko da».
Presio handirik ez du somatzen irabazteagatik, nahiz eta finalerdian bigarren puntuaketa altuena lortu. «Pazientzia behar da eta jende asko dago urte mordoan finalera iristen. Askok merezi dute txapela».
Eskolarteko txapelketatik txapelen bueltan aritzen dira bertsolariak eta hor hazi eta hezitakoak dira. Txapelketen eskarmentua gazte gaztetatik dakarte eta Nerea Ibarzabal ez da salbuespena. Lea Artibaiko txapela ere irabazi zuen oso gazte zela. «Ez dakit eskarmentu hori nabaritzen den, baina badakigu zer sentitzen den aurretik, bitartean eta gero. Ohituta gaude».
Txapelketen presioa ez da izaten xamurra eta bertsolari askok bezala Nereak nahiago ditu plazak. «Beti dira hobeto. Txapelketak ongi daude esperientzia moduan. Espektakulo baten parte zaren bezela irakurriz gero ondo pasatzen da, baina gehienez bi urterik behin. Bertso afari batek ematen dizun aukera zabalagoa da».Hiru urte jarraian txapelketetan aritu eta gero «atsedena behar dut»
Eta ez da harritzekoa bertsolari markinarra txapelketez zerbait nekatua egotea. «Azken hiru urteetan ez naiz geratu. Orain bi urte Bizkaiko Txapelketan parte hartu nuen, bertan datorren urterako Euskal Herriko Txapelketara sailkatu nintzen eta aurten berriz ere Bizkaiko Txapelketan nabil Atsedena ere behar dut. Datorren urtea Gipuzkoako entzuten igaroko dut, sufritzen lagunengatik, baina beste modu batean».
Hernaniko bizilaguna izanda bertan parte hartzeko aukerarik duen ala ez galdetuta argitzen du baldintzak ez dituela betetzen. «Urte dezentez bizitzen egon behar izaten da. Hala ere aukera hori ez da nire burutik pasatzen. Badaude kasuak non bizitza gehiena Bizkaian bizitzen egon diren gipuzkoarrak Bizkaiko Txapelketan parte hartu dutenak».
Hori bai, Hernanin gustora dagoela dio. «Askotan kotxean alde batetik bestera bizi naiz, baina oso gustora nago Hernanin. Lana Txakur Gorria kooperatiban egiten dut».«Garai polita bizitzen ari gara Bertso Eskolan»
Maialen Lujanbio, Unai Agirre edota Aitor Mendiluzeren erreleboa ziurtatuta dago. «Zalaparta pixka bat ateratzen dugu eta mutilak eta neskak maila onean gabiltza azkenaldian».
Hernaniko bertsolaritzak duen osasun onaren beste bi erakusgarri dira bai Eli Pagola eta bai Nerea Ibarzabal. Azken Txapelketa Nagusia Maialen Lujanbio hernaniarrak irabazi zuen eta finalean egon zen Unai Agirre, beste hernaniarra, eta Iraulio Panttalone Bertso Eskolako kide diren Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. Ezin ahaztu Agin Laburu ere finaletik gertu geratu zela. Eli eta Nerea bezalako bertsolariekin etorkizuna ziurtatuta dago.
Gainera, neskak indartsu daudela argi dago eta Maialeni erreleboa jasotzeko gai direla argi utzi dute hainbat txapelketa eta saioetan. Eli Pagolak dioen bezala «zalaparta pixka bat ateratzen dugu. Ez dakit Bertso Eskolaren kontua den edo ez. Guk orain harro aitortzen dugu Nerea gurekin dabilela, baina Hernanira iristerako ibilbide luzekoa zen. Gurekin batera Nerea Elustondo legazpiarra ere ibiltzen da».
Aitortzen du Pagolak Bertso Eskola garai polita bizitzen ari dela. «Ez nuke esango nesken artean bakarrik, mutilak ere azkenaldian oso maila onean dabiltza. Ikusiko da bakoitza noraino iritsiko den, baina egia da zorte hori badugula orain eskolan».Nerea Ibarzabalek Bizkaikoa Bizkaian bertan prestatu du. «Orain Hernanin beste txip batekin daude»
Saioak eta txapelketak prestatzen dituzte bertan. Nerea Ibarzabalek, hala ere, Bizkaiko Txapelketa Markinan bertan prestatu du. «Euskal Herrikoa prestatzerakoan bai, hurbiltzen nintzen Hernaniko Bertso Eskolara, txapelketan parte hartzen ari ziren bertsolari asko zegoelako. Baina orain beste gauza batzuetan dute burua, ez txapelketa bat prestatzen, eta egokiagoa da beste bertsolari batzuekin aritzea. Hortan, prestaketetan, dabiltzan beste bertsolariekin nabil orain. Markinarrekin prestatu dut edo Xabat Galletebeitia, Ander Elortegi, Onintza Enbeita eta ni, laurok, egon gara elkartzen. Bizkaiko bertso eskoletara jotzen dugu Bizkaiko Txapelketa prestatzeko. Hernanin beste txip batekin daude orain».
Eli Pagolak dioen bezela. Hernanikoa izan edo ez, eskolan aritzeak ematen du elkartasun edo atxikimendu hori. «Gertukotasun bat sortzen da. Lagun batengatik poztea gauza ederra da».«Gipuzkoako Txapelketan Bertso Eskolako 12 bertsolari inguruk eman dugu izena»
Datorren urteari begira Eli Pagolak Gipuzkoako Txapelketa du begiz jota. «Izena eman berri dut bertan parte hartzeko. Bertso eskolatik dozena bat bertsolari inguruk eman dugu izena. Kopuru zehatza ez dakit zein den, baina dozena bat inguru bai». Giroa ziurtatuta dago eskolan datorren urtean. «Epe luzera ere bide beretik jarraitzeko asmoa dut» dio Pagolak.